Macbeth, William Shakespeare

 

II. ekitaldia

 

 

I. AGERLEKU

 

Inverness. Gaztelu-barruko larraña. Bankuo dator aurrera, zuziagaz aurretik Fleance dala.

 

BANKUO: Zelan yoak gaba, seme?

          Fleance'k. Ilargia yatzi da; ez dot entzun erloyurik.

BANKUO: Ilargia amabietan sartzen dok.

          Fleance'k. Nire ustez, beranduago da, yauna.

BANKUO: Eldu, artu nire ezpatea. Ortzea ez yagok gauzak alperrik galtzera; ango argiak danak yagozak itxungita; orregaz be konturatu adi. Lo-gale beruna baxen aztuna yoat, baña ez yoat lorik egin gura. Aldun errukiorrak, eutsin nagizue lotan izateak yareiten dauzan oldozkune dongeetan! Ekak nire ezpatea. Nor da or?

 

Macbeth dator aurrera, ta Otseña zuziagaz

 

MACBETH: Adiskide bat.

BANKUO: Zer da, yauna, oraindik itzarrik? Errege oyan datza; oituaz-gañetiko pozaldia izan dau ta emaitz andiak bidali dauz zure otsein nagusientzako; ontzi yorian sartuta dagon ikatzarri bikain au zure emaztearentzako bidaltzen dau ta bere ostatari-andera maitagarriarentzako zuzenbidea dakar.

MACBETH: Gerturik ez gengozanezkero gure biotz ona izan da gure utsen betegarri ta ordeazko; baña agerraldia otoz-otokoa izan ezpa-litz, gurariak bere kontura lan egin izango eban.

BANKUO: Ondo dago. Bart arako iru sorgiñakaz ames egin neban; zuri areik egi-izpiren bat erakutsi eutzuen.

MACBETH: Nik ez dautset yaramonik egiten; orraitiño, astirik ba'dogu ta zu orretarako gertu ba'zengoz, orretaz itzalditxo bat egin gengike.

BANKUO: Zeuk gura-aña luzaro ta atsegin-atsegiñez.

MACBETH: Danean dala, nire gurariaren alde yarri ba' zaitez, zure omenerako izango da.

BANKUO: Olan dala, omen ori geitzen nabilen artean bape ez dot galtzen: baña bein-beñean biotza azke dot eta zintzotasuna zindo ta garbi. Aolkuak artuko dodaz.

MACBETH: Bitartean ondo lo-egin.

BANKUO: Eskerrik asko, yauna; bardin euk be.

 

(Bankuo'k eta Fleance'k alde dagie.)

 

MACBETH: Oa ta ire etxandereari esan egiok nire edabea gertau dagianean txiliña yo dagiala. I oa oera.

 

(Otseñak alde dagi.)

 

          Sastakaya ete da emen nire aurrean dakustana, kirtena niganantza dauela? Aurrera, mutil! Eldu bear dauat. Ez aut oraindik eta, orraitiño, oinganik ikusi akust. Ikuskai itzal ori, beste sentzumenentzat ez-ta, ikusmenak bakarrik oartzekoa ete az? Ala irudimen utsak sortuko sastakaya ete az, guzur utsa, garaunen beroaren beroak asmatua? Oraindik baakust ikusi ta oraintxe zorrotik ateraten dodan au legetxe ukagaya az antzez. Neuk neroan bidea erakusten daustak eta olangoxe izkilua erabilteko nintzoan. Nire begiok edo beste sentzunen yolasgarri dira edo beste guztiak batera añakoak: oraindik be ba-akust eu, bai ta ire ago kirteneko odol-tantakadak be, baña oneik ez len. Ez dok olangorik. Nire egikizun odoltsua da ori nire begiai iragarten dautsena. Orain munduaren erdikiñeko izakiak ilik dirudie ta kurtxoin-ostean dagon loari ames zitalak inondiko barrabaskeriak egiten dautsoez. Orain daragoyoe sorgiñak Hekate'ri [2] opariak egiten; eta begiralaritzat otsoa, erloyutzat otsoaren ausia dauan giza-il-eragile zimela, otso-ausiaren deira, lapur-oinkadaka, Tarkin'en [3] urrats lizunekaz, yoan doa bere asmoetarantza, mamua bai'litzan. Ik, lur sendo ta ikarabako orrek, ik ez egikezak entzun nire oinkadak, nondik eta nora doazan, arriak eurak be nire atzera-aurreen barri emonezkero bera beteteko sekuleko erea dodan nire egikizun ikaragarri au eskuartetik kendu ez dagisten. Ni ez yoko bai yoko nabilkon artean ori bizi da; itzak arnasa otzegia emoten dabe egiñenak berotzeko. (Txilin-otsa da.)

          Ba-noa ta egiñik dogu; txiliña deyez dot. Ez al dok entzungo, Duncan, iretzako zerurako edo su-lezarako il-kanpaya dok-eta. (Alde dagi.)

 

Macbeth Anderea dator aurrera.

 

MACBETH ANDEREA: Orreik mozkortu dauzanak berak ni biztu egin nau; orreik itxungi dauzanak ni ixitu egin nau. Entzun! Ixilik! Mozoloaren kallazia (zaratea) izan da, «gau-on»ik latzena emoten dauan yoale-zain zori txarrekoarena. Ba-daragoyo arek; ateak idigi dira ta otscin mozkorrak euren eginbearrari irri dagioe; nik euren edabeari edena nastu dautsat eta bizia ta eriotzea or dabitz alkarreri ekiten zeñek irabaziko.

MACBETH: (Barruan). Nor dago or? Ba!

MACBETH ANDEREA: Ai ene! Itzarri dirianaren bildur naz, eta oraindik egitekoa egikizun da; egiñak bildurtu-bearrez egitekoaren bildur gara. Entzun! Euren sastakayak gertu itxi nebazan, ezin yazo zeitekean arek ez aurkitzerik. Lo egoala nire aitaren antza artu ez ba'neuntso, neuk egin izango neban. Nire senarra!

 

(Barriro dator aurrera Macbeth.)

 

MACBETH: Egitekoa egin dot. Ez zendun entzun zaratarik?

MACBETH ANDEREA: Mozolloa oyoka ta txirritxirriak txirtxirka entzun dodaz. Ez ete zendun itzik egin?

MACBETH: Noz?

MACBETH ANDEREA: Oraintxe.

MACBETH: Berantza nentorrela?

MACBETH ANDEREA: Bai.

MACBETH: Entzun! Nor datza bigarren lo-gelan?

MACBETH ANDEREA: Donalbain.

MACBETH: Au ikuskizun baltza da (bere eskuak begira).

MACBETH ANDEREA: Tentelkeri andia ikuskizun baltza dala esatea.

MACBETH: Batek lo egoala barre egin eban, eta beste batek «Erailtea» gedar egin eban. Olan alkar iratzarri eben; eurei entzuteko zutundu egin nintzan, baña euren otoitzak eginda barriro lotara yarri ziran.

MACBETH ANDEREA: Bi dagoz lo-gela baten.

MACBETH: Batak «Yainkoa lagun bekigu» gedar egin eban, eta besteak «Olantxe»; areik ni lagun-eskegitzalle-eskuokaz ikusi ninduenean arein bildurrari adi, areik «Yainkoa lagun bekigu» gedar egin ebenean, ni neu ez nintzan gauz izan «Olantxe» erantzuteko be.

MACBETH ANDEREA: Ez egizak gauzak olan artu.

MACBETH: Baña zegaitik ez nintzan ni gauz izan «Olantxe» erantzuteko? neu nintzan Yainkoaren laguntzea geyen bear nebana, ta «Olantxe» eztarrian lotu yatan.

MACBETH ANDEREA: Onango egitadai ez yakie onan erago bear, ostean zoratu egingo yaku.

MACBETH: Norbaitek gedar au egin ebala iruditu yatan: «Ez geyago lorik!» «Glamis'ek loa il egin dau, eta au dala-ta Cawdor'ek ez dau geyago lorik egingo, Macbeth'ek ez dau geyago lorik egingo.»

MACBETH ANDEREA: Nor zan olango gedarra egin ebana? Thane adeigarri, gauzak olan buru-makal-antzo artuta ire sendotasun begiragarria erkindu egiten dok. Oa ur-bila lekuko zikin ori ire eskuetatik kentzeko. Zegaitik ekarri dozak sastakayok euren lekutik? Orreik an egon bear yoek; artu ta eroan egizak atzera eta otsein lotiak odoldu egizak.

MACBETH: Ni ez nayonan ara barriro; egin dodana gogoratuten be bildur non; nire begiok egin dodanagan barrien-barri yarten ez non azartzen.

MACBETH ANDEREA: Gogo-makal ori! Ekazak sastakayok: lo dagoana ta ila irudiak ez besterik ez dozak. Ume-begiak dira txarren-irudiaren bildur. Odola dariola ba'dago, odol aregaz odolduko dodaz otseñen arpegiak, eurak errudun agertu daitezan.

 

(Alde dagi. Barruan ate-yoka.)

 

MACBETH: Nondikoa ete da zartada ori? Zelan ete nago ni edozein zaratak bildurtzeko? Ze esku dira oneik? Ene! Eskuok begiak ateraten daustiez! Netun [4] andiaren itxaso nagusiko ur guztiak asko izango ete nire eskuko odola zeatz kentzeko? Ez, urak eskua garbi-bearrean eskuak itxasoak eta itxasoak gorrituko dauz, urdiña gorri-eginda.

 

Macbeth Anderea barrien-barri dator aurrera.

 

MACBETH ANDEREA: Nire eskuok be ireen margokoak dozak, baña lotsa nintzatekek irea lango biotz zuria ba'nayeunkek. (Ate-yoka barruan.)

          Egoe-aldeko ate-yotea dantzut: goazan gure lo-gelara. Ur apur batek ikuziko dau gure egipena. Olan izatekotan bai dala gauza erreza! Ate-yoka ta yoka daragoyozu, baña iñok yaramonik ez. (Ate-yoka ostera be barruan.)

          Entzun! Ostera be ate-yoka; yantzi egik ire lo-atorrea, gu yagita aurkituezkero susmo txarren bat iñok artu ez dagiantzat; ez adi olan tenteldu ire oldozketetan.

MACBETH: Nik egiña yakiteari buruz neronek ez yakitea litzateke onena. (Ate-yoka barriro be barruan.)

          Ire ate-yote orregaz Duncan iratzarriko al dok! Ai al ba'endu!

 

(Alde dagie.)

 

Atezaña dator aurrera. Ate-yoka barruan.

 

ATEZAÑA: Bai, norbait ate-yoka dabil benetan! Gizonik su-lezako ate-zain ba'litz, berandurarte egon bearko leuke ate-idigiten (Ate-yoka barriro). Yo, yo, yo. Nor dago or Belzebu'ren izenez? Ugaritasunaren begira egoneko lugiña dozu emen bere burua urkatuta; erdu garaiz; mai-zapirik asko izan eskura; emen izerdia bota bearko dok ori dala-ta. (Ate-yoka.) Yo, yo! Nor da or beste txerrenaren izenez? Arranoa! Emen egiaren eta guzurraren bien alde zin-egiteko gertu egoneko bat dozu, Yainkoaren izenaren amaikatxo azpikeri egindako maltzurren bat, baña Yainkoari ezin sartu izan eutsan ziririk. O! ator barrura maltzur ori. (Ate-yoka.) Yo, yo, yo! Nor da? Arrano, arranoa! Ingelandar yostunen bat datorku ona, Pantze'tiko galtzerdiak ostu ebazalako. Sar adi i be, yostun, ire koipeok emen urtuteko. (Ate-yoka). Yo, yo! Bein bez atsedenik! Zer zara zu? Baña toki au su-lezea izateko otzegia da. Ez noa emendik aitziña txerren-atezain izaten; lorazko bideak-zear betiko sutegira doazan guztitariko ogibideetariko batzui sartzen izteko gogoa neban nik izan. (Ate-yoka.) Oraintxe! Oraintxe! Arren, bai, arren, ate-zañaz erruki izan. (Atea didigi.)

 

Macduff eta Lennox datoz aurrera.

 

MACDUFF: Adiskide, beranduen baten yoan intzan oera orren berandurarte lo egoneko ala?

ATEZAÑA: Egia esan, yauna, edan eta edan erago geuntsan ollarrak bigarrenez yoarte, eta edabea, yauna, iru gauzatarako da el-bide.

MACDUFF: Zertzuk dira edabeak berariz dei-egiten dautsen iru zerok?

ATEZAÑA: Ara, yauna, oneixek: surra margoztutea, logalea ta txiz-estua. Yauna, lizunkeria da edabeak dei-egiten dautsana ta ez dautsana; lizunkeri-galea dakar ekarri baña bai bete eziña be; au dala-ta asko edana lizunkeriari ziri ederra sartzen dautsana dala esan leike; sortu egiten dau sortu, baña bai ezereztu be; biztu egiten dau, ta bertatik il; «Aurrera»! diñotso ta bertatik: «Atzera»! Erabagia ar-azoten dautso ta bertatik itxi eragin; au dala-ta ziri ederra sartzen dautso lotan eta an izten dau ago bete agiñegaz.

MACDUFF: Siñesten yoat i bart ago bete agiñegaz gelditu intzana.

ATEZAÑA: Ori egin eustan, yauna, baña neuk be ordain ederra emon neutsan, eta nire ustez, arentzako indartsuegi izan-da, batzuetan zangoetatik oratzen eustanarren, nik arteziz yaurtigi neban.

MACDUFF: Ire ugazabak zirkiñik egin ete yok? Gure ate-otsak iratzarri yoek; or yatok bera.

 

Macbeth dator aurrera.

 

LENNOX: Egun on, yaun zindo!

MACBETH: Egun on bioi!

MACDUFF: Erregek zirkiñik egin ete dau, Thane argi?

MACBETH: Oraindik ez.

MACDUFF: Berari goxetik deitzeko agindua emon eustan; larri-larri garayari aurrera yoaten itxi dautsat.

MACBETH: Beragana eroango zaut.

MACDUFF: Au neke atsegingarria yatzu, baña a ta guzti be nekea.

MACBETH: Soin-nekea dakarren lana gogoko yaku. Au da atea.

MACDUFF: Dei-egiten azartuko naz, zeregin au tertzioan egin-bearrekoa dot-eta. (Macduff'ek alde dagi.)

LENNOX: Gaur ete doa Errege emendik?

MACBETH: Bai, gaur; gaurko eguna izentau eban.

LENNOX: Igarokoa gau artegea izan da; gu getzazan etxeko ke-bideak axeak lurrera egotzi ebazan eta, or diñoenez, aidean be negar-intziriak entzuten izan dira, eriotzearen garrazi bakanak; eta etorkizun negargarrirako sortzen dagozan sute itzala ta gizakien arteko naste-borrasteak iragarri ei dabez itz ikaragarriz; gau-txoriak be ixiltzeke erago dautso oyoka atzenbako gau orretan; ba-dira lurra beroenak artu ta ikaratu egin dala diñoenak be.

MACBETH: Gabaro latza izan da benetan.

LENNOX: Nire oroimen gazteak ez dau gabaro orren latzen barririk.

 

Macduff dator ostera be aurrera

 

MACDUFF: Onangorik! Onangorik! Onangorik! Ez miñek, ez biotzek ezin asmau leikie iretzako izenik!

MACBETH ETA LENNOX: Zer yazoten da?

MACDUFF: Naste-borrasteak bere egitekorik andiena egin dau! Giza-il-eragilerik zantarrenak zartadaka Yaunaren izenez igortziaren lokia zulatu dau ta andik soñaren bizia ostu.

MACBETH: Zer diñozu? Bizia ostu?

LENNOX: Erregen buruz ete dinozu?

MACDUFF: Zoaze lo-gelara ta manatu egizue zuon ikusmena Gorgon [5] barri onegaz; ez niri itz-eragin, ikusi ta itz-egin zeuok.

 

(Macbeth eta Lennox'ek alde dagie.)

 

          Itzarri! Itzarri! ta yo asalda-yoalea: erailtzea ta azpikeria! Bankuo ta Donalbain! Malcolm! itzarri zaiteze! Aztindu eriotz-antzeko lo ori, eriotzea bera begiratzeko! Gora, gora, ta ikusi ebaztegun andiaren irudia! Malcolm! Bankuo! Yagi zuon ilobietatik bai'litzan ta erdu mamu-antzo ikuskizun ikaragarri au begiratzeko!

 

(Asalda-yoale-otsa da)

 

Barrien-barri dator aurrera Macbeth Anderea

 

MACBETH ANDEREA: Zer yazoten da adar gorrotagarri orren otsez etxe onetan lo dagozanak batzarrera deitzeko? Esan, esan!

MACDUFF: Andera zindo ori, nik esan dagikedana entzutea ez da zuretzakoa; barrien-barri emakume-belarrira esateak entzun-ala eriotzea lekarkio.

 

Bankuo dator aurrera barriro.

 

          Ene Bankuo! Ene Bankuo! Eure Errege ugazaba il egin dabe!

MACBETH ANDEREA: Ai enetxoa! Ai enetxoa! Zer? Gurean?

BANKUO: Gogorregia edonorako be. Duff maite, itzok yan egizak, arren, eta olangorik ez dala yazo esan egik.

 

Macbeth eta Lennox datoz aurrera barrien-barri

 

MACBETH: Au ikusi baño ordubete lenago il ba'nintz, zorioneko bizitzea izango neban, une onetatik aurrera nire biziak ederrik ez dau-ta; yostallu utsa baño ez da dana; entzute ona ta adeya biak il dira; bizitz-ardandegi onetan, ardoa aterata, ardodunaren arrokizuntzat ondar-loi utsak geditu dira.

 

Malcolm eta Donalbain datoz aurrera.

 

DONALBAIN: Ze oker yazo da?

MACBETH: Zeu izan, eta ez dakizu? Zure iturri, buru ta zure odolaren iturburua agortu da: iruron iturburua agortu da.

MACDUFF: Zure aita Errege il egin dabe.

MALCOLM: Ai ene! Nok?

LENNOX: Dirudienez, bere lo-gelakoak il dabe; euren esku ta arpegiak odolduta agiri dira, baita euren burukoen gañean, garbitzeke aurkitu doguzan sastakayak be; adi-adi begiratu ginduezan baña ez eben ezer iragarri. Gizonen bizirik ezin itxi zeitekean arein ardurapean.

MACBETH: Tz! Nire asarre bizian areik illaren damu dot.

MACDUFF: Zegaitik egin zendun ori?

MACBETH: Nor izateko zur eta ebatzi-ezin, bare ta asarre, zintzo ta ez-aldeko une berean? Ez gizonik. Nire maitasunaren maitasunak lenen bururatu yakona egin eban, adimen bareagoari aurreak artuta. An egoan Duncan luze etzanik, bere zidar-narrua an-or-emenka odolezko orbanez beterik, eta bere sastakai-zuloak an agiri zirian ago-zabalik, eurak-zear barrura ondamendia sartzeko izatearen atakea bai'litzazan; bestetik, antxe il-eragilleak, euren ogibide-margoz bete-beterik, euren sastakayak edozelan odol gogorrez yantzita ebezalarik; nok eutsin eskuari, maite izateko biotzik eta maitasun ori erakusteko kemenik danezkero?

MACBETH ANDEREA: Lagun zakidaze emendik alde egiten. Ai enetxoa, bada!

MACDUFF: Yagon anderea.

MALCOLM: Zer dala-ta dagoz geldi gure miñak, arazo au geyen geurea danezkero?

DONALBAIN: Zer esateko guk emen? Laratro-zuloan legetxe gagoz, gitxien uste danean berealakoan oratu gengikiez eta gureak egingo leuke-ta? Alde dagigun emetik; gure negarmalkoak oraindik sortzeko dira.

MALCOLM: Gure oñaze gorria be oraindik eragiteko da.

BANKUO: Yagoizue anderea

 

(Macbeth Anderea atera daroe.)

 

eta agirian txarto dagozan gure lotsakizunak estali dagiguzanean, batu gaitezan, eta egipen odoltsu au zeatzago aztertu dagigun, obeto ezagutzeko. Bildurrak eta kezkak astintzen gauez; Yainkoaren esku indartsuetan nago ta, ori dalata, ixilean dagon azpikeri maltzurraren aurka gogor yokatzeko gertu nago.

MACDUFF: Bai neu be.

GUZTIAK: Guztiok be bai.

MACBETH: Astirik galtzeke gagozan gertu ta batu gaitezan batera aretoan.

GUZTIAK: Ondo erabagita.

 

Malcolm eta Donalbain'ek ez besteak alde dagie

 

MALCOLM: Ik zer egiteko asmoa dok? Ez gayoazan orrein batzarrera; gizon guzur-darioentzako gauza erreza dok oñazearena egitea. Ni neu Ingelanda'ra nayoak.

DONALBAIN: Ni Eire'ra; banazeko zoriak obeto yagongo gauz; gagozan toki onetan gizonen irri-barreetan sastakayak yagozak; odolez urrego dan eta odoltsuago izateko bidean.

MALCOLM: Eriotza bat egin dauen aztamakil ori oraindik ez dok eldu lurrera, eta guretzako biderik egokiena ta galbiderik gitxienekoa aren itutik alde egitea dok... Beraz, zaldi-ganera, ta agur-egite-koipekerietan ibilteke zirrist-egin emendik. Errukirik ez danean bere burua ostonduten dauen lapurra lapur zurra dok.

 

(Alde dagie.)

 

 

 

II. AGERLEKU

 

Lengoxea. Gaztelutik at Ross eta Agure bat datoz aurrera.

 

AGUREA: Irurogeta amar urte oneitako gauzak ondo gogoratzen dodaz; aldi orretan ordu bildurgarriak eta gauza bakanak ikusia nozu, baña bartkoen aldean utsa dira areik.

ROSS: Ai! Aita ona, ba-dakuszu zerua, gizonaren egiñenak asarratuta, bizileku oneri zemaika dabillena; dagoneko egunak argituta egon bear leuke, eta orraitino gau illunak argi bideztia itoten daragoyo, idunetik oratuta; gaua geyago dalako ala eguna lotsa dalako estaltzen ete dau illunbeak ludiaren arpegia, argi biziak mosu-emon bear leuskion tertzioan?

AGUREA: Au ez da berezkoa, egiñenak be ez dirian lez. Igeroko Asteartean aztore bat ebillen arro egaz goi-goyan eta, ara! mozollo sagu-yale batek oratu ta il egin eban.

ROSS: Eta Duncan'en zaldiak gauza bakana ta ziurra auxe eder eta bizkorrak, euren endearen kutunak, euren izakeran basati ta uxo egin zirian, euren aska-abeak ausi ta igesi egin eutzuen; menpetasunaren aurka yagi zirian, gizadiari guda-egiteko-edo.

AGUREA: Alkar yan ebela diñoe.

ROSS: Orixe egin eben egin be, arriturik begiratzen eben neure begion aurrean. Emen dator Macduff ona.

 

Macduff dator aurrera

 

          Zelan doaku mundua, yauna?

MACDUFF: Zer, ba, ez dakutzu zeuk ala?

ROSS: Ezagun ete da odoltsua baño odoltsuago dan egiñen au nok egin dauen?

MACDUFF: Macbeth'ek il dauzanak.

ROSS: Ai ene! Ai ene! Zer onik itxaro eikien ortik?

MACDUFF: Areik erosita egozan; Malcolm eta Donalbain, erregeren seme biak, ixillean igesiak dira, eta egiñenaren susmoa euren ganean dago.

ROSS: Ori be ez da berezkoa; irabazirik ez datorkon andikeria, bizibideak kenduko dautsiezana! Olan izatekotan, ezpaibage Macbeth izango da errege.

MACDUFF: Dagoneko dago izentaurik, ta Scone'ra yoango da erregetzea an artzeko.

ROSS: Non da Duncan'en gorpua?

MACDUFF: Colme-Hill'era eroana da; an dago bere aurrekoen azurtegi gurena ta azurrok yagoten dauzan tokia.

ROSS: Scone'ra zoaz zeu be ala?

MACDUFF: Ez, lengusu, ni Fife'ra noa.

ROSS: Ondo dago, ni ara noa.

MACDUFF: Ori ondo, gauzak ondo eginda ikusiko al dozuz. Agur. Yantzi zarrak ez ete yakuz etorriko barriak baño obeto?

ROSS: Agur, aita.

AGUREA: Yainkoaren onespena zuretzako ta txarretik ona ta arerioetatik adiskideak egin gurako leukiezan guztientzako

 

 

2. HEKATE, su-lezetan agintze andiko anderea. Birgili'k «caeloque Ereboque potentem» (Aeneis VI, 247), bai ortzean bai su-lezan indartsua, ereisten dautso.

3. TARKIN, Erroma'ko lenengo erregeetarik zaspigarrena ta azkenengoa yatzu emen. Onen semea Sesta'k, lizunkeri-irrits eutsi-eziñak bultzauta, Lukertze emakume on-maratz eta sendi urtenekoa ta ezkondua, indarrez eta gabaz, laidotu ei eban. Yazokune baltz eta iguingarri onek Erromarrak asarre bizitan yarri ebazan, eta iguñaren iguñez erregea ta erregeak bein betiko ortik-zear bidali ebezan eta errege-agintza-ordez Erkal-agintzea sortu-azo.

4. NETUN, itxaso-errege, Erroma'tarren mito-iztiz.

5. GORGON. Izen au iru aiztak eroyen. Euzkeldunen-artean nok ez dau entzun neguko gau luzeetan, esaterako, «giz-otsoaren» ipuña? Giz-otsoa ez da ez gizon uts-osoa, ez otso uts-osoa. Olango zer bakanak zirian Gorgonak be: ez emakume uts-oso, ez suge uts-oso. Soñak emakumearenak zirian, baña euren buruetan ule-ordez suge kirimilduak ebezan. Ebezan esan dot, ei ebezan esan-bearrez, alango izakirik izan ezpaita izan. Gorgonok begiratzen eben oro arri egiten ei eben.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bedita Larrakoetxea

 

 

Macbeth, William Shakespeare
Agertuko diran lagunak / I. ekitaldia / II. ekitaldia / III. ekitaldia / IV. ekitaldia / V. ekitaldia
Sarrerea / Itz gitxi ezagun batzuk

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


susa-literatura.com