Arraunak gogor ta neurri berean zerabilzkin eta ortarako ez zun indar geiegiren bearrik, beti abiada berean bai zijoan ta itxasoa, an-emengo zurrunbilloak ezik, bare bai zegon. Arraun-lanean irutatik bat ur-laisterrari utzi zion eta egun-argitzen asi zaneko uste baño urrutiago sartuta zebillela oartu zan.

        Aste bete sakonean lanean ta ez diat ezer lortu, bururatu zitzaion. Gaur egaluze ta albakera-taldeak dauden tokian geldituko nauk ta balitekek aien artean arrai aundiren bat sortzea.

        Zearo egundu baño len amuzkiak atereak zitun ta uaitzaren arabera zijoan. Amuzki bat berrogei gizabeteko sakoneraño eldua zan. Bigarrena irurogei ta bosteraño. Irugarrena ta laugarrena ur urdiñeraño, eun ta eun ta ogei ta bosteko gizabeteraño. Amuzki bakoitza zintzillik zegon buruz-bera. Amuaren kirten edo txurtena arrai-barruan ondo josi ta lotua. Amuak utsik zeukan zati okerra ta burua sardiñ berriz estalita. Sardiña bakoitzari bi begietan barrena pasatzen zitzaion amua. Burnian lore-aro erdia bait leraman. Ez zion pentsa-araziko arrai aundi bati amuaren ale bakoitzak aurrean zeukana atsegiñ eta usai oneko ez zenik.

        Mutikoak egaluze txiki bi arrapatu-berriak eman zizkion. Orain sakon-sakonean zerabilzkin sokaletatik pixu bezala zintzillik zeramazkin. Beste sokaletan len erabillitako kojinua lodi bat ta zibele bat. Oraindik ordea bear bezala zeuden ta an zeuzkan sardina eder-ederrak usai eman ta arraitzarrak erakartzeko. Sokal bakoitza lapitz aundi bat bezin lodia zan, orlegi antzeko txotxean bildua, amuzkiari emandako tirakada edo mokokadak murgillerazi zezaketen moduan. Eta sokal bakoitzak berrogei gizabeteko sail bi zitun: oiek lotu zitezkean zai zeuzkan saillekin ta orrela, bear ba zan, arrai batek irureun gizabetetik gorako sokala eraman zezakean.

        Orain gizonak iru txotxak jeixten ikusi ontzixkaren albo gañetik ta arraunak leunki erabilli zitun, sokalak tire-tirean eta komeni bezin sakon eusteko. Argi-bete zan ta eguzkia noiz-nai agertu zitekean.

        Eguzkia ia oartu gabe itxasotik jeiki zan eta agureak ikusi aal izan zitun beste ontziak ur-azalean txapal-txapal, itxasertz-aldera, uaitza zear zabalduta. Eguzkia argitsuago biurtu zan ta aren distira ur gañean ta ordun, goragotzean, itxaso zapalak begien kontra bota zizkion izpiak ta begira-gabe aurrera jo zun. Beealdera uretan begiak ta ur-illunpean zuzen-beera murgiltzen ziran sokalak zaituz. Iñork baño zuzenago eusten zitun. Orrela uaitzaren illunpean sakontasun berexiari bere amuzkia suertatzen zitzaion: andik pasa bear zun arraiaren zai antxen egotea nai zun. Besteak bere kasa uzten zituten uaitzaren indarrari ta sarritan eun gizabetera zeudela ustean irurogeira egon.

        Bañan nik zeatz eusten dizkiat, pentsatu zun agureak. Ori gertatzen zaidak beti, zoritxarreko naizela. Nork zekik ordea? Gaur bear bada. Eguna joan, eguna etorri. Obe duk zoriontsu izatea. Baña naiago nikek zeatz jokatu. Gero zoriona datorrenean, prest agoke.

        Eguzkiak bi ordu bide zeramazkin ta ez zitzaion ain mingarri begietan sortaldera begiratzean. Orain iru txalupa bakarrik agirian ta bee-aldean zeuden legorretik oso urruti.

        Eguzki atera-berriak beti eman izan zidak miñ begietan, gogoratu zitzaion. Ala ere sendo dizkiat oraindik. Arratsaldean aurrez-aurre begira zaioket lausotugabe. Arratsaldean indar geiago dik. Goizean ordea mingarri izan.

        Orduntxe fragata izeneko itxas-egaztia ikusi zun: zeruan itzul-inguruka bere ega luze beltzekin. Murgilkada laister bat egin beealdera aldendurik, egoak zuzen-zuzen atze aldera ta gero berriz inguruka.

        Zerbaiten atzetik zebillek esan zun oiuka agureak. Ez zegok begira noski.

        Arraunak poliki mugitu ta sasoiez mugitu ere egaztia inguruka ari zan aldera. Ez zan larritu ta zuzen-zuzen gora ta bera eutsi zien sokalei. Baña uaitzaren indarrez zeraman abiada geiegizkotxoa izan, bear bezala arrantzan ari izan balitz baño laisterrago, egaztiaren gora-berak eraginda bai zijoan.

        Egaztia goragotu zan ta, egoak geldi, inguruka jarrai zun. Gero bat-batean murgildu ta uretik sortu ta azalgañean ero-antzean arrai-egaldun-taldea ikusi zun agureak iges joaten.

        Urraburuak, esan zun ozenki agureak. Urraburu aundiak.

        Arraunak jaso ta txaluparen mutur-azpitik sokal txiki bat atera zun. Burni-ari ta ala-olako amu bat zeukan ta sardiña bat jarri zion amukitzat. Joanerazi zun ertze gañetik ta gero txopako zapio bati lotu zion. Beste sokala amukiz jantzi ta aurrealdearen itzalean utzi zun bildurik. Arraunari ekin zion berriro ta ur gañean bee-xamar lanean ari zan ega-luzedun egazti beltzari begira.

        Begira zegola egaztiak mokokada eman zun, berriz ere egoak ondo murgiltzeko aldendurik. Gero egoak erru bizian baño egarin eragiñik irten zan arrai egaldunen atzetik. Ederki ikusi zezakean agureak urraburu aundiak igeslarien atzetik itxasoan ateratzen zuten tontortxoa. Urraburuak tximistak egiten zijoazten urez arraien egopean, arrai egaldunek murgiltzean bertan egoteko. Urraburu-talde aundi bat duk, gogoratu zun. Zabalera sakabanatuak zeudek; larri ibilliko dituk arrai egaldunak iges egiteko. Egaztiak ezer egiterik ez dik. Arrai egaldunak aundiegiak dituk ta laisterregi dijoazkio.

        Gizonak ikusi zun nola bein ta berriz irteten ziran arrai egaldunak ta egaztiaren alperrikako ibillera. Arrai-talde orrek iges egin ziak, bururatu zitzaion. Laisterregi urrutiratzen ari duk ta urrutiegira. Bañan atzeratutakoen bat ia arrapatzen diaten. Nere arrai aundia inguruan egotea ere ba litekek. Nunbait egon bear nere arrai aundiak.

        Odeiak mendi-antzo altxatzen ziran legorrean ta itxas-ertza zerrenda orlegi bat baizik ez zan, muño urdiñ-arreak atzetik zitula. Ura urdiñ-urdiña zan, more-koloreko iruditzeraño. Begiak beeralderatzean planktonak dun kolore gorri berexia nabaitu zun uraren illunean ta eguzkiak ematen zun oiezbezelako argia. Sokalak ikuskatu ta zuzen-beera jeixten ikusi zitun ta begi-bixtatik aldegiten. Pozik zegon ainbeste plankton ikusirik, ori arrai ugari zegolako señalea bait zan. Uretan eguzkiak ain goitik oiezbezelako argia egiten zun, egualdi onaren ezaugarri, ta ori bera adierazten zun legorreko odeien itxurak. Orain ordea egaztiak ezin ikusi zitezkean. Ur-azalean ere ez ziran ageri itxas-belar orizko zotal aundi batzuek baizik, eguzkiak erreak, ta medusa baten mazkuri borobil, argitsu, likitsu ta more-antzeko bat ontzixkaren ondoan igeritan. Uretan zebillen poz-pozik, maskullua bailitzan, bere lokarri luze ta eraille gorrixka atoean zeramazkilla kana beteko bidean.

Agua mala, esan zun. Urde ori!

        Arraunen kontra leunki kulunkatzen ari zan tokitik, uretara begiratu ta an ikusi zitun arrai xe-xeak: lokarri luzeen kolorea zuten ta aien tartean zebiltzan ta muskulluak mugitzean egiten zun itzalpetxoan igeri. Aren pozoiak ez zieten ezer egiten. Baña gizonari bai, ta sokan lokarrien arteko batzuek nastu ta bertan gelditzen ziran, likits eta more-antzeko. Agurea arrai bat ateratzen ari zan bitartean, untz edo, aritz pozoidunak egiten dituten ubeldu ta zauri modukoak egin zizkioten beso eta eskuetan. Baña pozoitze orrek laister jo zun ta zaztaden antzera jo ere.

        Muskullu begi-nini antzekoak ederrak ziran. Itxasoak dun gauzarik xuriena ordea ta agurea ondo pozten zan itxas-barruko tortokak muskullu jaten ikustean. Tortokak begiz jo zitutenean, ondoratu zitzaizkien aurrealdetik. Gero begiak itxi ta bere kaparrakin arrisku gabe egoteko gisan lokarri ta guzti irensten zituten. Atsegin zitzaion agureari tortokak nola jaten zituten ikustea, baita ondartzan aien gañean zebiltzanean ere, ekaitz-ondoan ta oiñ babatsuakin zapalduta lertzean ateratzen zuten otsa.

        Tortoka musker ta itxas-txaberamak lilluratzen zuten, dotore, azkar eta kemen aundiko bai ziran, adixkide antzeko mukertasunez begiratzen zitun "kaguama" izeneko tortoka kirtenak:        aien kaparra orixka zan, maiteka-aritzea oiezbezelako; ta begiak itxita poz-pozik ur txarrak irensten zituten.

        Ez zun ark tortokenganako joerarik, tortoka-eizerako ainbat ontzitan ibillia izan arren urte askotan. Erruki zitun guziak, baita ontzixka bezin luze ta upelkin pixua zeukaten "kutxa" aundiak. Bear bada jendeak ez du tortokenganako errukirik izaten, tortokaren biotzak ilda ordu batzuk gerora ere, taupaka irauten dulako. Baña agureari gogoratu zitzaion: Neuk ere orrelako biotza diat ta nere oin ta eskuak aienak bezelakoak dituk. Aien arrautz zuriak jaten zitun indarra artzeko. Maiatz illabete osoan jan oi zitun, iraillean ta urrillean sendo izateko ta benetako arraitzar aundien billa irteteko.

        Egunero ere marrazo-lumera-katillu bat artu oi zun, arrantzale askok tresnak gordetzeko zeukaten bordan zegon ontzi batetik atera-ta. Bertatik artu zezaketen nai zuten arrantzale guziak. Geienak ordea narda egin oi zioten aren gozoari. Ez zan ordea oi zuten orduetan jeikitzea baño okerrago, ta katarro ta gripe guzien kontrako oso ona zan, baita begientzat ere.

        Oraingoan agureak burua jaso ta aidean berriro egaztia inguruka zebillela ikusi zun.

        Arraia arkitu dik esan zun ozenki. Arrai-egaldun batek ere ez zun itxas-azalik urratzen eta amuki-arraia ez zan sakabanatzen. Baña begira zegola egaluze txiki bat sortu zan aidean, itzuli ta buruz erori zan. Egaluzeak eguzkiari zillarrezkoa bai litzan disdis egin ta ur-barrura-ezkero, txandaka, bat eta gero beste bat jeiki ziran ta nun-nai jauzika agertu, ura zartatuz ta amukiaren atzetik salto izugarriak emanik. Aren inguruan bultzaka ari ziran.

        Azkarregi ez badijoaz arrapatuko dizkiat, pensatu zun agureak, ta ura zaztaturik aparrez zuri-zuri eginda ikusi zun taldea. Orain egaztia, mokoka ta murgildurik, bildurrez azaleratu ziran arraien-billa zebillen.

        Egaztia benetako laguntza duk, esan zun agureak. Orduntxe txopako sokala tenk jarri zan aren oinpean, sokal-sail bat gordeta zeukan tokian. Arraunak utzi ta sokala ikuskatu zun marrazo txikiaren tirakak ze indar zuten neurtzeko, ta sokala sendo tinkatuz, jasotzen asi zan. Gero ta dardara geiagotzen indar egitean ta arraiaren beltz-urdiña ikusi aal izan zun ur gañean baita saietsaren urrea, ontzixka azalera jaso ta bota baño len. Etzanda gelditu zan txopan eguzkitan, tinko ta bala-antzeko, txalupa-olen kontrako isats tankateko azkar ta dardaritsuekin bizia uzten zularik. Bere begi bizigabeak tinko-tinko. Agureak buruan jo zun errukiz ta ostiko bat eman. Arraia dardarka oraindik txopa-itzalpean.

        Egaluzea, esan zun ozenki. Amuzki ederra emango dik onek. Amar libra egingo dizkik.

        Ez zun oroitzen noiz asi zan lendabizikoz bere buruarekin ots aundian itz egiten iñorekin itzegiterik ez zunean. Antziña bakarrik zegonean, kantuari egiten zion: baita bein edo bein gauez txalupa-lemari zai zegon bitartean ere, edo tortokarien ontzietan. Seguru asko bakarrikakoan, mutikoa joan zitzaionean, asi zan orrela itz egiten. Baña ez oroitu orain. Mutikoa ta biok arrantzan zebiltzanean geienetan bearrezko itzak bakarrik zerabilzkiten. Gauez edo egualdi txarrak arrapatzen zituanean, itxasoan ixiltzea ontzat artzen zan ta agurearen ustea beti orixe ta oitura ori gordetzen zun. Bañan orain bere pentsamentuak ozenki sarritan azaltzen zitun, mindu zezakenik ez bai zegon iñor.

        Nere buruarekin ari naizela entzungo balute besteak, zorotzat artuko ninduketek, esan zun ozenki. Baña zoratuta ez nagon ezkero, ez neri ajolik. Aberatsak irratiak dizkitek ontzietan itz egin ta bisboleko berriak erakartzeko.

        Au ez duk bisbolean pentsatzen aritzeko ordua, bururatu zitzaion. Gauza bakarra izan bear duk gogoan: zertarako jaio aizen. Arrai aundiagorik egon zitekean talde orren inguruan, bururatu zitzaion. Jaten ari ziranen artean egaluze galdu bat bakarrik arrapatu diat. Baño lanean laisterka ari dituk ta urruti. Itxas-azalera agertzen dan guzia azkar asko zebillek gaur ta ipar-sortalderuntz. Orduak egingo ote dik? Ala nik ezagutzen ez duten beste egualdi-señale berrin bat ote duk?

        Orain ez zezaken itxas-ertzaren orlegia ikusi. Muño urdiñen buruak elurrez eztalita baileuden ta odeiak elurrezko mendiak bailiran aien gañean. Itxasoa kopeta-illun ta argiak ziri gardenak zegizkin uretan. Ta planktonezko milla plastadak goi-goiko eguzkiak ezerezten zitun ta sakonean, milla bat zeukan ur urdiñean, ziri sakon aundirik baizik ez zegon. Ori ikusi zun agureak, uretan-bera zijoazen bere sokalekin.

        Egaluzeak arrantzaleak mota ortako arraiei egaluze deitzen zieten, ta amukiñekin trukatzera zetozenean bakoitzari izen berexia eman ere, egaluzeak jetxiak ziran berriro. Eguzkiak gogotik berotzen zun ta agureak bai sentitu ere lepazaman ta, arraunean ari zala, sorbaldan beera zerion izerdia nabaitzen zun.

        Jitoan egotea utzi nezakean, zion bere kolkorako, ta lo egin ta oñeko beatz lodiari sokal-korapillo bat bota esna nadin. Baña gaur larogei ta bost egun zeramazkiat ta denborari mamia atera bear.

        Orduntxe sokal-zai zegola, txotx orlegietako bat biziro murgiltzen ikusi zun.

        Ona emen, esan zun. Ona emen, ta arraunak eraiki zitun ontzixka zartatu gabe. Iritxi zun sokala, eldu zion poliki eskuiko zukuatz eta beatz aundiaren tartean. Ez zitzaion zail izan, ezta pixuegi ere ta pittin batean sokalari eutsi zion. Gero berriz etorri zan. Oraingo ontan ainbateko bultzakada izan zan, ez tinko, ezta sendo ere, ta agureak zanari ederki antzeman zion. Eun gizabete beerago akula bat ari zan amu-muturra ta kirtena estaltzen zuten sardiñak jaten, eskuz egindako amuak egaluzetxoengandik gaillentzen dan tokian bertan.

        Agureak biguinki eldu sokalari, ta xamurki, ezkerrakin, makiltxo orlegitik askatu zun. Utzi zezakean onezkero bere beatz tartean ibiltzen, arraiak indarrik sentitu gabe.

        Itxas-ertzetik ain urruti egotea gauden illabetean izugarria izan bear seguru asko, pentsa zun agureak. Jan itzak, arrai. Jan itzak. Mesedez jan itzak. Arrapatu-berriak dituk; ta i or, ur otzetan, illunpetan, seireun urrats itxas barruan. Beste bueltatxo bat eman zak illunpetan ta itzuli ta jan itzak.

        Emeki tiraka ari zirala somatu zun ta gero ta gogorrago, sardiñ-burua amutik ateratzen zallago izan bear danean. Gero ezer ez.

        Ia ba, ator, esan zun agureak abots ozenez. Beste buelta eman zak. Artu usaia oraintxe. Ez al zeudek gozo? Irentsi, jan itzak ondo oraintxe ta gerorako egaluze bat ba zegok. Gogor eta otz eta gozo. Ez adi izutu, arrai. Jan itzak.

        Sokala beatz aundi ta beste beatzaren tartean zai zegon agurea, ari ta beste sokalei erne begira batean, arraiak gora ala beera jo bai zezakean. Ordun berriro lenagoko tiraka biguña suertatu zan.

        Elduko ziok, esan zun agureak ozenki. Jainkoak lagun dakiola.

        Ez zun ordea eldu. Joana zan ta agureak ez zun ezer ere nabaitzen.

        Ezin joan zitekean, zion. Ezin joan zitekean, madarikatua! Buelta bat ematen ari duk. Balitekek beste iñoiz kakotua. Ta orain orrelako zerbait gogoratu ote zaio.

        Gero sokalean ikuitu biguiña oartu zun ta zorionez bete zan.

        Buelta bat baizik ez uan, esan zun. Elduko ziok noski.

        Zoriontsu zegon tinkada xamurra nabaitzean ta or nun gauza gogor ta siñistu-aal-eziñeko pixu zuna somatu. Arraiaren pixua zan ta sokala bee alderatzen utzi zun, beera, beera, badaezpadare zeuzkan ari-sail bietatik lenengoa askaturik. Beealdera zijoala-ta, xamurki agurearen beatz-artean irristaturik, oraindik argi sentitu zezakean arraiaren pixu aundia, zukuatz ta beatz aundiak egiten zuten indarra ia, ia ezin oartu zitekena izan arren.

        Ori duk arraia ! esan zun. Aoan zearka zeramak ta or zijoak orrekin.

        Bereala biratu ta irentsiko dik, pentsa zun. Esan, ez zun esan, sarritan gauza on bat esaten danean ez baita gertatzen. Bazekin arrai aren izugarria ta illunpetan egaluzea aoan zearkatuta urrutiratzen zijoala iruditu zitzaion. Orduntxe sentitu zun ez zala mugitzen, baña pixuak oraindik irauten zun. Pixua geroago ta aunditzen ta agureak sokal geiago eman zion. Aunditu zan indarra bi beatzetan bat-batean, baita pixua ere. Ta sokala beealdera zuzenean.

        Eldu ziok. esan zun. Orain gustora jaten utziko zioat.

        Sokala beatz artean irristatzen utzi zun. Bitartean ezkerra jetxi ta gerorako sail bien muturra beste sokalarentzat badaezpadako saillen muturrakin lotu zun. Prest zegon onuzkero. Bear bada bazeuzkan berrogei gizabeteko iru zerabillenaz gañera.

        Jan zak pixka bat geiago, esan zun. Jan ondo.

        Jan zak ia amu-muturra ire biotzaren erdiraño sartzen dukan ta iltzen aun, gogoratu zitzaion. Igo adi ajolik gabe ta utzi zaidak arpoia sartzen. Ederki. Prest al ago? Naiko denbora ba al daramak maiean?

        Orain ! esan zun abots ozenez ta gogor tiregin zun esku biekin; beretu zun sokal-kana bat; gero bein ta berriz tire egin zun, beso bakoitzakin soka kulunkatuz indar guziekin, bata bestearen ondotik ta buelta emanik bere inguruan.

        Ez zan ezer ere gertatu. Arraia geldiro bederik, gero ta urrutiago zijoan, eta agureak ezin zun arra bat beregana erakarri. Zerabillen sokala sendoa zun, ta arrai aundietarako egiña, ain zuzen ere, ta agureak bizkar gañetik artu zun tire-tirean, ura tantaka zeriola ipintzeraño. Gero soka uretan sisi-pasa soñu motel bat ateratzen asi zan. Bitartean agureak sokari eutsi ta eutsi, aulkiaren kontra indarka ta atzekaldera okertuta. Geldi-geldi txalupa ipar-sartaldera mugitzen asi zan.

        Arrai sokaduna gelditu gabe zebillen ta arrai ta arrantzale bi-biak zijoazen, joan itxasoko ur geldian. Beste amukiak oraindik uretan zeuden, bañan ez zegon aiek zaitzerik.

        Ementxe ondoan mutikoa ba nu! esan zun agureak ozenki. Arrai aundi batek itxasoz narama ta ni naiz emen soka-erantsi-eskolera. Sokala lotu nezakean. Bañan eten egingo litzaidake orduan. Eutsi, iraun, gogor egin bear zioat aal dudan guzia ta sokalari jaregin arraiak askatu ahala. Jainkoari eskerrak aurreraka dijoala, beeraka ordez.

        Beeraka asten ba zait zer egin ez zekiat. Ezta murgiltzen asi ta igertzen ez ba zioat. Asmatuko diat bai zeozer. Era askotara baliatu ninteke neu ere ortan.

        Estutu zun sokala bizkarraren kontra ta uretako aren erraiñuari erne begira. Txalupa ba zijoan, joan ta joan, ipar-sartalderuntz.

        Ibillera onek ilko dik, dio bere kolkorako agureak. Noizbait pott egin bearko dik orratio. Baña lau ordu geroago ta arraia oraindik tiraka ontzia ondoan eramanaz; eta agurea berean sendo sokala bizkarrean zear zula.

        Eguerdia uan kakoa erantsi nionean, esan zun. Eta ez diat iñoiz ere ikusi.

        Arraiari kakoa sartu baño len lastozko txapela buruan sartu-sartu eginda jantzia zun. Ta ara nola orain bekokia ebaki-bearrean. Egarri zan. Belaunikatu ta sokala ez mugitzeko kontuz, aurreko-aldepetik egiñaalean besoa luzatu ta esku batekin ur-botilla bereganatu zun. Iriki ta zurrutatxo bat egin zun. Gero aurreko muturraren kontra atseden artu. Ontzi-zapi ta makil gañean exerita, ez pentsatzeko aalegiñak egin zitun: iraun, eutsi, besterik ez.

        Ordun atze-aldera begiratu ta lurrik ez zala ikusten oartu zan. Ez dik ajolik, pentsa zun. Beti Habanako disdisak erakutsiko dik nora jo. Oraindik egun-argiak ordu bi iraungo dik ta balitekek eguzkia etzan baño len ura azaltzea. Bestela illargia agertzean azaleratuko duk seguru asko. Ori egiten ez badik, eguzkia sortzean igo zitekek. Dardar-izurik ez diat ta sendo sentitzen diat nere burua. Aoan amua daramana ori duk. Bañan a ze arrai-alea orrela jokatzeko! Aoa tinko itxia eraman bide dik, amuari kosk eginda. Gogoz ikusiko nikek. Gogoz ikusiko nikek bein besterik ez balitz ere, indarrak norekin neurtzen ditudan jakiteko.

        Egunez artutako bidea zuzen euki zun arraiak gau osoan; okertu zanik beintzat ez ziokean izarrengandik iñork antzemango. Eguzkia sartu ondorean otz zan ta izerdi otza sorbalda, beso ta iztar zarretan legortu zitzaion. Egunez amuki-kutxa-gañeko zakua artu eta eguzkitan legortzen jarri zun. Eguzkia joan zala-eta lepo inguruan lotu zun sorbalda estaltzen ziola. Orain bizkarretik bizkarrera zeukan. Sokalpean eratxi zun poliki. Zakuak sokal-indarra kamusten zun ta gorputza aurreko aldearen kontra makurtu ta ia atsegin zitzaion egoera arkitu zun. Ain nekegarria ez bazan ere, ari ia atsegiña iruditzen.

        Ez dut orrekin ezer egiterik, ezta berak ere nerekin, gogoratu zitzaion. Orrela jokatzen dikan bitartean beintzat.

        Beinola tente jarri ta ontzi-saiets-gañetik pix egin ta izarrei begira ta bideari antzeman. Zuzen bere bizkarretik sokala atera ta lerro argitsua zirudin uretan. Orain polikiago zijoazen ta Habanako disdisa ez zan ainbestekoa. Orrek adierazi zion sortalderako joera zeramatela. Habanako dirdaia galtzen ba diat, sortaldera ari geralako señale, bere artan. Arraiak bideari etengabe eutsiko balio, dirdaia ordu geiagotan ikusiko nikek. Nork irabazi ote dik gaur Liga aundian. Irratiz au jakin aal izatea miragarri litzakek. Gero gogoratu zitzaion: Ontan pentsa zak. Ari aizenean pentsa. Zozokeririk ez duk egin bear.

        Gero abots ozenez esan zun:

        Naiago nikek mutilla emen ba neuka! Lagundu dezaidan ta au ikusteko.

        Zartzaroan ez luke iñork bakarrik egon bear, pentsatu zun. Baña naitanaiezkoa. Aaztugabe, ondatu baño len, egaluzea jan bear diat, indarrak aitu ez zaidazkan. Gogora zak, ez dik ajolik gogo gutxi izateak, biar goizean jan bearko ukek-eta. Gogoratu, esan zion bere buruari.

        Gaualdean izurde bi etorri zitzaizkion ontzixka ingurura. Ontziaren itzul-inguruan putzka entzun zitun. Ederki bereixi zitezkean arraren arnas-otsa ta emearen asperen zizpuru-arnasa.

        Onak dituk, esan zun. Jostaketan eta olgetan zebiztek ta alkar maite ditek. Anaiak dizkiagu arrai egaldunak bezala.

        Orduan, kakotu zun arrai aundiaz kupitzen asi zan. Arrigarri ta oiezbezelako duk ta nork ote zekik zenbat urte ditun, bururatu zitzaion. Ez diat iñoiz ere arrai ain sendorik ta oiezbesteko jokatzen dunik arrapatu. Itxas-azaleratzeko zuurregia izatea balitekek. Saltoka edo nere gañera ero-antzean eroriz ondatu nazake. Bañan ia sarritan lenago kakotu ote duten ta burruka ontan orrela bear dula ote dakin. Ezin igerri gizaseme bakarra aurka dunik, ezta gizon ori zaarra denik. Bañan arraiaren aundia! Ta ze ederki ordainduko liguketen azokan aragi ona balu. Amukiari arrak bezala eldu ziokan, baita arrak bezala jo ere, bildur-señalerik burruka-eran agertu gabe. Asmoren bat ote dun edo ni bezala itxaropenik gabe ote dabillen jakin nai nikek.

        Bururatu zun bein batean bikoan zijoazen akuletatik bat kakotu zula. Arrak emeari uzten zion lendabizi jaten ta kakotutako arraiak, emeak, zegokion burruka gorri, etsiari ekin zion, laister aulduta gelditzeko gisan. Denbora osoan arra emearekin ibilli zan sokala guruzatuz ta arrekin itxas gañean itzul-inguruka. Oso urbill zegolarik, agurea bildur zan sokala buztanakin moztuko ez ote zun, sega bezin zorrotza ta itxura berdiñeko ta tamaña berekoa bait zan. Agureak aztamakoarekin kakotu ta zigortu zunean, ao latz ta ezpata antzeko matal-ezurra eskuperatuz, buruan joka jardun zun ixpillu-atzekoaren koloreko bezala jarri arte; ta gero mutilla lagun zularik jasotzean, ontzixka ondoan gelditu zan arra. Agurea sokalak eraikitzen ta arpoia gertatzen ari zala, arrak salto izugarri bat egin zun ontzi-parean emea nun zegon ikusteko. Berealaxe sakonean murgildu zan bere ego urdiñ-gorrixkakin, bular-egoak zabalik eta kolore berdiñeko zerrenda zabalak erakutsirik. Ederra uan, gogoratu zitzaion agureari, ta an gelditu uan.

        Ain zuzen iñoiz ikusi dudan gauzik ittunena, pentsa zun agureak. Mutikoa ere itun ta barkamena eskatu emeari ta sabela iriki genion lenbailen.

        Ai emen balego mutikoa, esan zun ozenki ta aurrealdeko ol biribillen kontra egokitu zan ta arrai aundiaren indarra nabaitu zun bizkar gañean zeukan sokala bide, ark aukeratutako edozein aldera etengabe mugituz.

        Nere belzkeriagatik erabaki bat artu bear izan dunean, pentsa zun agureak.

        Bere erabakia ur sakon ta illunetan gelditzea izan zan, lakio, amuzki ta belzkeri guzietatik urrun. Nere erabakia orren billa joatea izan duk, jendeagandik urrutira. Iñor legoken baño areago ludian. Orain biok alkarrekin bakarrik gatxeudek ta orrela izan duk eguarditik asi-ta. Ta iñor ez lagun, ez nik, ez orrek.

        Bear bada nik ez nian arrantzale izan bear, zion berekiko. Ortarako sortu niñuan ordea. Utsik gabe bururatu bear diat egaluzea jatea, egundu ondoren.

        Egundu baño lentxeago atzean zeukan sokal bati eldu zion. Txotxa austen entzun ta sokala laisterka asi zala ontzixkaren gañetik. Illunpetan zorrotik labana atera ta arraiaren indar osoa ezkerraldeko bizkarrakin eutsiaz, atzealdera makurtu ta regal-olaren aurka sokala moztu zun. Ordun urbillago zeuzkan beste sokalak moztu ta illunpetan askatuta zeuden gerorako saillen muturrak tinkatu zitun. Esku batekin lana egoki burutu ta bere oña saillen gañean jarri zun tinkotzeko korapilloa estutu arte. Orain sei saill ziran erabilligabeko. Amuzki bakoitzetik moztu zitun bi ta arraiaren amuzkitik beste bi artu zitun. Ta guziak elkarri erantsita.

        Egundu orduko, pentsa zun, berriro lan egingo diat berrogei gizabeteko amuzkiaz ta ura ere moztu ta gerorako ari-saillak elkarren artean lotuko dizkiat. Katalandar lokarri oneko berreun gizabete ta amuzk ta burni-arrak galdu izango dizkiat. Oien ordekoa arkitu zitekek. Bañan arrai onen ordekorik nork arkituko? Beste arraiak kakotu ta ori askatuko balitzake? Ez zekiat ze arrai ote dan oraintxe amua ziztatu dun ori. Akula bat edo kaisar bat edo marrazo bat. Ez diat ori ere sentitu. Azkarregi utzi bear izan diat.

        Abots ozenez esan zun:

        Pozik nintekek mutikoa emen ba nu. Baña mutikoa ez daukak irekin, gogoratu zitzaion. Eure burua bakarrik daukak ta egokiago uke orain azkenengo sokaleraño jetxi, illunpetan edo argitan, ta moztu ta ari-sail biak lotu. Orrela egin zun. Zalla zan illunpetarako eginbearra ta bein arraiak tirakada ematean aozpez bota zun ta begipean zauritu. Odola matralletatik jetxi zitzaion pittin batean. Bañan okotzera eldu baño len legortu ta gizona aurreko aldera itzuli ta soña olaren kontra makurtu zun. Egokitu zakua ta arduraz sokala erabilli bizkarrean, toki berrira aldaturik, ta, bizkarrarekin tinkoturik, arraiaren indarra kontuz neurtu ta gero txalupak uretan zeraman abiada eskuakin ainbatu zun.

        Bultzada berri ori zergatik eman ote diten jakin nai nikek, pentsa zun. Burni-ariak irrist egin bide dio bizkar-gallurrean. Neri añako miñik ez ziokan emango, ez noski, ez. Bañan aundia izan arren ere, txalupa oni tiraka ezin zezakek beti jarrai. Orain ostopo egin dezaken guzia garbituta zegok eta sokala ba diat ugari badaezpadako. Gizon batek eskatu dezakena.

        Arrai, itz egin zion emeki, ozenki, il arte ni ementxe irekin.

        Eta bera ere nerekin egongo duk; nik ala uste, bururatu zitzaion agureari ta egunaren zai gelditu zan. Egunsenti aurreko ordu artan otz zan ta ontzi-olen kontra soña estutu zun bero-billa. Berak aña iraun dezaket, esan zun berekiko. Ta lenengo argiakin sokalak urrutira ta beealdera jo zun uretan. Ontzixka amai-gabe mugitzen zan ta lenengo eguzki-izpia agertzean, agurearen eskuiko bizkarrean jarri zan.

        Iparraldera jo dik, esan zun agureak. Uaitzak sortaldera asko okertuko gaitu, gogora zitzaion. Bera uaitzarekin itzuliko balitzake. Ori nekatzen ari zala señale.

        Eguzkia pittin bat geiago igo zanean, agurea konturatu zan arraia ez zala nekatzen ari. Señale on bakarra zeukan. Sokalaren eroria itxasazalaren ondoagotik zijoala. Orrek ez zun adierazten nai ta naiez gañera salto egingo zunik. Egin zezakean ordea.

        Jainkoak begi igo dedilla, esan zun agureak. Ori erabiltzeko bear aña sokal ba diat.

        Ba litekek nik miñ eman ta itxas-azalera etortzea indar pixka bat geiago egiten ba diat. Orain egunez bai gaude, azalera irten dedilla bizkar-ezurraren luzera ditun zakuak aizez bete ditzan ta gero sakonera iltzera ezin jetxi zitekek.

        Indarra geitzen saiatu zan, bañan alperrik, sokala aalik egiñean luzatuta, austeko zorian bai zegon, arraia kakotu zunetik. Atze-aldera indar egiteko makurtu zanean, lokarriaren gogortasuna nabaitu ta geiagotu ezin zezakela ezagutu zun. Ez diat iñoiz ere astindu bear, zion berekiko. Astiñaldi bakoitzak zabaldu egiten ziok amuak sortu dion zauria ta salto egitean aska lezakek. Dana dala obeto negok eguzkiarekin ta oraingoz ari begiratu bearrik ez diat.

        Itxas-orbel oria sokal gañean suertatu zan, bañan agureak ba-zekin orrek ontziaren abiada zallago egiten zula ta poztu egin zan. Izpazterreko itxas-orbel oriak ziran, gauez ainbeste arratsargi eman zutenak.

        Arrai, ots egin zun, maite aut ta itzal oso aundia diat. Eguna bukatu baño len ordea il nai aut.

        Ala uste diat beñepein, esan zun berekiko.

        Txoritxo bat egaka etorri zan ontzixkaruntz iparraldetik. Ots-txoriaren antzekoa zan ta itxas-azalaren urbill zijoan. Agureak oso nekatuta zegola ikusi zezakean.

        Txoria ontzixkaren txoparaño eldu ta bertan gelditu zan. Gero agurearen buru inguruan egan egin ta sokalean kokatu zan, egokiago zegon tokian.

        Zenbat urte dituk? galdegin zion agureak txoriari. Au al duk ire lendabiziko ibillaldia? Txoriak begiratu zion ari zan bitartean. Nekatuegi zegon sokala ikuskatzeko ere-ta kulunkatu zan sokala sendoki eldurik bere atzapar bigunekin.

        Ziur zegok esan zion agureak. Ziurregi. Aize gabeko gau baten ondorean ez uke nekatuta egon bear. Zertara zetozek txoriak?

        Belatzak, pentsa zun, oiek auen billa irteten dituk itxasora. Bañan ez zion orrelakorik esan txoriari, iñola ere ez bait zezaken ulertu ta belatzak bear bezala ezagutzeko garaia laister izango zun noski.

        Atseden, txoritxo, atseden ar zak, esan zion. Gero joan adi zorion billa edozein gizaseme, txori edo arrai bezala.

        Itz eragiten zion gauez gogortu zitzaion sorbaldak, orain benetan miñ ematen bai zion.

        Ago nere etxean, nai baduk, txoritxo, esan zion. Damu diat itxas-zapia altxatu ta eraikitzen ari dan aize bigunakin, legorrera ezin eraman autalako. Bañan adixkide batekin negok.

        Orduntxe arraiak ustegabeko astiñaldi bat eman zun. Agurea aurreko aldearen kontra bota zun ta ertzetik-at eroriko zan, zerbaiti lotu izan ez ba zan ta sokal puska bat askatu ez balu.

        Txoriak egan egin zun sokala astindu zutenean ta agureak ez zun joaten ikusi. Arakatu zun kontuz sokala eskuakin ta eskuak odola zeriola oartu zan.

        Zerbaitek minberatu dik, esan zun ozenki. Ta sokatik tira egin zun arraiari biribillean biur-erazitzera irixten ote zun. Bañan austeko zorian zegola-ta, tinko egin zun ta atzealdera soka eutsiz.

        Orain euk sentitzen duk, arrai, esan zion. Ta Jainkoak dakinez, baita neuk ere.

        Ingurura begiratu zun ia nunbait txoria agertzen ote zan, laguntzat atsegin bait zitzaion. Txoritxua joana zan.

        Ez aiz luzaro gelditu, zion bere kolkorako gizonak. Bañan oan aldera ireak eta bost ikusi bearko dituk itxas-ertzera eldu baño len. Nola utzi ote zoat arraiari nere esku-ebaki au ustegabeko astiñaldi orren bidez egiten? Gero ta zozoago nauk. Edo balitekek txoritxoari begira, ortan burua ari izatea. Orain nere lanean jardungo diat sor ta lor ta gero egaluzea jan bear diat auldu ez nadin.

        Naiago nikek mutilla emen balego ta gatz pixka bat ba nikek, esan zun ozenki.

        Tireko sokala ezkerreko sorbaldara aldatuta, arretaz belaunikaturik, eskua garbitu ta uretan euki zun miñutu bat baño geiago. Orrela txalupa zebillelarik, itxasoko ura esku-kontra arrotu egiten zan eta zerion odola arengana biurtzen.

        Orain askoz polikiago zijoak, esan zun.

        Agureari atsegin izango zitzaion eskua luzaroagoan ur gazitan eukitzea, bañan arraiaren beste ustegabeko astiñaldiaren bildurrez, tentetu soka, soiñari lotu ta eguzkiaren kontra jaso zun. Sokal-irristak sortutako ebakia baizik ez zan. Bañan eskuak lan egiteko zerabillen tokian egon. Ba-zekin nor-geigoka au bukatu baño len bearrezko izango zitula bi eskuak ta ez zitzaion atsegiña, asi baño len, ebakita eukitzea.

        Orain, esan zun eskua legortu zanean, egaluze txikia jan bear diat. Arpoiaz nereganatu ta ementxe patxadan jan dezaket.

        Belaunikatu ta egaluzea txopapean arkitu zun arpoiaren bidez ta sokal-sailletan naspillatu gabe bereganatu zun. Ermotu sokala berriz ezkerreko bizkarrean ta ezkerreko esku ta besoakin sendoturik, kakotik egaluzea atera ta arpoia berriz bere tokira. Ipiñi belauna arrai gañean ta aragi gorri-illunezko zerrak atera zitun buru-atzetik asi ta isatseraño, luzeran. Ziri moduko zerrak ziran ta bizkar-ezurraren ondotik sabel-ertzeraño atera zitun. Sei zerra egin zitunean txopako oletan zabaldu, bere labana praketan txukatu ta egaluzearen ondarrak isatsetik jaso ta ontzi-ertz-gañetik bota zitun.

        Ez diat uste bat osorik jan dezaketanik, esanta zerra bat erditik moztu zun. Sokalaren tiraka sendo, etengabea, sentitu zezakean ta ezkerra zaintiratuta zeukan. Goraldera tira zun sokal-pixutik ta naigabeturik begiratu zion.

        Ze esku-arraio ote duk au? esan zun. Txingurritu adi, nai ba duk. Atzapar biur adi. Alperrik izango duk.

        Ia ba, pentsa zun, ur illunetan sokalaren zearrari begira. Jan orain ta eskuarentzat indarra sortuko zaik. Eskuak ez dik kulparik ta ordu-mordoxka baderamak arraiarekin lanean. Baña geldi aiteke betiko berakin. Orain egaluzea jan zak.

        Artu zun puska ta aora eraman ta atera zion zumoa poliki. Ez zegon txarra. Ondo xeetu, pentsa zun, eta zumorik ez galdu. Lime edo limoi pixka batekin edo gatzakin ez litzake gusto txarreko.

        Zer moduz, esku? galdetu zion zaintiratuaz illotza bezin zurrun zegonari. Orain zeozer geiago jango diat iretzat.

        Bitan zatitutako bigarrengo xerra jan zun. Kontuz txikitu ta azala bota.

        Nola dijoakik, esku? Edo laisterregi al duk ezagutzeko?

        Beste zati osoa artu ta txikitu zun.

        Arrai sendo, odolez betea duk, dio berekiko. Urraburu baten ordez ori arrapatu nuanari eskerrak. Urraburua gozoegia bai duk. Au ez duk gozoegia ta ez dik indarrik galdu.

        Alare nor bere komentzira ibilli bear. Burugabekeria ukek bestela. Gatz pixka bat al ba nikek, arranotan. Ta ez zekiat eguzkiak legortu edo ustelduko ez ote dun gelditu zaidan arraikia. Beraz egokiago izango duk daukatana osorik jatea goserik ez egoteko. Arraia bare ta etengabe darrai. Egaluze osoa jango diat ta gertu negokek.

        Egon patxaraz, esku ori, esan zun. Iretzako ari nauk-eta.

        Pozik emango nioke arraiari jatekorik, pentsa zun. Nere anaia bai duk. Bañan il egin bear diat eta indarrak gorde bear ortarako. Poliki ta arretaz jan zitun ziri-tankerako arraiki-zerra guziak.

        Tentetu zan, praketan eskua igurtzirik.

        Orain, esan zun. Sokala askatu dezakek, esku. Nik eskuiakin bakarrik erabilliko diat, uskeri ori igandik aldegin arte.

        Zaintiratuak orduraño eutsi zun sokal pixugarriaren ganean ipiñi zun ezkerreko oña ta atzealdera egin zun agureak pixua sorbaldaz eramateko gisan.

        Jainkoari nai dakiola zaintiratu ori kentzea, esan zun. Arraiak ze egingo dun ez bai zekiat.

        Patxaraz ari dala zirudik, asmorik aldatu gabe. Ze asmo ote dizkik? pentsatu zun. Ta neuk? Arraia aundia bait duk, bere joko-erara neuk nerea moldatu bearko beingo-beingoan. Salto egiten ba dik il dezaket. Bañan azpian zegok ori betiko. Orduan baita ni ere orrekin betiko egongo nauk.

        Esku txingurritua prakaren kontra igurtzi ta beatzak dantzatzen saiatu zan. Bañan aiek dantzarik nai ez. Eguzkiarekin irikitzea bazitekek, gogoratu zitzaion. Jandako egaluze sendo-gordiña urdallean egositean irikiko ote duk. Bearrezko badiat, naita naiez irikiko diat. Orain ordea ez diat iriki nai indarka. Bere kasa iriki dedilla ta bere iritxitik biur bedi. Beartu ere geiegi beartu bai nian bart, sokal batzuek askatu ta lotu bear izan zitunean.

        Itxaso barna begira ta konturatu zan ze bakarrik zegon. Bañan ur-aundi illunean prismak ikusi zitzakean, estu-estu zegon sokala ta itxas geldiaren maillatu oiezkoa. Aizea odeiak metatzen ari zan. Arrantzaleak aurrera tinko basa-antzara-taldea ikusi zun. Egaztiak ur gañean iñoiz zeru-ertzaren kontra nabarmendu, iñoiz elkarren gaiñ mantxa beltz mordotu, iñoiz pintura antzo sakabanatuak zebiltzen. Eta itxasoan ez dabillela beinere iñor bakarrik konturatu zan.

        Burura zitzaion ba dirala lurra ageri ez danean txalupatxo batean ibilli bildur diranak; eta bat-batean naasten dan itxasoan arrazoi dute. Bañan orain galerna-sasoia zan eta galernarik ez izatekotan ori zan urte sasoirik onena.

        Aize beltza dabillenean aztarnak oartzen dituk zeruan egun batzu aurretik, itxasoan egon ezkero; legorrekoak ez dituk konturatzen, antzematen ez dakitelako, pentsatu zun. Legorretik ere antzeman bear litzaieke odeien tankeratik, noski. Oraingoz ez duk aize beltzik iñondik somatzen.

        Zerura begiratu ta laño zuri jela-mantekau-pilla gozoen antzera kupuratuak ikusi zitun; eta gorago ipar-odei, luma arin antzekoak, irailleko zeru ederraren islara.

        Aize ariña, esan zun. Iretzako baño neretzat obea, arrai.

        Bere ezkerra oraindik zaintiratua zegon, baña poliki askatzen zijoakion.

        Iguin diat zaintiratua, gogoratu zitzaion. Gorputzaren belzkeri bat duk. Lotsarazten gaitu besteen aurrean ptomainak emandako beerako edo gorakoak. Baña karranpa, calambre izena zeukan buruan, gizona bakarrik dagonean batez ere apalerazten dik.

        Mutikoa emen balego, eskua igurtzi ta biguindu zizaidakean ukaitik, gogoratu zitzaion. Bañan askatuko duk.

        Gero sokalak lendik egindako indar-aldakuntza eskuiakin nabari zun, zearrarena uretan ikusi baño len. Urrengo sokalaren kontra makurtu, ezkerra gogor astindu ta izterraren kontra joka ta pixkanaka sokala goruntz zijoala ikusi zun.

        Igotzen ari duk, esan zun. Ia, esku, ator. Mesedez ator.

        Sokala poliki ta etengabe goraka zijoan. Gero itxaso-azala okertu ontziaren aurrean ta arraia agertu zan. Amai-gabeko ere agertu, ura zeriola saietsetatik. Dirdiratsu eguzkiaren aurrean, ta buru ta gallur gorrixka-illunak zitun ta eguzkiari esker saiets-litzak zabal ta urdingorrixkak. Bere ezpata bisboleko makilla bezin luzea izan eta loditik meera jotzen zun. Izan bezin luze agertu zan arraia uretik-at eta gero berriro murgildu, goxoki, urpekari-antzo, ta agureak aren isats-sega aundia murgiltzen somatu zun eta sokala laisterka askatzen asi zan.

        -Ontzia baño oin bi luzeago duk, esan zun agureak. Sokala gero ta laisterrago, baña mallaka, ta arraia ez zegon ikaratua. Agurea aal zun estuena, autsi gabe noski, sokala bi eskuakin eusten saiatzen zan. Ba-zekin ark, etengabeko indarrarekin arraia geldi-erazi ez bait zezakean ere, arraiak sokal osoa eraman eta autsi ere zezakeala.

        Arrai aundi bat duk ta etsi-erazi bear zioat, pentsatu zun. Ez zoat iñola ere utzi bear bere indarraz konturatu dedin, ezta laisterka asi ezkero egin zezakenaz ere. Ni orren lekuan banengo, orain alegiñak egin ta aurrera joko nikek zerbait autsi arte. Baña, Jainkoari eskerrak, arraiak ez dituk arrantzaleak bezin azkarrak, zindo ta trebeago izan arren.

        Agurea arrai aundi asko ikusita zegon. Milla libra baño geiagoko aunitz. Bere bizitz-aldian orrelako bi arrapatu zitun, iñoiz ere bakarrik ez ordea. Orain lagunik gabe ta legorra ezin ikusi ziteken tokian, berriz iñoiz ikustez edo entzutez ezagutu zun baño arrai aundiagoari lotuta zeukan bere burua ta ezkerreko eskua arrano baten atzapar dardaritsua bezin gogor zegon oraindik.

        Askatuko duk, pentsa zun. Seguru asko aldegingo ziok zaintiratua, eskuiari lagun egin aal dezaion. Iru gauza artu zitezkek anaitzat: arraia ta nere bi eskuak. Karranpa ken bear zaio. Orri ez zegokiok. Arraiak berriz gutxitua zun abiada ta oi bezela patxaran zijoan.

        Ur gañera zergatik agertu ote dan jakin nai nikek. Salto egin zian bere tamaña neri erakutsi naiez. Orain nolabait ezagutzen diat. Pozik erakutsi aal izango ba nio ze giza-mota naizen. Bañan orduan eskua zurrundua ikusiko lidake. Naizen baño gizonago naizela uste dezala ta alako izango nauk. Arraia izatea nai nikek, gogoratu zitzaion, oraingo nere adimen-borondateren lekuan ark daukana besterik gabe.

        Egokitu zan aalik erosoena olaren kontra ta marmarrik gabe artu zun bere nekea. Ta arraia aurrera igeri ta ontzixka ur illunaren barna poliki-poliki. Sortaldeko aizeakin itxaski pixka bat jeikitzen asia zala-ta, eguerdian agurearen eskua dardarizurik gabe zegon.

        Albiste txarrak iretzat, arrai, esan zion ta sokala mugitu zun bizkarrean zeraman zaku gañean.

        Eraz zegon, baña miñez. Miñ ori zunik ez zion onartuko iñori ere.

        Ez naiz elizkoia, zion. Bañan esango ditut amar Aitagure ta amar Agurmari arrai au arrapatzeagatik. Ta arrapatzen badut Kobreko Ama Birjiñari erromes joatea eskeintzen dut. Orra eskeñita.

        Asi zan otoitzak oargabe egiten. Batzuetan nekatua nabaitzen zun bere burua eta ezin otoitza gogoratu ta berriz azkar-azkar egiten zion, berez irten zedin. Agurmariak aitagureak baño esan-errexagoak dituk, zion berekiko.

        Agur Maria graziaz betea, Jauna da zurekin, bedeinkatua zera zu emakumeen artean ta bedeinkatua da zure sabeleko frutua, Jesus. Santa Maria, Jaungoikoaren Ama, erregutu ezazu gu pekatarion alde, orain ta gure eriotzako orduan. Amen. Ordun erantsi zun: Birjiña bedeinkatua, otoi egizu arraia il dedin. Ain arrigarria izan arren.

        Otoitzak bukatu ondorean askoz obeki zegola ta oñazea leen añakoa eta aundiagoxea bear bada izan arren, aurreko olen kontra makurtu ta ezkerreko beatzei eragiten asi zan.

 

 

Aurrekoa
Hurrengoa

   © Ernest Hemingway
   © itzulpenarena: Anjel Goenaga


susa-literatura.com