Azken hogei urteko gatibutza betetzekoa da Mitxel Sarasketa preso eibartarra. Espetxean denbora gehien daraman euskal presoa. Eta izan, katibutzaren katea trinkoaren lehen muturra baino ez da. Andana baitira gertu gertutik jarraitzen diotenak.

Gertaera horrek merezi du, orain baino lehen bezala, gaur egunean ere hitzak jar diezazkiogun, merezi ditu irudi batzuk, merezi du bere doinuak izan ditzan. Sentimendu zaparradak dira adierazi gura direnak, ez arrazoiak; kantuak, poemak, irudiak eskaini gura dira, ez himnorik, ez desfilerik, ez harrera ofizialik. Bihotza bihotzaren kide da, gizakiak gizakiaren hitzetan eta begietan bilatzen du egunerokotasunaren neurria, askatasunarena eta bakardadearena. Gehienetan, ordea, ikusmira ez da argia izaten, lausoa baizik.

Gabetasunak, ezinak esandakoa.

Joseba Sarrionaindiaren "Kiromantzidxa" poema da ikuskizun honen ardatz. Euskal iheslari bati eskuko arrastoak irakurriz iragana eta geroa igarriko dizkio kiromante batek. Hari horri lotzen zaizkio, bateko Deabruak Teilatuetan taldearen abestiak, besteko Mattin eta Xabi Ubedaren diapositibak eta Koldo Izagirre, Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendiren poemak. Aintzane Astigarragak betetzen du igarlearen papera adierazpen eta hitzetan. Aurrikusitako patuaren aurrean sentimenduen indarrak ez duela amore emanen adierazi guran bezala datoz doinuok, irudiok eta hitzok. Bakarrik gaudenean ere ez gaudela guztiz bakarrik, eta beti gaudela mitxel sarasketa baten esperoan.



susa-literatura.com