Macbeth, William Shakespeare

 

V. ekitaldia

 

 

I. AGERLEKU

 

Dunsinane. Gazteluko Gela bat. Osagillea ta Goi-emakumezho Otseña datoz aurrera.

 

OSAGILLEA: Gau bi egin dodaz zurekin batera yagoten baña zure esanetan ez dot aurkitzen egi-antzik. Noz izan zan oraintsuengoz a ibili zana?

G.E. OTSEÑA: Errege kanpora-ezkero, neuk ikusi dot ori oetik yagiten, gau-yantzi luzea bere bizkarreratzen, bere gelatxoa idigiten, andik ingia (papela) artu, aloztu, an idatzi, idatzia irakurri, gero irakurratza ezarri ta, atzera oera yoaten; baña guzti ori egiten eban artean lo-zorroan.

OSAGILLEA: Izameneko naste andia yatzu ori: lo osasungarria egin eta, erabatera, itxarrik dagonaren egitekoak egitea! Lo zorroko artegatasun orretan, ibilteaz eta ganetiko beste zeregiñak egiteaz ganera, edonoz ezer esaten entzun ete dozu?

G.E. OTSEÑA: Bai, eta nik ezetara be barriro esango ez neunkeana entzun be.

OSAGILLEA: Niri esan zeinskit, eta obeto esango ba'zeunst.

G.E. OTSEÑA: Ez zuri ez beste iñori, nire esana sendesteko iñor izan ezik. Aa, emen dator bera!

 

(Macbeth Anderea dator aurrera, argizai ixituaz.)

 

          Olantxe ibilten yatzu ori egin-eginean; eta, siñetsi egistazu, lo gogorrean. Adi zakioz; urreratu zakioz.

OSAGILLEA: Zelan eldu da argi orretara?

G.E. OTSEÑA: Zelan? Bere aldamenean egoan; etentzake eukiten dau argia aldamenean; bere agindua da ori.

OSAGILLEA: Ba-dakuszu; orren begiak zabalik dagoz.

G.E. OTSEÑA: Bai, baña euren asmamena itxita dago.

OSAGILLEA: Zeri daragoyo orain? Begira, zelan igurzten dauzan eskuak.

G.E. OTSEÑA: Eskuak olan ikuziarena egitea oiturea dau orrek; zeregin orreri ordu-laurenean daragoyola ikusia dot.

MACBETH ANDEREA: Oraindik be orban bat emen dago.

OSAGILLEA: Entzun! Berbetan daragoyo; zer diñoan idatzi egin bear dot, zeatzago ta sendoago yarri dagidan nire oroimenean.

MACBETH ANDEREA: Alde, orban denganiño ori! Alde, gero! Bat; bi; beraz, egitordu da; su-lezea iluna da! Uf! ene yauna, uf! Guda-gizona zu, ta bildur? Zer dala-ta nok yakingoaren bildur gure almenari erantzutekorik iñor ez-ta? Eta orraitiño nok uste eikean agure orrek orrenbeste odol izan eikeanik?

OSAGILLEA: Entzun ete dozu ori?

MACBETH ANDEREA: Fife'ko thaneak ba-eban bere emaztea; non da orain emazte ori? Zer, ez ete dira eskuok eguño garbituko? Orretaz itzik bez geyago, ene yauna, orretaz txitik bez; zure ikaratze orregaz dana galtzen dozu alperrik.

OSAGILLEA: Zoaz, zoaz; zuk yakin bear ez zeunkeana dakizu-ta.

G.E. OTSEÑA: Esan bear ez leukeana esan dau; bai orixe: Yaungoikoak daki orrek zer yakin dauen.

MACBETH ANDEREA: Oraindik odol-sundea da emen; Arabi'ko usain gozo guztiak ez dira asko eskutxo oneri usain ona emoteko. Oi, Oi, Oi!

OSAGILLEA: Ze aspera dogu ori? Orren biotza aztun dago.

G.E. OTSEÑA: Nire soin osoaren ederra-arren, ez neunke izan gura olango biotzik nire bularrean.

OSAGILLEA: Ondo dago, ondo dago, ondo dago.

G.E. OTSEÑA: Yauna, eskatu Yaungoikoari olan izan daiten.

OSAGILLEA: Gatx au ez da nik osatu daikedana; orraitiño nik ezautu dodaz lotan batera ta bestera ibiliak izan-arren, euren oyetan bakez il izan dirianak.

MACBETH ANDEREA: Ikuzi zure eskuak, yantzi zure gauatorrea; ez izan orren zurbil; barriro diñotzut Bankuo lurrean datzala; arek ezin urten leike bere illobitik.

OSAGILLEA: Ori be ba-dogu?

MACBETH ANDEREA: Oera, oera; ate-otsa da: goazan, goazan, goazan, ekazu esku ori; bein egiña egiñik dago; ez dago ori banatuterik; oera, oera.

 

(Alde dagi)

 

OSAGILLEA: Oera yoango ete da orain?

G.E. OTSEÑA: Artez.

OSAGILLEA: Txutxu-putxu zantarrak dabiltz or zabal; izamenaren aurkako egiteak izamenaren erako ez dirian kezkak sortu oi dabez; gogo gexoak euren buruko-azal gorrai esaten dautsez euren izil-muxilek. Orrek osagillea baño bearrago dau Yaungoikoaren laguntzea. Yaungoiko, Yaungoiko, parkatu ta erruki zakiguz guztioi! Yagoizu; aldendu ta ayenatu orregandik kezkarik emon leyon edozer; eta zure begiak ez aldendu orregandik; onenbestez, gau on; orrek nire susmoak egiztau ta nire begiak ikaratu egin dauz; ba-dot nik nire eretxia, baña iñori esateko adorerik ez dot.

G.E. OTSEÑA: Gabon, osagille on.

 

 

 

II. AGERLEKU

 

Dunsinane-alboko lurraldea. Menteith, Caithness, Angus, Lennox, eta gudariak datoz aurrera arratz eta ikurriñekaz.

 

MENTEITH: Ingelanda'ren indarra ur da, zuzendaritzat Malcolm, aren osaba Siward, eta Macduff ona dauzala. Aspergurariz erreten datoz, euren zegaiti maitagarriak gizon mindua odola izurtzera ta gudaketa latzera zirikatzekoak dira izan be-ta.

ANGUS: Birnam basoaren ertzean bat-egingo dogu eurekin: bide ori dakarre.

CAITHNESS: Bai ete-daki iñok Donalbain be bere anayeakin dagonik?

LENNOX: Yauna, eskier dakit ez dagona; neuk dot gizon nagusi-nagusi guztien izen-erreskadea; or dagoz oraintxe be gizatasunaren lenengo aldian diriala iragarten daben Siward'en semea ta bizar-bako gazte asko.

MENTEITH: Zeri daragoyo gizon odoltzaleak?

CAITHNESS: Dunsinane andia ondo sendotzen daragoyo; batzuk zoratu egin yakola diñoe; gorroto gitxiago dautsoenak amorru-kemena dauela dasae; baña, dana dala, gauzak artu daben bidetik ezin eskuratu izango dauz ezetara be.

ANGUS: Orain asmetan dau arek zelan eskuetan gili-gili egiten dautsoen arako ixilean eginiko eriotzak; orain, txitean-piteango matxinadak agiraka egiten dautsoe aren ainbestetan yaneko berba ta zitalkeriari. Bere agintzapean dagozanak aginduaren-aginduz bakarrik igitzen dira; zirkinik be ez maitasunez; orain dakus ondo arek bere aginpidea nasayegi daukola, lapur motxoak gizatoaren yantzia legetxe.

MENTEITH: Nok ezarriko dauste, orrezkero, errurik aren sentzunai, atzeraka egin eta ikaratu ba'daitez, aren barruan dagon oro an aurkitzeagaitik andiak esaten ba'daragoyoe?

CAITHNESS: Ondo dago, goazan aurrera, zuzenez bear dautsagunaren esana egiteko; goazan zorion gexoaren osakaiaz bat-egitera, eta aregaz batera, gure erri au garbitzeko, ixuri dagigun gure azkenengo tantakadarañokoa.

LENNOX: Edo bear dan aña, lora nagusienari ura egin eta bedar txarrak itoteko. Goazan Birnam-aldera.

 

(Alde egin eta yoan doaz.)

 

 

 

III. AGERLEKU

 

Dunsinane. Gazteluko gela. Macbeth, Osagillea ta Otseñak datoz aurrera.

 

MACBETH: Ez ekarri niri barririk geyago; doazala guztiak egaz: Birnam'go basoa Dunsinane'ratu-arte bildur zurbilleak ez dau nirekin zer-ikusirik. Zer yat Malcolm mutilla? Ez ete da emakumegandik yayoa? Gizonen gora-bera ta atzera-aurreak ondo ezagun dabezan beste mundukoak auxe esan dauste: «Ez izan bildurrek, Macbeth; emakumegandik yayokok ez zau egundo azpiratuko.» Orrezkero, ba, igesi, thane azpi-yaleok, eta nastu Ingelandar mizkeri-zaleakin; agintzeko dodan gogoa eta bularrean daroadan biotza ez dira, ez, makurtuko ezpaiz ez eta ikaratuko bildurrez.

 

(Otsein bat dator aurrera)

 

          Txerrenak baltzituko al au arpegi-zurbil denganiño ori! Nondik dakak ata-arpegi ori?

OTSEÑA: Amar milla dira.

MACBETH: Ateak ala, zital?

OTSEÑA: Gudariak, yauna.

MACBETH: Oa, igurdi egik arpegi ori, ta azal gorria imini egiok ire bildurrari, zitori-gibeldun orrek. Ze gudari, adabaki ori! Denganiñoen denganiñoa! Izerazko ire matrallak bildurraren aolkulariak dozak. Ze gudari, gazur-arpegi?

OTSEÑA: Ingelandarren indarra, zure on-eretxiz.

MACBETH: Alde begi arpegi orrek emendik.

 

(Otseñak alde dagi.)

 

          Seyton! Ikusiak berak biotza larritu egiten daust. Seyton, diñot! Matxinada onek edo betiko yarriko nau, edo oraintxe nire yarlekutik kendu. Luzaro asko bizi izan naz; nire bizikerea igartzeraño yatsi da, orri-bellegia da; eta zartzaroaren lagungarri izan bear leukien gauzak, esaterako, omena, maitasuna, esaneko izatea, adiskide-mordoak, nik olangoen begira egoterik ez dot; bai, ostera, euren ordez, añenak, ez zarataka, baña bai biotzbiotzetik; itz utsezko omena, arnasa utsa, ta orixe be biotz gaxoak ukatu-gurako leuke, baña ez da azartzen. Seyton!

 

(Ba-dator Seyton)

 

SEYTON: Zer da maitagarri orren guraria?

MACBETH: Bai ete dok barririk geyago?

SEYTON: Len ekarriko barri guztiak egiztau dira, ene yauna.

MACBETH: Burrukan egingo yoat nire azurretatik aragi guztia urratu ta kenduarte. Ekak nire guda-yantzia.

SEYTON: Bein-beñean ez dozu aren bearrik.

MACBETH: Yantzi egin bear yoat neure burua. Bidali ortik-zear zaldun geyago, arakatu erri osoa alderik-alde; urkatu bildurrik aipatu dagienak. Ekak nire guda-yantzia. Nolan dago zure gexoa, osagille?

OSAGILLEA: Ez txarto be txarto, ene yauna, baña sarri-sarri datorkozan burutapenak kezkaz bete ta loa galazoten dautsoe.

MACBETH: Osatu egiozu gatx ori; gexorik dagoana gogoa izanezkero, ez ete dozu orrentzako osakairik? Atera aren oroimenetik sustar sakonak emoneko naibagea; atera igurtzika garaunetan idatzita dauzan kezkak; eta aiztu eragiteko, itzulietarako osakairen bategaz aren biotza azpian arturik daukan zer aztun eta kaltegarria andik ateratekorik?

OSAGILLEA: Olango gatxaren osakaya noberak artu bear dau, ez iñok emon.

MACBETH: Egotzi egiek osagilletzea txakurrei, nik neuk ez yoat bear ezetarako. Ala, yantzi egistazue guda-yantzia; ekak nire makillea; Seyton, bidali ortik-zear. Osagille, thaneak nigandik igesi doaz. Ala, yauntxo, bidali egizak. Nire erriko ura urtu al ba'zendu, osagille, ze gatx dauen aurkitu, ta garbitu ta lengo osasuneratu, erantzunak barriro yoko leukezan txaloak yoko neunskizuz. Atera ta yaurtin, esan gura dot. Ze usturi, pitusgarri, ze barrua garbitzeko osakaik igurtzien-igurtziz, atera ete legiz Ingelandarrok emendik? Bai ete dozu euren entzuterik?

OSAGILLEA: Bai, ene yaun ona; zure errege-gertakuntzak entzun-eragiten dauskue zeozer.

MACBETH: Ekazu nire atzera. Ez dot izango ez eriotzearen ez edenaren bildurrik, Birnam'go basoa Dunsinane'ra eldu-arte.

 

(Osagilleak ez, besteak alde dagie)

 

OSAGILLEA: Dunsinane'tik urrin ba'nengo egon, irabaziak nekez ekarriko ninduke ona barrien-barri.          (Alde dagi)

 

 

 

IV. AGERLEKU

 

Dunsinane-aldeko lur-arloa: Basoa agirian. Arratz eta ikurriñakaz Malcolm, Siward zarra ta onen Semea, Macduff, Menteith, Caithness, Angus, Lennox, Ross, eta Gudariak, yoan doazala, datoz aurrera.

 

MALCOLM: Lengusuak, lo-geletan bildurbage lo-egin al izateko egunak ur diriala ditxarot.

MENTEITH: Orren ezpairik ez dogu.

SIWARD: Ze baso da gure aurreko ori?

MENTEITH: Birnam'goa.

MALCOLM: Gudariak zugatz-adar bana ausi ta bakotxak berea aurrean eroan begi; olan gure indarra ostendu egingo dogu ta igarri-gurarik dabiltzanak barri okerrak eroango dabez.

GUDARIA: Olantxe egingo dogu.

SIWARD: Guk geuk ez dakigu besterik, gizon anker-ustetsu ori oraindik Dunsinane'n dala ta aren aurrean guri erantzuteko dala baño.

MALCOLM: Orixe da aren itxaropenik andiena; eta izan be, ezetariko erarik emonezkero, gitxi nai asko, matxinadea sortzen dautsoe; ta iñor ez da gelditzen aren bendean bear utsez ezik, eta orreixen biotzak be ez dagoz aren alde.

MACDUFF: Areri buruzko gure esa-mesa zuzenak gorabera, begira dagigun gure eginbearra, ta yokatu dagigun gudari zur-arduratsuen erara.

SIWARD: Urreratuz dator bere ondorenaz zer dogun eta zeren bearra dogun ezagutu ta esan-azoko dauskun aroa. Ekite-aurreko esa-mesak itxaropen ziur ezez beteak izaten dira; ondorengo ziurra zartadak ebatzi bear dabe, eta orretarako eroan aurrera gudea.

 

(Alde dagie, guda-lerroka, urrengorik urrengo)

 

 

 

V. AGERLEKU

 

Dunsinane. Gaztelu-barruan. Arratz eta ikurriñakaz, Macbeth, Seyton, eta Gudariak datoz aurrera.

 

MACBETH: Eskegi gure ikurriñak ate-aldeko ormetatik: Bein-beñeko guda-gedarra au da: «Ba-datoz»; gure gazteluaren indarrak orreik inguratuenari irri-egingo dautso; darrayela emen goseak eta beroenaren aldikadak eurak iruntsirik gelditu-arte. Gureak izan bear leukienak orreikin egotea izan ez ba'litz, euren billa yoango gintzazan adoretsu ta arpegiz-arpegi ta, guk geyago eginda, eurenerantza bultzau. (Emakume-negarra barruan)

          Zer da zarata ori?

SEYTON: Emakumeen negarra yatzu, ene yaun on. (Alde dagi.)

MACBETH: Larri-larri bildurra zelangoa dan be aztuta nago; izan da aldia gau-gedarrik entzunezkero nire sentzunak otziturik gelditzen yatazana; eta iñori gauza itzalik entzunezkero, buru-narrua yagi ta ikaratu egiten yatan, bizia an bai'legoan; orain gauza ikaragarriz narruak artu-alean andituta nago; eriotza-oldozpenak egunean-eguneangoak dodaz-ta, gauzarik itzalenak be ikara bat bera be ezin emon daustie.

 

(Barriro dator aurrera Seyton.)

 

          Zegaitik izan zan arako garrazia?

SEYTON: Errege-Anderea il da, ene yauna.

MACBETH: Geroago il bear eukean, alan onako itz onentzako aldia be izango zanda. Biar, eta biar, eta biar or dator oinkadatxoka ta erdi-tatarrez egunik-egun, itzaren azkenengo ataltxoa be esatekoa-barik esana izan-arte; eta gure «atzo» guztiak zoroai argi egin dautse eriotza austsurarteko bidean. Itzali, itzali, argizagitxo labur ori! Bizia ibilli dabillen itzala baño ez da; antzezlari errukarria yatzu; antzokian dagonartean bein arro-puztu, bein asarretu egiten yatzu ta, gero, ez dozu aren barririk geyago; ergelaren ipuña dirudi: zarata ta bizitasunez betea, baña mamibagea.

 

(Geznaria dator aurrera.)

 

          Miñari eragiteko ator i; esan arin esatekoa.

GEZNARIA: Ene yaun atsegingarri, neronek ikusia dala diñodana esan bear neunke nik, baña ez dakit nolan esan.

MACBETH: Tiruk, be, esan egik, yaun.

GEZNARIA: Mendi-tontorrean zai nengoalarik, Birnam-aldea begiratu neban eta, begiratuaz bat, basoa igika asi zala iruditu yatan.

MACBETH: Guzurti ta yopu ori! (Yo dagi.)

GEZNARIA: Onan ez ba'da, betor nigana zure asarrea. Emendik iru legoa-bidean ikusi zengike ba-datorrela; ibili dabilen basoa diñot.

MACBETH: Ik diñoana guzurra ba'dok, zugatzik urrenetik eskegiko aut bizirik, gosearen-gosez irrintze egin-arte; ik esana egia ba'dok, ostera, ez yaustak ardura euk beste orren beste egingo ba'daustak be. Oraintxe zirti-zarta egiteko gertu nago; eta oraintxe asten naz konturatzen guzurra egi-antzez esan daroan txerrenak ziri ederra sartu eustala: «Ez izan bildurrik. Birnam'go basoa Dunsinane'ratu-arte»; eta orain basoa etorri dator Dunsinane'ra. Artu izkilluak, artu izkilluak eta goazan landara!

          Orrek autortzen dauena egia ba'da, ez dago ez emendik alde-egiterik, ez-ta emen geldi yarraitzerik be. Eguzkia ikustez be aspertuta nago ta mundua ankaz gora yausiko ba'litz gurago neunke. Yo izkilluetarako yoalea! Putz-egin axe orrek! Ator, ondamendi! Gitxienez be guda-yantzia aldean dogula ilgo gara. (Alde dagie.)

 

 

 

VI. AGERLEKU

 

Lengoxea. Gaztelu-aurreko zelaya Arratz eta ikurriñakaz Malcolm, Siward zarra, Macduff, eta abar eta euren Gudaroztea, zugatz-adarrakaz datoz aurrera.

 

MALCOLM: Urrik asko gara; egotzi lurrera zuon orrollo-estalkiak, eta erakutsi zuok zer zarien. Zu, osaba adoretsu, nire lengusu ta zure seme zintzo-zintzoa danarekin, zu izan gure lenengo ekitaldiko buru; Macduff adoretsuak eta nik artuko dogu ganetiko arloaren ardurea, nik ebatziaren arauz.

SIWARD: Ondo ibili. Arrats onetan gizon ankerraren indarra aurkitu ba'dagigu aurkitu, benderatu gagizala, yoten ez ba'dakigu.

MACDUFF: Itz-begie gure adar guztiak; putz-egiezue egin-alean odola ta eriotzearen geznari zaratatsuoi. (Alde dagie.)

 

 

 

VII. AGERLEKU

 

Lengoxea. Zelaiko beste arlo bat. Gudara-otsak. Macbeth dator aurrera.

 

MACBETH: Taketari lotu nautsoe; ezin dagiket igesi, baña, artzak legetxe, nagoan toki onetan burruka egin bear dot. Nor eta zer da emakumegandik yayo ez zana? Orrako orren bildur izan bear dot, edo iñoren be ez.

 

(Siward gaztea dator aurrera)

 

SIWARD GAZTEA: Zer yak izena?

MACBETH: Entzunak berak bildurtuko au.

SIWARD GAZTEA: Ez; ez-ta ire izena su-lezako izenik beroena baño beroagoa ba'dok be.

MACBETH: Macbeth dok nire izena.

SIWARD GAZTEA: Txerrenak berak ez leuskio aipatuko nire belarriari ori baño gorrotagarriago yakon izenik.

MACBETH: Ez, bildurgarriagorik ez.

SIWARD GAZTEA: Guzurra diñok, anker denganiño orrek; nire ezpateaz erakutsiko dauat guzurti utsa azana.

 

(Burruka daragoyoe ta Siward gaztea eranik da.)

 

MACBETH: I emakumegandik yayo intzan, baña nik emakumegandik yayoko gizonek eragiten dauen ezpateari irri ta barre egiten yautsat. (Alde dagi.)

 

Gudara-otsak. Macduff dator aurrera.

 

MACDUFF: Durundua alderdi aretatik dator. Gizon anker, erakus egik ire arpegia! I nire ezpatearen zartadeak ez besterenak eran (il) ba'agi, nire emazte ta seme-alaben mamuak ez nayoek baketan itxiko. Zelan emon nik zartadeak Eire'tar gudari gaxoai, euren izkilluak eroateko alogerean artuak baño izan ez-ta? Nire zartadea iretzako dok, Macbeth, eta ori ezean, agoa amustubage, nire ezpatea atzera bere lekan sartuko yoat, egitekoa egiteke. Arrayo ori or ago, urrean; ots eta durundu ozen ori irea ez bestena ezin izan leitekek. Zori ori, aurkituko al dot a gizona! Auxe ez besterik ez dautzut eskatzen.

 

(Alde dagi. Gudara-otsak)

 

Malcolm eta Siward zarra datoz aurrera.

 

SIWARD: Emendik-zear, ene yauna; gaztelukoak onez gure benderatu dira; gizon ankerraren aldekoak aldea bietan daragoyoe erasoten; thane kementsuak adoretsu daragoyoe ekinaldian; larri-larri dagoneko da eguna zurea ta egitekorik gitxi baño ez dogu.

MALCOLM: Geure aldamenean geugaz batera ekiteko arerioak aurkitu doguz.

SIWARD: Sartu, yauna, gaztelura.

 

(Alde dagie. Gudara-otsak.)

 

 

 

VIII. AGERLEKU

 

Lengoxea. Zelaiko beste arlo bat. Macbeth dator aurrera.

 

MACBETH: Zer dala-ta egin nik arako Erromatar zoroarena ta nire burua neure ezpateaz eran? Iñor bizirik dakustan-artean, nik orrei, eginiko zauriak ederrago emongo dabe.

 

(Macduff dator aurrera.)

 

MACDUFF: Bira-egik, su-lezako txakur orrek, bira-egik!

MACBETH: Beste gizon guztietarik igandik alde egin yoat, baña atzeratu akit; nire gogoa lendik yagok ire odolez beteegi.

MACDUFF: Itzik ez itxaron nigandik; ezpatea dok nire itza; zital ori itzez esan leitekean baño odoltiago az (Burrukan daragoyoe.)

MACBETH: Alperrik abil; niri odola ateratea ez dok errezago ire ezpata zorrotzez ire inguruko eguratsean akatsa egitea baño; ire ezpata-agoa zaurikorren buru-ganera egotzi egik. Nire bizia liluratua ta emakumegandik yayori amore ez egitekoa dok.

MACDUFF: Ez akio entzun ire lilurapenari; eta orainarte i aren otsein izaneko txerrenak esan begisk: «Macduff bere amaren errayetatik garaiz-aurretik atera eben.»

MACBETH: Denganiñoen miña ori diñostana, nire gizatasunak dauenik onena bildur-ikaratu daust-eta! Eta esangura biko itzez ziria sartzen dauskuen txerrenoi ez al dautse iñok siñetsiko: gure belarriari agindu egiten dautsoe, baña gure itxaropenari agindua ausi! Ez yoat egin gura burrukarik ikin.

MACDUFF: Orrezkero nire benderatu adi, dollor ori, ta bizi adi aldiaren ikuskizun eta begirakizun izateko; gure kokomarrorik bakanenak legetxe, abean iminiko yoagu ire irudia ta bere azpian auxe idatzi: «Emen ikusi daikezue agintari biozbageko izana».

MACBETH: Ez nayoak nire burua iñoren bende yarten, Malcolm gaztearen oñetan lurrari mun-egin eta erri zeak niri iñondiko añenak egozteko. Birnam'go basoa Dunsinane'ratu, ta i emakumegandik yayo-eza izan-arren, nikin ekin bear dauena atzeneraño yoko yoat. Nire soñaren aurrean nire guda-ikurdia yarten yoat. Erdu ganera, Macduff; eta denganiñoak eroan begi «Geldi, asko da» leen esango dauena!

 

(Alde dagie, burrukan.)

 

Ekinetik alde-egitea, Eresi aloya. Arratz eta ikurriñekaz Malcolm, Siward zarra, Ross, Lennox, Angus, Caithness, Menteith, eta Gudariak.

 

MALCOLM: Emen ez dirian gure adiskideak onik eta ondo etorriko al dira.

SIWARD: Baten batzuk yoan-bearra da; eta, orraitiño, galduak galdu, egun au lango egun andia merke erosi dogula nik uste.

MALCOLM: Macduff eta zure seme zintzoa ez dira agiri.

ROSS: Zure semeak, ene yauna, gudari onaren zorra ordaindu dau; gizon izaterarte bakarrik bizi izan da; eta bere kemenak orixe erakutsi-ordukoxe, gizonki il zan, egoan lekuan, atzerantza zirkinik egiteke, erasota.

SIWARD: Il da ala?

ROSS: Bai, eta guda-tokitik atera dogu; zure atsekabearen neurria aren gaitasuna ez bedi, orrezkero atzenik ez leuke-ta.

SIWARD: Zauriak aurrekaldetik ete dauz?

ROSS: Bai, aurretik arakoak dira.

SIWARD: Tira, ba; olan ba'da, bedi Yaungoikoaren gudari! Buruan uletan beste seme ba'neuz izan, ez neunskie gurako eriotza ederragorik; eta olan, aren il-yoaleak yota dagoz.

MALCOLM: Ori baño atsekabe geyago zor yako-ta, ori neure kontura.

SIWARD: Ez yako besterik zor; ondo yoan dala diñoe ta bere kontua ordaindu dau; eta olan Yaungoikoa lagun dakiola! Emen dator biotz-nasaigarri barria.

 

(Barriro dator aurrera Macduff, Macbeth-en burua dakarrela.)

 

MACDUFF: Gora errege! orixe zara-ta; begira, non dozun zuri erregetzea ostuko denganiñoaren burua; azke gara orain: zure errege-erriko pitxiz inguraturik zakust eta orreik eurok be nik zuri eginiko agurra bera daukie euren gogoetan; eta orreik eurok be nikin batera zarata ta deadarrez esango al dabe: Gora, Eskolanda'ko Errege!

GUZTIAK: Gora, Eskolanda'ko Errege!

 

(Eresi alaya.)

 

MALCOLM: Aldi-arlo andirik ez yat yoango zuon maitasuna banan-banan aintzakotzat artu ta nire burua zuokin bardindu baño len. Ene thane ta senideok, oraindik aitzina kondeak izan zaiteze, Eskolanda'n egundo izan dirian izen orretariko lenengoak. Onez ganera egiteko dana, bere aldian egingo da, esaterako, agintza anker eta zur orren sareetan ez yauste-arren erbestera igesiko gure adiskideai dei-egin; argitara atera arakin il onen eta, uste danez, bere burua bere eskuz eraneko errege-andera denganiñoaren aginduak bete ebezan biozbakoak; au ta guk egingoaren begira dagon beste edozer bearreko, neurriz, garaiz eta bere tokian egingo dogu, Yaungoikoa lagun. Orrezkero, eskerrak guztioi bertatik, guztioi eta bakotxari, ta gure buruntzaketa-yaya Scone'n ikusteko deya orainganik or dozue.

 

(Eresi alaya. Alde dagie.)

 

Amaya

 

Salta (Argentina)'n

1957'garren urteko Dagonillaren 18'an.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bedita Larrakoetxea

 

 

Macbeth, William Shakespeare
Agertuko diran lagunak / I. ekitaldia / II. ekitaldia / III. ekitaldia / IV. ekitaldia / V. ekitaldia
Sarrerea / Itz gitxi ezagun batzuk

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


susa-literatura.com