Benetako adizkidia

 

Jon eritxon mutilla mutil zintzua zan.

      Basetxe baten bixi zan.

      Beronek jatekuak gertau (prestu) ta egunian-egunian baratzian egiten eban lana.

      Lurralde atan ezeguan beria baño baratz (jardin) politagorik.

      Gustitariko lorak eukozan bertan. Larrosak, klabeliñak, txidarrak (alelíes), lillipak (narcisos)-eta eurrez azten yakozan.

      Orixe zala-ta, Jon'en baratzian beti egoten ziran lora politak begijen atsegiñerako ta usain gozua surren pozkarrirako.

      Gure mutillak adizkide asko eukozan. Baña beretzako adizkiderik onena Errotarija zan.

      Errotari aberats onek bein baño sarrijago matasuna erakutsi eutson, Jon'en baratz-aldetik igarotian bertako kerexa ta okaran gorrijak edo lora-txortak arrapau ta etxera eruanaz.

      Benetako adizkidiak auxe egin biarko leukie: adizkidiena dana artu, eurena ba'litz lez Errotarijak sarri esan eroyan.

      Eta Jon'ak, irri-barreka ta burubaz, bayetz esaten eutson. Gure mutillak aintzat artuten ebazan beti adizkidiaren esanak.

      Errikuak, baña, mor-morka ibilten ziran, Erotari aberatsak ezer emoten ezeutsolako mutillari lora ta igalijen (frutien) truke, etxian uruna ugari ta sei bei esnedun eta artalde andija euki-aren.

      Baña Jon'ak konturik artu ez.

      Beronek naikua eukon, benetako adizkidetasuna dala-ta-eztala Erotari malmutzak esaten ebanagaz. Pozik eguan gure mutilla, Erotari jakitunaren adizkiderik onena zala jakiñik.

      Len esan dogun lez, Jon'ak baratzian egiten eban egunoroko biara.

      Udabarijan, udan eta udagoyenian zorijonekua ixaten zan. Baña neguban ezeban lorarik ez igalirik artzen, merkatura eruateko. Eta arezkero, gosia ta otza laguntzat eukiten ebazan.

      Bein baño geyagotan oera juan biar ixaten eban ija ezer jan-barik.

      Orez gañera, neguban aurkitzen zan beti bakar bakarik, Erotarija etzan bera ikusten juaten-eta. Edura dan bitartian, etxat ondo etorten Jon ikusten juatia Erotarijak esaten eutson emaztiaki-. Estu ta lari iñor dabillenian, obe da bakarik itxi, ikertaldirik (bisitarik) egin barik. Neuk beintzat olan atuten dot benetako adizkidetasuna, ta uste dot zuzen nagola. Itxarongo dot, ba, udabarija eldu-arte. Orduban egingo dautsot bisitatxu bat. Berak emongo daust burdibete lora, ta killu! Geyagorik biarko ete dau gure mutillak, zorijonekua ixateko?

      Ardura laregi artzen dozu geidiagatik (lagun-ur

      kuagatik) emaztiak erantzuten eutson, su-onduan, nasai-nasai jezarita-. Biar dan baño ardura geyago artzen dozu, bai. Atsegingarija da, ixan be, zeuri entzutia adizkidetasuna dala-ta-eztala esan daruazuna. Ziurtzat daukot eriko abadiak be eleukela zeuk baño obeto itz-egingo.

      Baña ezin Jon'i esan ona, gurera etorteko? Errotarijaren seme gastiak itandu eutson oni. Jon gaxua estu ta larri ba-dabil dirurik eztaukolako, neuk jaten emongo neuskio. Bata etxian daukodazan koneju zurijak erakutsi be.

      Zeu zara tentela! Errotarijak esan eutson semiari. Eztakit zetarako bidaltzen zaitugun ikastolara, milla arrayetan! itxuraz, eztozu askorik ikasten. Eztozu igarten, ba, Jon gure adizkidiak ona etorri-ezkero, bekatxa (enbirija) sentiduko ebala, etxe onetako su ederra ta janari-edari gozuak ikusita? Eta bekatxa gauza ikaragarrija da: mutillik onenak galdu ta ondatu daruaz. Tamal andija ixango litzake Jon-lako mutil zintzua olan galdutia. Neu bere adizkiderik onena naz, bai?, ta zaindu biarrian nago, olako arriskubetatik alde-eragiteko berari. Orrez gañera, Jon ona ba'letor, urrian eskatuko leuskit urun-apur bat, beste egunen baten ordaintzeko (pagetako), ta ori eziñezko gauzea da. Uruna da gauza bat eta adizkidetasuna beste bat. Eztira bijok nastau biar.

      Sekuleko edertoen egiten dozu itza (berbia)! Errotarijaren emaztiak esan eutson oneri, garagardao (cerveza)-dangada ona artuta. Zeuri entzuten ija lotan geratu naz, elexan ba'nengo lez.

      Notin (persona) askok egite onak egiten dabez Errotarijak esan eban, baña gitxik dakije ondo itz-egiten. Orrek adirazoten dau gatxagua ixaten dala ondo itz-egitia egiñen onak egitia baño. Gatxagua ezeze, ederragua be bai.

      Ori esanda, semiari begirada itxala bota eutson.

      Au, lotsaz gorri-gorri eginda, buruba makurtu ta negarrez asi zan.

      Bai, ba, ume-umia zan-eta...

 

 

Udabarrijagaz batera, lorak jayo ta azten ziran.

      Orduban Errotarijak emaztiari esan eutson Jon ikusten juan biarko ebala.

      Zeuk daukozu bijotz ona! emaztiak erantzun eutson. Beti iñoren arduriaz! Ez aiztu, baña, zaran andija eruaten, loraz beterik ekarteko.

 

 

Gure Errotarija, beso-azpijan zarana eroyala, Jon'en etxera eldu zan.

      Egunon, adizkidia mutillari esan eutson.

      Bata zeuri be Jon'ak, barrez ta pozik, erantzun eban.

      Zelan konpondu zara neguban?

      Ondo, gustiz ondo. Eskarrik asko zeure arduragatik. Une (momentu) txarrak be ixan nebazan. Baña udabarrija eldu da onezkero, ta zorijonduna naz, lora gustijak ondo datorkidaz-ta.

      Bein baño geyagotan atatu zaitugu gurian. Eta alkarri itanduten (preguntetan) geutson: «zelan atonduko ete-da negu onetan gure adizkidia?».

      Eskarrik asko. Zu adizkide zintzua zara. Nik uste neban ija aiztuta eukiko ninduzubela.

      Pentsau be olakorik! Errotarijak erantzun eutson. Bakixu egizko adizkidiak eztaula lagunik aiztu biar. Adizkidetasuna gauza andija da, zeuk ondiño ulertuten eztozuna. Baña beste ari batera jota, zeuk daukozuz larrosa politak!

      Bai, gustiz politak dira. Eta ezta zorijon txikija niretzat orrenbeste larrosa eukitia. Merkatura eruango dodaz bijar. Eurak salduta artu dagidazan dirubakin, neguban saldu biar ixan neban esku-burdija atzera ekarriko dot.

      Esku-burdija saldu zendubala? Bestelako tentelkerija!

      Bai, tentelkerija ixango da Jon'ak esan eban, baña eneukon beste biderik gosez ez ilteko. Bakixu neguba aldi txarra dala niretzat. Eta eneukon zer jan. Lenengo saldu neban jayegunetarako neukon janzkija. Gero zidarrezko estuntzea (katia). Onen urrengo pipa andija. Eta, azkenez, esku-burdija. Baña laster ekarriko dodaz atzera gauza gustijak.

      Ia, Jon, neuk emongo dautzut nire esku-burdija. Eztago osorik. Alde batian zulatuta dago ta txirringea be apurtuta dauko. Baña tira!, ori ta gusti be, ederto etorriko yatzu. Bakit esku-burdirik eztaula edonok emoten, bezuza (erregalu) andija da-ta. Baña ezta ardura: zeuk dakixunez, enaz zekena, eskuzabala baño. Nire ustia da olako gauzak egin biarko litzakezala beti adizkidien artian. Baña ez estutu orregatik, niretzat esku-burdi barrija erosi dot-eta.

      Zeu zara eskuzabala, eskuzabalik ixatekotan! Jon'ak esan eutson. Eta arpegija, arpegi alaya ta biribilla, pozaren pozez, argitu yakon. Burdija apurtuta ba-dago be, ezta ardura. Neuk konponduko dot, orretarako biarko dodan ola etxian daukot-eta.

      Ol bat daukozula etxian? Errotarijak esan eutson. Egin-egiñian be, orixe baño eztot biar nire aletegiko sabaya atonduteko. Zulo andija dauko, bai?, ta gari gustija ezotu ta galduko da, estalduten ezpa-dot. Ordu onian esan dozu ol bat daukozula. Egiñen on batek beste egiñen on bat ekarri darua. Nik esku-burdija emon dautzut. Eta orain zeuk ola emongo daustazu. Jakiña: esku-burdijak olak baño geyago balijo dau. Baña benetako adizkidiak eztau ori ainzat artzen. Beriala emoten ba-daustazu zorijoneko ol ori, oba, gaur bertan aletegijan ipiñi gura neuke-ta.

      Tira, ba! Jon'ak erantzun eutson. Eta txabolara zuzenduta, ola ekarri eban.

      Ezta andi-andija Errotarijak esan eban, eta uste dot aletegiko zulua atonduta gero etxatzula esku-burdija konponduteko biarko dozun beste geratuko. Baña ori ezta nire erruba. Beste gauza bat, mutil. Esku-burdija emon dautzudanezkero, uste dot pozik emongo zeustazala lora batzuk, ezta? Ona emen zarana. Zeu konponduko zara berau beteten.

      Zaran au bete? Jon'ak, ija naigabez, esan eban.

      Bai, ba, zoritxarreko zarana andi-andija zan, eta bera bete-ezkero, etxakon saltzeko lorarik geratuko.

      Bai. Esku-burdija emon dautzudulako, eneban uste larregikeririk ixango zanik lora batzuk eskatzia. Oker ezpa-nago, egizko adizkidien artian ezta neurerik ez zeurerik egon biar.

      Oi, adizkide matia! Jon'ak esan eban. Baratzeko lora gustijak zeuriak dira. Zure adizkidetasuna gurago dot, jayegunetarako janzkija baño.

      Eta larrosa gustijak artu ta Errotarijaren zarana bete eban.

      Agur, Jon matia Errotarijak esan eutson, ola besapian eta zarana sorbalda-gañian eroyazala, baratzetik alde-egin ebanian.

      Agur! Jon'ak, gogoz ta sutsu, erantzun eutson. Eta atxurra eskubetan eukola, lanari egiten asi yakon, alai ta pozik, ibilli ta ibilli esku-burdija eukiko ebala-ta.

 

 

Bijaramonian, baratzian biarrian eguala, bidetik dei-egiten eutson abotsa entzun eban.

      Ariñeketa baten, baratza inguratzen eban orma-gañetik begiratu eban.

      Gure Errotarija zan, sorbalda-gañian urun-zorro (saku) andija ta aztuna ekarrana.

      Zu, Jon oni esan eutson. Eruango ete-zeustan zorro au azokara (merkatura)?

      Tamal andija da, baña gaur ezin, lanez beterik nago-ta.

      Zer lan eta zer lan-oste! Esku-burdija emongo dautzudala goguan ba-daukozu, uste dot biartuta zagozala eskar (mezede) au egiten.

      Tira, ba! Eruango dautzut, bai, zorrua. Eneuke gura bada-ezpadako adizkidia nazanik zeuri entzutia.

      Eta txapela buruban jantzita, zorro aztuna, nekez ba-zan be, sorbaldan artu ta merkaturantz abijau zan.

      Bero andiko eguna zan. Bidia autsez beterik eguan.

      Ibilli ta ibilli, jezarri ta atsedena (deskantsua) artu biar ixan eban, gustiz nekatuta aurkitzen zan-eta.

      Andik laster, bidiari barriro ekin eutson. Azokara eldu zan.

      An luzaro egonda gero, saneurri (prezijo) onian zorrua saldu eban.

      Orixe eginda, etxerako bidia artu eban.

      Ben-benetan, egun txarra ixan dok niretzat gaurko eguna etxian egualarik gure mutillak kolkorako iñuan. Baña, tirok, pozik nayagok Errotarijari ezetzik esan eztautsodalako, adizkiderik onena orixe yuat-eta. Orrez gañera, kontuban euki biar yuat esku-burdija emongo yaustakala.

 

 

Urrengo egunian, goiz-goxetik, Errotarija etorri zan atzera, urun-zorruaren txindija (diruba) artuten.

      Baña Jon, gustiz nekatuta eguan-eta, oian aurkitzen zan.

      Itxuraz Errotarijak esan eutson alper bat baño etzara. Nire ustez, lan geyago egin biarko zeunke, esku-burdija emongo dautzudanezkero. Alperkerija gauza txarra da, ta eneuke gura adizkide alperrik euki. Argi ta garbi esaten ba-dautzut be, etzeunke asarratu biar. Benetako adizkidia ezpa'nintz, eneuskixu esango.

      Zuzen zagoz Jon'ak esan eban, begijak igortziz. Baña oso nekatuta nenguan-eta, beste egunetan baño pizkat geyago lotu naz oian. Bide-batez, txorijai abesten entzun gura neutsen. Eztakixu atsegin geyagoz egiten dodala biarra txorijai entzun ezkero?

      Tira, ba; poztuten naz Errotarijak esan eutson, leun eta matero, sorbaldan jota. Bakixu zegatik? Neugaz errotara etorri biarko dozulako, oetik jagi ta beriala, aletegiko sabaya atonduten.

      Gure mutillak biar andija eukon baratzian, lorak busti ta jorratu-barik eukozan-eta. Baña etzan azartu Errotarijari ezetzik esaten, beretzat adizkide on-ona zalako.

      Zu, Errotari, gauza bat. Bada-ezpadako adizkidia lez agertuko nintzake zure aurrian, biar asko daukodala-ta zure aginduba ezin dodala bete esango ba'neutzu? lotsaz gorrituta Jon'ak itandu eutson.

      Jakiña! Eztot uste, eskatu dautzudana eskatzia larregikeririk danik. Goguan euki biar dozu esku-burdija emongo dautzudala. Baña dana-dala, ezetz esaten ba-daustazu, neronek atonduko dot aletegiko sabaya Errotarijak erantzun eban.

      Ez orixe! Neuk egingo dautzut.

      Jon zintzua oetik jagi ta Errotarijaren aletegira juan zan.

      Egun gustijan, eguzkija ostendu-arte, lanari ekin eutson.

      Errotarija illuntzijan etorri yakon, lana zelan eguan ikusten.

      Ondo atondu dozu sabaiko zulua, Jon? alai-pozkor itandu eutson.

      Bai, ba-dago atonduta.

      Eztago lan atsegingarrijagorik, iñori egiten dautsogun lana baño, ezta, mutil?

      Gustiz ederto itz-egiten dozu Jon'ak erantzun eutson Errotarijari, bekoki-ixerdija kentziaz. Baña ixan leike zure uste ederrik nik sekula be ez eukitia.

      Ez estutu orregatik. Olako uste ta asmo ederrak zeuri be etorriko yatzuz, etorri ez? Baña orretarako alegiñak egin biarko dozuz. Orain arte eztaukozu adizkidetasunaren ekintzea (práctica) baño. Noizpait eukiko dozu zeuk be adizkidetasunaren ustarija (teoría).

      Eta zeuk uste ete-dozu ori lortuko dodanik?

      Lortu (kontsegidu) ez? Bai bein! Baña sabaiko zulua atondu dozunezkero, obeto egingo zeunke orain, atsedena (deskantsua) artzen zure etxera juango ba'zintzaz, bijar artaldia mendira eruan biarko daustazu-ta.

      Jon'ak ezeutson ezetzik esan.

        Bijaramon goxian Errotarijak artaldia ekarri eutson Jon'i.

      Eta onek, ardijok artu ta mendira eruan biar ixan ebazan.

      Juan eta etortiagaz egun gustija galdu eban.

      Etxera eldu-orduko, nekatuta eguan gustiz.

      Eta arki (silla) baten jezarri ta luak artu eban. Urrengo goiz-erdirarte etzan itxartu.

      Auxe dok eguraldi ederra baratzian biar-egiteko! barrurako esan eban.

      Baña onegatik edo orregatik ezin iñoiz lorarik zaindu.

      Errotari adizkidia sarri elduten yakon, agindu bat edo beste emoten, edo errotara beroni lagun-egiten juateko eskatuten.

      Jon gaxua atsekabez beterik egoten zan, baratzeko lorak galduko yakozalakuan. Baña barriro poztuten zan, adizkiderik onena Errotarija zala gogoratziaz.

      Orrez gañera kolkorako esaten eban, esku-burdija emongo ei-yaustak. Eta au etxok edonok egiten.

      Orretara, gure mutillak Errotarijarentzat egiten eban biarra, onek adizkidetasuna dala-ta-eztala gauza politak esaten euzan bitartian.

      Gauza onek Jon'ak ingurrazti (kuaderno) baten idazten ebazan, gabian irakurri ta gogoratzeko, mutil ikastuna zan-eta.

 

 

Gau baten, gure mutilla su-onduan jezarrita egualarik, atian jo eben.

      Gau atako eguraldija txar-txarra zan.

      Axia orruka ebillan. Eta euri-zaparrada andijak jausten ziran.

      Orixe zala-ta, Jon'ak pentsau ixan eban axia ixango zala atian ots-egiten ebana.

      Baña bigarrenez ta len baño gogorrago jo eben.

      Bidaztiren bat ixango dok, urrian Jon'ak barrurako esan eban, atera zuzenduta.

      Atia zabaldu ta ikusi eban gure Errotarija, esku batian argontzija (parola) ta bestian makilla sendua eukozana.

      Jon matia Errotarijok esan eutson, eztakixu zelako atsekabe andija daukodan! Seme txikijak zurubitik (eskilleratik) bera jausi, bai?, ta miña artu dau. Osagilliaren billa juan gura ixan dot. Baña alde batetik urrun bixi dalako ta bestetik eguraldi txarra dagolako, otu yat ona etortia, zeu bere billa juan zadixan. Bakixu esku-burdija emongo dautzudala. Beraz, zeozer egin biarko zeunke nire aldez.

      Eskarrik asko estura onetan nigaz gomutau zaralako. Berialako baten asiko naz ibilten. Baña argontzijoi itxi biarko zeustan. Gau illuna dago-ta, nunbait jausteko bildurra daukot.

      Tamalez, ezingo dautzut argontzirik itxi Errotarijak esan eban. Barri-barrija da, bai?, ta atsekabe andija artuko neuke, galdu edo apurtuko ba'zeu.

      Tira, bardin daust. Argontzi-barik juango naz Jon'ak esan eutson, narruzko jakia ta txano gorrija jantzita.

      Eta lepokua (bufandia) sama-inguruban ezarri ta beste-barik etxetik urten zan.

      A zan ekaitz gogorra! Gaba illun-illun euzan-eta, Jon'ak ezin ezer ikusi.

      Axe indartsuba ebillalako, ezin zutunik egon.

      Baña adoretsuba zan gure mutilla, bai?, ta iru orduko bidia eginda gero, osagilliaren etxera eldu ta atian jo eban.

      Nor da? osagilliak itandu eban, leyotik buruba atarata.

      Neu naz, osagille jauna.

      Zer biar ete-dozu, Jon, ordu onetan?

      Errotarijaren semiak zurubitik bera jausi ta miñik artu ei-dau. Errotarijok diño ainbat lasterren juateko.

      Tira, ba osagilliak erantzun eban.

      Eta zaldija, oski (zapata) lodijak eta argontzija artu ta bidiari ekiten asi zan.

      Jon gaxua atzetik joyan, oñez ta nekez.

      Geruago ta ekaitz andijago. Eurija uyolka jausten zan.

      Jon'ak ezekijan oñak nun ipiñi. Ibilli ta ibilli, galdu zan.

      Alako baten zulo sakon batera mutil zorigaiztokua jausi ta ito zan.

 

 

Bijaramonian artzain batzuk mutillaren gorpuba basa-artian aurkitu ta bere etxera eruan eben.

        Erriko lagun gustijak juan ziran Jon'en iortzira (entierrura), danok mate eben-eta. Gure Errotarija gente gustijen aurretik, buruban, joyan.

      Bere adizkiderik onena nintzan-eta beronek esaten eban lekurik agirijenian jarri biarko naz.

      Gixatalde gustijaren aurrera joyan, bada, gure Errotarija.

      Jantzi zabal (kapa) baltza ta luzia eroyan. Eta lantzian-bein begijak igortziten ebazan zapi andi bategaz.

      Egiz esan lei tamal andija artu dogula danok Jon'en erijotziaz, mutil zintzua ta esanekua zan-eta errementarijak esan eban, gorpuba lurralduta (lurrera sartuta) gero ardandegijan (tarbenan) nasai-nasai jezarrita, danok jaten eta edaten egozanian.

      Neuk beintzat tamal andija daukot Errotarijak erantzun eutson. Beretzat adizkiderik onena nintzan. Eta esku-burdi bat eta gusti eskiñi neutson. Orain eztakit zer egin zorijoneko burdijagaz. Etxian enbarazua baño eztaust egiten. Eta gustiz apurtuta dagolako, eleuskide ezer emongo salgei ipiñiko ba'neu. Emetik aurrera eztautsot iñori ezer emongo. Ezta ezta!...

 

 

© Oscar Wilde

© itzulpenarena: Joseba Altuna

 

 

Ipuñak, Oskar Wilde
Irakurle euzkeldunari / Bakaldungai zorijontsuba / Urretxindorra ta larrosa
Erraldoi berekoya / Benetako adizkidia / Ziziriko ospetsuba / Ume ixarra

 

 

"Oscar Wilde" orrialde nagusia


susa-literatura.com