AUSAZ EGUZKIAK

 

euria egin zuen ostera

eta hitz batzuk eskatu zizkidaten

poztu egin nintzen

nire hitzak leku publikoa merezirik

idatzi egin nuen

 

euria egin zuen ostera

eta hitz batzuk eskatu zizkidaten

aurrekoan idatzia nintzenez

erraz eginen nuela usteko zuten

idatzi egin nuen

 

euria egin zuen ostera

eta hitz batzuk eskatu zizkidaten

euria nire liburuetako gaia bihurtua zen arren

hartarako hitzak nahi zituzten noski, berariazkoak

idatzi egin nuen

eguzkia proxeneta bat zaidalako

 

euria egin zuen ostera

eta hitz batzuk eskatu zizkidaten

hala zuen izena kantari gazte batek

nire testuekin

egin berria zuen abesti ezagunak, euria

 

horretarik atera nuen testu hura ez zela ona

bestelako hitzak behar zituela jendeak

ez goiz eta berandu ahotan zeukaten kantuarenak

 

idatzi egin nuen

etxeko itoginek eztanda hotsak ateratzen zituztela

 

euria egin zuen ostera

eta hitz batzuk eskatu zizkidaten

pikutara bidaltzeko gogoak hartu ninduen

musikaren soberak gortu zuen beethoven

 

baina idatzi egin nuen

alderatze hark —gezurra izateaz beste— ahalkez urtuta:

euriaren soberak gintuen ekarriak egoera hartara

 

atertu egin zuen

urpetik azaldu ziren plazak zubiak karrikak itotakoak

eta sinadura eskatu zidaten

beste askorena ageri zuen idatzi baten azpirako

 

ez, ez naiz bizi euriaren zain

alkandora zabal bularra ile

urrezko kateak erakusten dituen

proxeneta zait eguzkia

baina ez naiz bizi euriaren zain

 

bustiak bestelako distira dauka orain

eta nork daki, ausaz eguzkiak ez gaitu inoiz bustiko

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


susa-literatura.com