Eguzkiak orain gogor jotzen zun itxas-aizea eraikitzen ari bazan ere goxoki.

        Egokiago izango duk amuzkia txopako sokal txikian ipintzea, esan zun. Beste gau osoa arraiak emen egitea erabakitzen ba dik, berriz jan bear ta botillan ur guzti.. Emen urrabururen bat baizik ez diat uste lortu dezaketanik. Bañan arrapatu-berria jaten ba diat, ez dit gaitzik egingo. Arrai egaldun bat ontzi-barrura gauez etorriko balitz naiago nikek. Bañan erakartzeko argirik ez. Arrai egalduna bikaña duk gordiñik jateko ta garbitu bearrik ere ez nikek izango. Orain indarrik ezin galdu. Alazankoa, ez nekin ain aundia zanik!

        Alare ilko aut, esan zun. Arrotasun ta guzti garbituko aut.

        Bidegabekeria izan arren, pentsa zun. Baña nik erakutsiko zioat orri gizon batek egin ta eraman dezakena.

        -Gizon oiezbestelakoa nintzala jardun nian esaten mutikoari, egin zun. Ona emen egiztatzeko garaia.

        Lendik milla bider erakutsia izateak ez dik ezer ere esan nai. Oraintxe berriro erakusten ari nauk. Aldi bakoitza aldi berri izan-ta zeozertan ari zanean ez zun iñoiz ere igaroetarako bururik.

        Naiago nikek loak artuta balego, neuk ere lo egin aal izateko ta leoiekin amets egin, zion berekiko. Zergatik ote dituk leoiak baztertzen dan gauza berexia? Ez olako burutaziotan ari, agure, zion bere kolkorako. Atseden ar zak goxoki olen kontra ta ez ezertan ere pentsa. Arraia jo ta ke ari duk. Ik lanari aalik gutxiena eldu.

        Eguna arratsalderatzen zijoan ta ontzixka astiro baña gelditugabe mugitzen. Sortaldeko aizeak txaluparen ibillia moteltzen zun ta agurea bapo zijoan bertan olatu ariñen bizkar eta sokalaren erremiña eraman-erreza zitzaion.

        Bein arratsalde bitartean sokala berriro altxatzen asi zan. Arraia ordea leen baño goraxeagotik zebillen igeri. Eguzkiak orain ezkerreko beso-sorbaldetan eta bizkarrean ematen zion. Beraz arraia ipar-sartaldera biurtua zala orregatik ark igerri.

        Dagoneko arraia ikusita zeukan ezkeroz, orain iruditu zekiokean bularreko egal gorriak egoen antzera zabalduta, isats-gallur tentearekin illuna urratuz. Ur-aundi sakon oietan arraiak nola ikustea liteken nere buruari galdezka natxiok, pentsatu zun. Aren begiak begitzarrak dituk ta zaldi batek begi txikerragoz ederki ikusten dik illunpetan. Neuk ere ikusten nian antziña illunpetan. Ez illunpe beltz-beltzean, ori ez. Baña katuek aña ortxe-ortxe.

        Eguzkiak eta etengabeko beatz-eragiteak orain zearo askatu ziotela ezkerra-ta, lanari lotu zun baita sorbaldako zañak kuzkurtu ere sokal-erremiña nolabait erdibanatzeko.

        -Nekatu ez ba aiz, arrai, zion ozenki oiezbezelakoa aizelakoan negok.

        Bere burua oso nekaturik sentitu zun ta gaua aurki elduko zala-ta beste gauzetan burua erabiltzen saiatu zan. Liga nagusiko jokuak zitun gai. New York'eko Yankiek Detroit'eko Katamotzekin jokatzen ari zirala ba-zekin.

        Ona emen egun bi, kiroletan nork irabazi dun jakin gabe, zion bere baitan. Baña kementsu izan bear ta Di Maggio aundiaren neurribetekoa: gauza guziak ederki egiten dizkik ark, orpoan ezur-aztalkak sortzen dion oñazeakin ere. Zer ote duk ezur-aztalka? galdegin zion bere buruari. Guk ez zeukaguk. Gizon baten orpoan burrukako ollarrak aztala sartzean bezin mingarri ote duk? Ez diat uste nik ori eramango nukenik, ezta begi bat edo bi galduta burrukan jarrai, ollarrak oi duten bezala. Gizona exkaxa duk egazti ta pizti aundien aldean. Alaere naiago nikek or beian illunpean dagon piztitzar ori banintz.

        Marrazoak ez azaltzekotan ordea, esan zun ozenki. Marrazoak ba letoz, Jainkoa kupitu dedilla orretzaz ta biotaz.

        Di Maggio aundiak arrai batekin nik ainbat denbora jarraituko lukela uste al duk? pentsatu zun. Baietz esango nikek eskuerki, baita areago ere, gazte ta sendo bait duk. Bere aita ere arrantzale izana. Baña miñ geiegi egingo ote lioke ezur-aztalkak?

        Ez zekiat, esan zun ozenki. Ez diat iñoiz izan ezur-aztalkarik.

        Eguzkia etzatera zijoan. Bere barrua sendotzeko bein batean Kasablanka'ko ostatuan gertatua agureak gogoratu zun. Kaiako gizasemerik indartsuena Zienfuegosko beltza izan-eta, ia pultsuan nork indar geiago jokatu. Eguna bere gauakin egon ziran mai gañean kleraz egindako lerroan ukalondoak tinkatu, besoak zuzen gorantz luzatu ta eskuak elkarri erantsita. Biek, bata besteari eskura mairaño eraixten alegintzen ziran. Dirua erruz jokatu zan ta begirariak gelan keroseno-argitan sartu-irten zebilzen ta agurea beltzaren besora, eskura, arpegira begira. Auzi-maixuak aurreneko zortzi orduak ezkero, lau ordutik lau ordura aldatzen zituten, lotara joan zitezen. Azkazaletatik odola zerioten biek ta elkarri bekoz-beko ta besoetara begiratzen zuten eta apostulariak andik sartu-irten zebilzan edo-ta, aulki altuetan paretaren kontra exerita, begira gelditzen ziran. Urdiñ-bizi-kolore ziran paretak. Zurezkoak noski ta aietara botatzen zitun kriselluaren argiak bi burrukalarien errañu bizi-urduriak. Beltzaren errañua izugarria zan ta itxas-aizeak argia nola, errañua orman ala zebillen, batera ta bestera irristakor.

        Irabazkiak gora ta bera gau osoan. Beltzari edaten eman ta zigarruak pizten zizkioten. Gero, edan ondorean, beltzak alegiñak egiten zitun ta orrelako batean zaarrari ez zan ordun zaarra, Shanti "txapelduna" baizik eskua iru ats beera-zuzenetik urrutiarazi zion. Baña zaarrak berriz jaso ta tentetu. Beltza gizaseme eder ta indartsua menderatuta zeukala ba-zekin. Ta egundu zanean ainbatekoak zirala erabakitzeko apostulariak eskatzen ari ziranean ta epaillea buruari eragiten, ark etengabe alegiñak egin ta eratxi zion eskua beltzari, gero ta beerago, maia ikuitzeraño. Igande goizean asi ta astelen goizean bukatu zan eztabaida. Temazaleak eskatu zuten ainbanakoarena, kaieratu bear bai zuten lanera azukre-zakuak jasotzera edo Habana Koal Company'ra. Bestela jende guziak azkeneraiño luzatzea naiago zun. Dana dala ark bukatu zun, lanerako ordua baño len bukatu ere.

        Orrezgero luzaroan jende guziak Txapelduna deitzen zion ta auntzak jokatu zituten udaberrian. Ez zuten ordea diru asko jokatu ta oso errex irabazi zion berak, lenengo burrukaldian, Zienfuegos'ko beltzaren ustea ezereztatu bai zun. Ondorean burrukan noizbait egin zun ta arrezkero geiago ez. Nai izan ezkero nornai menperatu zezakela, uste zun, bañan arrantzarako eskuia ondatzen zitzaiola zeritzaion. Noizbait ezkerrakin egin zitun bere saioak. Ezkerra ordea beti ustela izan ta etziola egingo eskatzen ziona ta arengan ustea galdua zeukan.

        Eguzkiak galanki erre bear dik oraingo ontan, bururatu zitzaion. Ez zait berriro gogortu bear gauez, otzegi ez badago, alegia. Zer ekarriko ote digun datorren gauak kezkatan natxiok.

        Egazkin bat pasa zan an gañetik Miami aldera ta aren itzalak egaldun-arrai-sailletan sortzen zun izuari so zegon agurea.

        Ainbeste arrai-egaldun dabillen-ezkeroz or nunbait ibilliko dituk urraburuak ere, esan zun ta atzeratu zun bere burua sokalaren kontra ia arraiarengandik zeozer lortu aal zezakean. Ezin ordea. Sokalean autsi-aurreko estutasun, dardara ta ur-ixuritzea samatu zun. Ontzixka bazijoan poliki aurrera ta agurea egazkiña begipetik galduarte an egon zan, buru-belarri.

        Egazkiñean ibiltzea gauza nabarmena bide duk, bururatu zitzaion. Nolakoa ote dan or goitik itxasoa jakin nai nikek. Goraegi ez balijoaz arraiak ongi ikusi aal litezke. Atsegiña litzaidake berreun besabete igo-ta poliki egan egiñez arraiak goitik ikustea. Tortoka-billa zijoazen ontzitan kurutzetan nere tokia ta andik arrai asko nizkian ikusgai. Andik urraburuak orlegiago ziruditen, litz ta lauso ubel, talde osoa murgildurik ageri uan. Zergatik ote bizkar-gallurrak morantzeko ta litz ta lauso geienetan gorrixkak uaitz illunean dabiltzan arrai azkarrenenak? Urraburua orlegi zirudik, urrekolorekoa dalako noski. Gose gorritan jatera datorrenean ordea, saietsetan litza ubelak agertzen zaizkiok, akuletan gerta oi danez. Aserre biziak ala azkar-ibilli-naiak ateratzen ote zizkiok?

        Illundu aurretikantxe olatu ariñak eraginda gora ta bera kulunkan zebillen itxas-belar-ugarte aundi baten ondoan pasa ziran. Bazirudin itxasoa zerbaiti maiteki ari zitzaiola oial oriarenpean. Ordun urraburu batek sokal txikiari kosk egin zion. Agureak salto egin zunean ikusi zun lendabizikoz: benetako urrea zirudin azkenengo eguzki-izpipean makurtuz ta burruka bizian aidean. Bein ta berriz agertu zan izuaren-izuz egin zitun salto izugarrietan. Gizonak aal zun bezala txopara itzuli ta makurturik eskuiko esku-besoakin sokal aundia eskupetuta urraburua atera zun, ezkerrakin irabazten zun sokal-malladi bakoitzaren gañean ezkerreko oiñ utsa ipiñirik. Arraia txopara orduko buztankada ta murgiltze ikusgarriekin. Agurea makurtu txopa gañean ta txopa gañetik jaso zun ubel oristadun urrezko arrai disdiratsua. Aren matalezurrak amuari ero-antzean etengabe kosk egiten zioten ta bere gorputz zabal-luze, isats ta buruakin ontzixka-ondoa zartatzen zun, urrezko buru dirdiratsuan bertan agureak zartako bat eman zion arte. Ordun dardar egin ta moteldu zan osoro.

        Agureak arraia kilizkatu, sokala beste sardiña batekin ornitu ta bota zun. Urrengo poliki branka-aldera itzuli zan. Ezkerra garbitu ta praketan legortu zun. Sokal lodia eskuitik ezkerrera pasatu ta eskuia uretan garbitu zun itxasoan, murgiltzen zan eguzkiari ta sokal aundiaren zearrari so.

        Ez dik tutik ere aldatu, esan zun. Bañan uraren joera bere eskuaren kontra nabaiturik geldiago zijoala errez somatu zun.

        Arraun biak elkarri lotu ta zearka ipiñiko dizkiat txopa-atzean. Orrela motelago joan bearko dik gauez, esan zun. Onek gauez ongi jokatzen dik, baita neuk ere.

        Egokiago litzakek urraburua azal-ondotik garbitzea, odolak aragian iraun dezan, pentsatu zun. Beranduxeago egin dezaket ori ta aldi batean arraunak lotu atoe-moduan. Obe duk arraia oraingoz pakean utzi, ta geiago naastu ez, eguzki-sarrerakoan. Eguzki-etzatea garai gaitza izaten duk arrai guzientzat.

        Aidean eskua legortzen utzi, arekin sokalari eldu ta aalik eta ondoena egokitu zun bere burua ta luze-luze etzan zan olen gañean, ontzixkak ark aña indar edo geiago ere, bear bazan, eraman zezan.

        Nola jokatu ikasten ari nauk, bere kolkorako. Xeetasun ontan bear bada. Urrengo gogora zak arraiak amuzkiari eldu dionetik ez dula jan ta oso aundia dala ta janari asko bear dula. Nik egaluzea osorik jan diat. Urraburua biarko. Dorado deitu zion. Baliteke garbitu ondorean zati bat jatea. Jateko zallagoa duk egaluzea baño. Dana dala, ez zegok gauza errexik.

        Zer moduz, arrai? galdetu zun abots ozenez. Ni ederki ta nere ezkerra obeto ta janaria ba diat gau-egun osorako. Segi aurrera tiraka, arrai.

        Ez zegon ez benetan ondo. Sokalak sortzen zion oñazea, oñazea baño okerrago izan-ta, ola-alako sortasunera jotzen bait zun. Ori baño gauza okerragoak ere pasa dizkiat, zion berekiko. Eskua pixka bat larrutu zaidak ta zaintiratuak bestearengandik aldegin dik. Izterrak ederki zeuzkat. Orain ere jan-gaietan bere aurretik nebillek.

        Illundu zun, iraillean gaua laisterrago bait dator eguzki-sarrerakoan. Etzan zan branka-ondoan ondatutako olen kontra ta aal zun atsedena artu zun. Lenengo izarrak irtenak ziran. Artizarraren izena ez zekin, bañan ikusi orduko laister guziak ageri ta berekin bere urrutiko adixkide guziei antzeman zien.

        Arraia ere lagun diat, esan zun ozenki. Ez diat iñoiz orrelako arrairik ikusi, ezta zenik entzun ere. Bañan erail bearra diat. Izarrak iltzen saiatu ez bearrak poz ematen zidak.

        Pentsa, egunero illargia iltzen ibilli bear ba genikek. Illargia iges zijoak. Bañan pentsa egunero eguzkia iltzen saiatu bear bagenikek! Zorioneko jayo ginduan, zion berekiko.

        Gero errukituta arrai aundia jatekorik gabe zegola ta, ura iltzeko gogoa ez zitzaion orregatik iñoiz ere moteldu, kupituta egon arren. Makiña bat jenderentzat jatekoa atera zitekek ortik. Baña jatea mereziko ote lukete? Ez, ez noski. Ez zegok ori jateko diña denik, bere jokokera ta bere nausitasun aundia kontuan artu ezkero.

        Ez dizkiat gauza auek ulertzen, zion berekiko. Bañan ona duk eguzkia edo illargia edo izarrak iltzen saiatu bear ez izatea. Naiko duk itxasoaren bidez bizitzea ta gure benetako anaiak iltzea.

        Orain, gogoratu zitzaion, orren atzetik noala gogoan erabilli bear. Ba-zizkik bere arrixku ta irabaziak ere. Ia ainbeste sokal ematean arraia bera galtzen dudan, au indarka ari dala txalupa, arraunek eutsita, pixuegia dalarik. Arin-izateak bion miña luzatzen dik:        bañan arraia aal dun eta azkarrenik oraindik ez ibiltzeari zor zioat aurrera egin aal izatea. Dana dala urraburua garbitu bear diat ondatu ez dedin eta zati bat jan sendo egoteko.

        Oraindik ordu bete ontan atseden geiago artuko diat, eta sendo ta aldatzeke ote dijoan ikusiko diat, txopara lanera ta zerbait erabakitzera biurtu baño len. Artean nola jokatzen dun eta zeozer aldatzen dun ikusi dezaket. Arraunak malmuzkeri polita dizkiat, bañan eskuerki jokatzeko garaia eldu zaidak! Oraindik luzarorako arraia zeukaguk ta ao-muturrean ikusi zoat amua ta aoa ziero itxita euki dik. Amuaren nekea utsa duk. Gosez egon-ta ulertu-ezin dun gauza baten aurka ari, or zegok koxka. Atseden artu zak, agure, ta utzi zak arraia: lan egin dezala, ire txanda eldu arte.

        Patxaran egon zan ordu bi inguruan, bere ustez, illargia berandu azaltzen ta denbora neurtzeko modurik ez. Ez zan arrena benetako atsedena. Bai lan eskaxagoa. Oraindik sokalaren indarra bizkargañean zeraman, bañan ezkerra aurreko regalaren gañean ipiñi ta gero ta geiago eramanerazten zion ontzixka berari.

        Errez-utsa litzaidake sokala ontziari lotu al banioke, burura zitzaion. Bañan arraiak bat-bateko astiñalditxoakin autsi zezaken. Nere soñaz biguindu bear diat sokalaren estutasuna ta beti prest egon bi eskuekin sokala emateko.

        Bañan oraindik lorik egin gabe ago, agure, esan zun ozenki. Egun erdi ta gau osoa ta orain beste eguna ta ez duk lorik egin. Nolabait moldatu bearko duk lo kuluxka bat botatzeko, arraia bare ta gelditu gabe ari bada. Lorik egiten ez ba duk, ire burua lausotu zitekek.

        Orain burua naiko argi diat. Argiegi noski. Anai ditudan izarrak bezin argi natxeok. Alare lo egin bear diat. Aiek lo egiten ditek, baita illargi ta eguzkiak ere ta itxasoak ere noizean bein lo zegik, egun batzutan, uaitzik gabe, bare-bare dagonean.

        Oroi adi ordea lo egin bear dukala, pentsatu zun. Eragiok eure buruari ta asma zak sokalak zaitzeko era errex ta egokia. Orain itzul adi ta urraburua gerta zak. Arrixku aundiegia atoe-moduan arraunak ipintzea lo egin bear ba duk. Egon naiteke lorik egin gabe, esan zun berekiko. Bañan arrixku larriegia litzake.

        Ekin zion berriro txoparako bideari lauoinka, esku ta belaun, arraiaren sokala ez astintzeko saiatuz. Erdi-lotan egon zitekek, dio kolkorako. Bañan ez diat nai atsedenik artu dezan. Il arte jo bear dik.

        Txopara joanik bizkar gañetik zijoakion sokalaren indarrari ezkerrakin eusten ziola, eskuiakin zorrotik labana atera zun. Izarrak dirdir zeuden ta urraburua argi ikusi zun ta buruan labana sartu ta txopapetik atera zun. Ankapean artuta azkar baño azkarrago isatsetik okotzpuntaraño iriki zun. Utzi labana ta sabela ustu zion eskuiakin, zearo garbiturik ta kuskuluak sustraitik atereaz. Bere eskuan nabaitu zun arren sabel aztun ta irristakorra ta iriki egin zun. Barruan arrai egaldun bi zeuden. Berri ta gogor ta alkarren ondoan jarri ta txopa gañetik itxasora bota zitun este ta kuskulu. An joan ziran ondora argi-bidatza uretan utzirik. Urraburua otz zegon ta izar-argiak lepradun zuri-ubel agerrerazten zun ta agureak saietsetik larrutu zun eskui-ankapean burua zularik. Gero buelta eman ta beste saietsa larrutu ta aiztoarekin aragia burutik isatseraño moztu.

        Ondarrak karel gañetik bota ta zurt egon zan ia uretan zurrunbilloren bat agertzen ote zan. Baña beealdera makalki zijoan argia baizik ez zan ageri. Itzuli ta arraiki-zerrakin arrai-egaldun biak bildu ta aiztoa zorrora itzulirik, branka aldera jo zun poliki-poliki. Sorbalda makurtzen zion sokal-indarrak ta eskuian arraia zeraman.

        Atzean ol gañean arrai-zerra biak ipiñi ta aien ondoan arrai-egaldunak. Onen ondorean tinkotu zun sorbalda zear sokala toki berrian ta jabetu zun, ezkerrakin regala-gañean jarririk. Ordun albo-aldera makurtu ta arrai-egaldunak itxasoan garbitu zitun, ur-laisterra eskuakin oartuz. Eskua dirdiratsu zegon, arraia larrutu bai zun, ta arren kontra uaitza nabaitu zun. Uaitza makalagoa zan ta esku-ertzea ontzi-olen kontra igurtzitzean fosforo-aleak agertu ziran itxas-azalean eta arian-arian txopa-aldera jo zuten.

        Nekatzen ari duk edo atseden artzen zegok, esan zun agureak. Orain urraburu au jaten utzi zaidak ta atseden pixka bat artzen ta lo-kuluxka botatzen.

        Izarpean gero ta otzago zegola-ta, urraburu-zerra-erdia ta arrai-egaldun tripa garbi ta buru gabe bat, jan zitun.

        Sukaldean gertu ondoren ze arrai atsegiña dan urraburua jateko, esan zun. Ta ze nazkagarri gordiñik jateko: Ez nauk berriz itxasoratuko gatz edo limoirik gabe.

        Bururik izan banikek, egun osorako ura bota nezakean branka aldean. Legortzean gatza izango nukean, pentsatu zun. Bañan ez bai diat urraburua ia eguzkia sartu arte arrapatu. Ez diat gañera bear bezala gertatu. Baña lendik bururatu bear. Ondo txikitu diat ta nazkarik ez zaidak eman.

        Zerua lañotzen sorkaldera ta izar ezagunak estalita. Orain ba zirudin odei-arteko bide estu bat zear zijoazela ta aizea motel.

        Iru edo lau egunean egualdi txarra izango duk, esan zun. Ez ordea gaur, ezta biar ere. Gerta adi lo-kuluxka botatzeko, agure, arraia bare ta gelditu gabe tiraka dagon ezkero.

        Eldu zion gogor sokalari eskuiakin ta gero iztarrarekin eskuia aurreko olen kontra bultza zun, pixu osoa bertan eutsiaz. Gero sorbaldan pixka bat sokala beeratu ta ezkerra inguratu zun.

        Nere eskuiak eutsi dezaioke lagunik izan artean, dio berekiko. Lo aldian lasaitzen ba duk, ezkerrak esnatuko natxiak sokala laisterka asten danean. Eskuiarentzat lan gogorra. Baña gorriak ikusten oitua zegok. Ogei miñutu edo ordu erdiren bat lotan egon ezkero, mesede izango diat. Burua makurtu zun aurrealdera gorputz osoarekin bearturik sokalaren kontra, pixu guzia eskui gañean boteaz ta loak artu zun.

        Ez zan leoiekin ametsetan ibilli. Mazopa-sail zabal-zabal batekin amets egin zun: zabaleran ba-zitun zortzi edo amar milla. Ar-emetu aldian zan ta salto egiten zuten aidean ta uretan saltoakin irikitako zulo ber-bertan sartzen ziran.

        Gero erria izan zun amets-gai. Oiean zegola ta iparraizeak joka ta otz aundia zegola ta eskuiko besoa txindurrituta zeukala burua gañean jarri zulako, oeburuko gañean jarri bearrean.

        Ondorean ondartza luze oriakin asi zan. Arratsean bertara lenengo leoia jeixten ikusi zun. Gero beste leoiak. Bertan ainguratutako ontzi-aurreko olen gañean okotza ipiñita zeukan, arrats aizea nabaituz, ta leoi geiago agertzen ote ziran zai. Ta arren zoriona!

        Orduak ziran illargia goi-alderatu zanetik, bañan agurea lo-zorroan oraindik. Arraia aurrera gelditu gabe ta ontzixka odei artean sartuta.

        Eskuiak arpegiari emandako astiñaldiak ta eskuitik pasatzean sokalak sortu zion erremiñak esnatu zuten. Ezkerra kordegabe zeukan, bañan eskuiakin aal zuna gelerazi ta alare sokala atsapetsaka zijoan. Azkenez ezkerrak sokala arkitu ta agurea sokalaren kontra etzan zan, ta orain sorbalda ta ezkerra erretzen, ta indar osoa eraman bear ezkerrak ta urratzen asi zan, ez goxoki. Atzealdera sokal-ari-salletara begiratu ta poliki askatzen ari ziran. Orduntxe salto egin zun itxasazalean arraiak: urratu aundi bat egin ta gero astunki erori zan. Asi saltoka ta ontzixka laixterka zijoan, sokala etengabe askatzen ari arren, ta agureak aal zun geiena eutsi zion ta austeko zorian ipiñi arte eutsi ere bein ta berriz. Branka-aldera erori-erazi zion agureari ta bere arpegia urraburu-zerraren kontra zegon ta ezin mugitu.

        Ona emen nik uste niana, esan zun. Eraman dezagun bada.

        Ordain-erazi egiok sokalena, bururatu zitzaion.

        Ezin ikusi zitun arraiaren saltoak ur gañean itxasoaren urratzea bakarrik somatzen ta uretan eroitzean egiten zun ots aztuna.

        Sokal-laisterkak eskuak urratzen zizkion, baña ba-zekin ori beti gertatzen dala ta azal illaren gañean pasa-erazten saiatu zan ta palmondora pasa edo beatzak urratu ez zitezen egiñalak egin zitun.

        Mutikoa emen balego, ark bustiko lituzke sokal-saillak, esan zun berekiko. Bai. Mutilla emen balego. Mutilla emen balego.

        Sokala gero eta barrurago, baita ordea geroz eta geldiago ere zeraman arraiak barnera; ta lanak ematen zizkion agureak arraiari sokatira ontan arra bat irabazten. Orain burua jaso zun oletatik, ta matal-azpian arrapatutako aragi-zerratik aldendu. Gero belauniko jarri zan. Urrengo tente zutik. Binbitartean sokalari jaregiñaz zijoan. Geroz ta geldiago jaregin ordea. Orrela txalupa-barruan noraño-eta begiz ikusten ez ba zitun sokal-arillak anka-oztopo sentitzeraño ibilli zan. Sokalik naiko bazegon oraindik eta sokal berria udari erantsi egiten bai zitzaion, lanak zeuzkan arraiak neke ori eramaten.

        Noski, zion bere artan. Dozena bat bider eta geiago uretik irten duk ta bizkarrean ditun arnas-gordairuak aizez bete dizkik eta ezin jetxi orain, nik atera ezingo nukean ur-azpi sakon aietara. Orra, laister ekingo ziok jira ta bira. Ordun neu ere arekikoa egiten asi bearko diat. Ur-gañera ain beingoan zerk salto eragin ote dion, diotsat nere buruari. Gosea ote etsi-arazi diona, ala gauez beste zerbaitek bildurra sartu ote ziok? Bear bada bildurrak emango ziokan bat-batean. Baña patxarako arraia uan ori, indartsua; trebea ta uste aundikoa zala ematen zian. Arritzekoa duk ori.

        Obe duk eu ez izutzea ta uste oneko izatea, agure, esan zun. Ta ia nola menderatzen dukan. Ezin dezakek ordea sokalik arildu. Laister jirabirari ekin bearko ziok-eta.

        Agureak ezkerra ta bizkarrarekin eskuratua zeukan arraia. Makurtu ta arpegitik urraburu-aragi zapaldua kentzeko, urez bete zun eskui-utsartea: Nazkaz goragaleak emango ziola-ta indarrik gabe gelditzeko bildurrez zegon. Arpegia txukundu zunean, albo gañetik eskuia uretan garbitu-ta, ur gazian euki zun, eguzkiak ateza-aurretik sortzen dun argiari begira. Ia zuzenean sortaldera zijoak, zion berekiko. Ori nekatuta dagola señale. Ta uaitzak eraginda dijoala. Laister biratu bearko dik. Ordun asiko dituk benetako lanak

        Eskuak uretan naiko denbora bazeramala-ta, atera egin zun. Baita aztertu ere.

        Ez zegok gaizki, esan zun. Gizon bati oñazeak ajolik ez.

        Kontuz eldu zion sokalari, erremiñ sortu-berria geitu ez zedin. Ta aren pixua bestera aldatu zun, ezkerra bere saietsetik itxasoan busti aal izateko moduan.

        Ongi-xamar jokatu duk eta ez alperrik, esan zion ezkerrari. Baña noizbait ezin arkituta, ire billa ibilli nauk.

        Zergatik ez zaizkit suertatu esku bi trebe jatorriz? zion bere artan. Ni izan naitekek errudun, bear bezala erabilli ez ditutalako. Jainkoak zekik ordea ikasteko beta izan dula. Bart ez dizkik bere eginbearrak ain motel bete, noski, ta dardarizuak bein bakarrik kosk egin ziok. Berriz emango balio utzi zak sokalak azala urratu dezaion.

        Burua zorabiotzen ari zitzaiola-ta urraburu-puska jatea gogoratu zitzaion. Ezin dezaket ordea, esan zun berekiko. Obe nikek burua lausotuxe eukitzea nazkatuta indarrak galtzea baño. Ta ba-zekiat ezin eutsi dezaketela barruan, arraikiakin arpegia zikindu dutan ezkeroz. Larri-larri egon arte utziko diat, usteltzen ez ba dituk beintzat. Orain jan-ta indarrak geitzeko beranduegi duk. Ona beste zozo alana, zion bere buruari. Jan zak arrai-egalduna.

        Antxe zegon garbi ta prest: ezkerrarekin eldu ta jan zun, ezurrak arduraz xeetuz ta osorik irentsi zun isats ta guzti.

        Beste edozein arraik baño indar geiago ematen dik orrek, pentsatu zun. Nik orain bear dutan indar-mota beintzat. Aal nezakena egin diat. Itzulinguruka asi dedilla ta ekin dezaiogun burrukari.

        Eguzkia irten-zorian zegon, irugarrenez, agurea itxasoratu zanetik, arraia itzul-ingurukari ekin zionean.

        Agureak ezin somatu zezakean sokal-zearragatik arraia inguruka zebillela. Goizegi izan ortarako. Sokala lasaitxuago zegola-ta oartu zan ta emeki tiraka asi eskuiakin. Estu-estu jarri zan, beti bezala, bañan autsi-zorian zegola-ta sokala erakartzen asi zan. Agureak bizkar ta buru sokalpetik biguinki atera-ta sokala biltzen asi etengabe ta leunkiro. Bi eskuak zerabilzkin bata bestearen urrengo kulunkatuz, ta gorputz ta izterrakin alegiñak egiten saiatu zan bereganatzeko. Bere izter zaar ta bizkarra errokotzat zeuzkan inguru-zaleak eraginda.

        Inguru oso zabala duk, esan zun ark. Baña jira-biran ari duk.

        Gero, sokal-lasaiketa amaitu-ta, agureak eldu zion ur-tantak zerizkiola eguzkiari eskerrak ikusi zun arte. Gero arraia laisterka asi, agurea berriz belaunikatu ta atzera ur illunera joaten utzi bear izan zun marmarrez.

        -Orain inguruaren zabalena ematen ari duk, esan zun. Aal dutan guzia eutsi bearko zoat, pentsatu zun. Estutze orrek ingurua labur-eraziko ziok geroz eta geiago. Ordu bete barru ikusi aal izatea ba litekek. Orain etsi-erazi egin bear zoat eta gero il.

        Bañan arraiak ingurukari jarraitzen ziola-ta agurea bi ordu ondorean izerdi-patsetan ta ler-ler eginda. Inguruak ordea geroz eta motzago, ta sokalak zeraman zearragatik ark esan zezakean arraia igeri bitartean azaleratzen zijoala.

        Ordu betean agurearen begi-aurrean ttantta beltzak agerian ta bekain ta kopetan zun zauria izerdiak gazituta. Ez zun ttantta beltzen bildurrik. Sortu bear, sokaletik indarka ari bazan. Bi bider ordea zorabio ta goragalea nabaitu zitun. Ta orrek bai kezkaz bete.

        Ezin nere buruari uko egin ta orrelako arrai baten aurrean pott egin, esan zun. Orain ain poliki erakartzen ari naizenean, Jainkoa eusten lagun bekit. Eun Aitagure ta eun Agurmari esango nituzke. Ezin esan ditzaket orain.

        Esan banitu bezala, zion berekiko. Geroago esango ditut.

        Bi eskuekin elduta zeukan sokalean orduntxe sentitu zitun tiraka ta astiñaldi. Zorrotz, mingarri ta pixu aundiko zan ura.

        Burni-ariari muturrakin eragiten ari duk, pentsatu zun. Naitanaiez gerta bearra. Ori duk bere jokua. Alaere uretik salto-eraziko zoat ta naiago nikek orain jira-birari jarraiko balio. Salto oiek bearrezko zizkian aizea artuko ba zun. Baña bakoitzak amu-zauria aunditu ta arrua askatu ere zezaiokean.

        Ez saltorik egin, arrai, esan zun. Ez saltorik egin.

        Arraiak burni-ariari eragin ta burua astintzen zun bakoitzean, agureak sokala pittin bat luzatzen.

        Oñazea aunditu ez dakion, alegindu bear diat, zion berekiko. Nereak ez dik ajolik. Sokatik nai bezala erabilli dezaket. Bañan oñazeak sumindu dezake ura.

        Geroxeago burni-aria pakean utzi ta poliki berriz ekin zion ingurukari. Ona emen agurea sokala etengabe irabazten. Baña zorabioa berriztu. Artu ur pixka bat itxasotik ezkerrakin ta burua busti. Gero geiago atera ta lepazama igurtzi.

        Zaintiraturik ez diat, esan zun. Arraia laister agirian ta nik aurrera egin bear. ¡Bai, utzi!... ezta aitatu ere.

        Brankaren kontra belaunikatu ta berriz pittin batean sokala bizkarrean irristarazi zun. Orain, piztia inguruka dabilkiten artean, nik atseden artuko diat, ta, geroxeago, azaleratzean, arekiko nere egitekoari ekingo zoat, erabaki zun.

        Irrikitzen zegon brankan atsedeteko, bitartean arraiari inguruka ibiltzen laga-ta, lasaitzen zun sokala ere bildu gabe. Arraia ordea txalupa-billa abiatu zala sokal-lasatasunez igerri zunean, arrantzalea zutik jarri ta arraiak lasatu-ahala sokala biltzen asi zan, gorputzari txandaka ezker-jira eskui-bira eragiñez.

        Iñoiz baño nekatuago natxiok, pentsa zun. Itxaso-aizea ere oraintxe asi duk. Aukerako lagun, arraia legorrera eramateko. Aizea bear-bearrezkoa bait diat.

        Urrengo inguru-aldia asten dunean atseden artuko diat, esan zun. Askoz obeki negok. Gero bizpairu buelta eman ditzala ta nere esku-mende izango diat.

        Lastozko txapela kokotean zeukan. Arraia itzultzen berriz nabaitu zunean, sokal-indarkada batek brankaren kontra bota zun.

        Arrai, orain i ari aiz lanean, pentsatu zun. Onuntzakoan arrapatuko aut. Itxasoa eraginda zegon noski. Bañan egualdi oneko itxas-aizea zan ta agureak bearrezko zun legorreratzeko.

        Ego-sartalderuntz jarriko diat ontzixka, esan zun. Gizona ez duk iñoiz ere itxasoan galdu ta ugarte luzea duk.

        Irugarrengo inguru-aldian ikusi zun lendabizikoz arraia. Aurreneko, itzal illunaren gisan. Asti luzea bear ontzixkapetik igarotzeko: ezin agureak siñistu ainbestekoa zenik.

        Ez, -esan zun. Ezin zitekek orren aundia izan.

        Bañan orrenbestekoa zan ta inguru onen amaiean azaleratu zan ogeitamar yarda zegon tokitik ta gizonak aren isatsa uretik-at ikusi zun. Sega-orria baño goratuagoa ta urdiñ-gorrixka kolore oso emea agertu zun uraren urdiñ illunaren gañean. Murgildu berriz ta azal-ondoan zebillela, agureak aren mulko izugarria ikusi aal izan zun, baita gorputzaren inguruan zeramazkin litza gorriak ere. Atzeko egatxoa zapalduta ta bularrekoak izugarriak, zabal-zabalik.

        Inguru erdian agureak ikusi aal izan zitun arraiaren begia ta ondoan igeri zebilzkion ubel koloreko erromero bi. Bein edo bein ari erantsitzen zitzaizkion. Bestetan tximista bezala aldentzen. Iñoiz aren itzalean bare-bare. Bakoitzak iru oin luze zitun gutxienez ta igeri egitean gorputz osoari zeragioten aingira-antzo.

        Agurea orain izerditan zegon ta ez eguzkiagatik bakarrik. Arraiak bare ta paketsu ematen zun inguru bakoitzean, agureak soka biltzen zun ta ziur zekin bi inguruan urrengo arpoia sartzeko mugona izango zula.

        Bañan urbill-urbill-urbill ipiñi bear diat, zion berekiko. Ez diat buruaren kontra saiatu bear. Biotz-ondoraño sartu bear zioat.

        Paketsu ta gogor izan adi, agure, esan zun.

        Urrengo inguruan arraiaren ipur-mamia uretik-at zegon, bañan ontzixkatik urrutiegitxo. Urrengoan oraindik urrutiegi. Bañan uretik gainduagoa ta agureak ba-zekin sokal pixka bat geiago biltzen ba zun, ontzi luzeran ipini zezakela.

        Askoz lenagotik arpoia gerturik zeukan ta soka ariñezko salla saski borobill batean ta muturra branka aldeko eskoran lotuta.

        Arraia urbiltzen orain bere inguruan, eder eta bare, ta isats aundia ezik ezer mugitu gabe. Agureak aal zun guzia tiraka bereganatzeko. Bat-batean saietseratu da pittin bat. Gero zuzen-zuzen ta beste inguruari ekin dio.

        Eragin zioat, esan zun agureak. Eragin zioat oraingoan.

        Sortu zitzaion berriz zorabioa, bañan aal zun indar guziakin arraiari tiraka jarraitu zun. Eragin zioat, pentsatu zun. Oraingoan azpikoz gora jarri dezaket noski. Tira, eskuok, zion berekiko. Eutsi gogor, izterrok. Ez jun, nere buru ori. Ez utsik egin. Beti tinko egon aiz. Oraingoan biratuko diat.

        Alegiñak ortarako egin bazitun ere, urrutitik asita, arraia ontzixkaren parean jarri baño askoz lenago ta indar guziekin tiraka jardun arren, arraiak puska bat saietzez jarri, zuzendu gero ta igeritan urrundu zan.

        Arrai, esan zun agureak. Arrai, nolanai il-bearra duk. Neu ere erail bear ote nauk?

        Orrela ez diagu ezer aurreratzen, zion barnean. Aoa legorregi zeukan itz-egiteko, bañan orain ezin zezakean urik lortu. Oraingo ontan ondo-ondora ekarri bear diat ba, zion berekiko. Jira-bira askotarako ez natxeok. Bai, nola ez gero? zion bere artean. Betiko gai aiz.

        Urrengo ingurukoan menderatzeko zorian egon zan. Berriz ordea arraia zuzendu ta poliki igeri irten zan.

        Iltzen ari nauk, arrai, pentsatu zun agureak. Bazian ortarako eskubidea ere ba-duk. Ez diat bizitz osoan i baño gauza eder, aundi, bare, zintzoagorik ikusi, anai. Ia, ator eta il nazak. Ez dik ajolik nork nor il.

        Orain zorabioka asi aiz, pentsatu zun. Erne eutsi bear duk burua. Erne eutsi zak ire burua ta gizon gisan sufritzen ikasi zak. Edo arrai batek bezala, pentsatu zun.

        Erna adi, buru, esan zun ia entzun ez ziteken abotsez. Erna adi.

        Beste bitan orixe gerta zan ingurukoan.

        Ez zekiat ba, pentsatu zun agureak. Aldi bakoitzean aulago nabaitu zun burua. Ez zekiat. Bañan urrengoan saiatu bear diat.

        Beste saioa egin ta indargabe sentitu zun burua, arraiari biratu-erazi zionean. Arraia zuzendu ta poliki berriz igeri irten zan, aidean sats ederra astinduz.

        Berriz saiatuko nauk, itz-eman zun agureak, eskuak orain mamitsu ta noizean bein bakarrik ongi ikusi aal izaten bazun ere.

        Beste saioa egin nai diat. Berbera. Ia ba, pentsatu zun, ta, ekin baño len aulduta. Beste saio bat egingo diat.

        Bildu bere neke osoa ta zeuzkan indar-ondarrak ta antziñatik galdutako aundi-naia-ta arraiari eriotz-aldian bota zizkion. Arraia makurtu saiets aldera ta orrela igeri egin zun leunki, muturrakin ontzixka-olak ia ikuituz ta ontzi-muturretik-muturrera pasatzen asi zan: luze, lodi, zabal, zillar-koloreko ta litza gorrixkaz jantzia ta amairik gabeko ur gañera.

        Agureak sokala askatu ta ankapean jarri, arpoia aal zun guzia jaso ta zeuzkan eta orduntxe sortu zitzaizkion indar berriakin goitik bera arpoia eragiñez sartu zion saietsean, giza-bularraren parean, aldian igotako bular-egatxo aundiaren atzetikantxe. Arraiak an burnia sartzen somatu ta aren gañera etzan ta sakonago sar-erazi ta bere pixu osoa aren gañera bota zun.

 

 

Aurrekoa
Hurrengoa

   © Ernest Hemingway
   © itzulpenarena: Anjel Goenaga


susa-literatura.com