Ninien Ni-Niak
“Sexuari buruzko testu baten aurrean jarrita, egilea
emakumezkoa denean literatura erotikoa al da? Eta gizonezkoa bada testu horren
egilea, pornografia al da?”. Legaleon Teatro taldearen Cómeme el punto antzezlanean entzun dut galdera hori jokalari baten
ahotan, eta unean bertan irribarre triste samarra ahoratu zitzaidala onartu
behar dut, adierazten duen egonezak eraginda.
Gai horri bueltaka, gerora
lagun bilakatuko zitzaidan irakurle batek behin esan zidana gogoratu dut.
Ezizenez idatzi nuen artikulu bat irakurtzean, argi eta garbi izan omen zuen
ezizen haren atzean —gizonezko izen-deiturak ziren— emakumezko bat ezkutatzen
zela. Emakume hura ni nintzela jakitean poztu egiten zela gaineratu zuen. Nire
artikuluak irakurtzearen ondorioz, dauzkadanak baino askoz ere urte gehiago
izango nituela ere pentsatzen zuela onartu zidan handik bost minutura. Hitzak
bere horretan irakurtzeaz gain hizlaria bera sailkatzeko dugun joerari buruz
hizketan aritu ginen luzaz ondoren.
Ni-Kazetariak badaki, esaterako,
espezialak garela sortzaile ez omen garen idazleok (kazetariok) jendeari
horrelako tituluak jartzen. Kultura, literatura, artea, musika, dantza,
antzerkia eta beste hainbat diziplinatan sailkatzera ohituak, sailkapena
jendearenganaino luzatzeko ajea dugula gehiegitan, alegia. Irakurleak halakoxe
tituluak behar dituelakoan gaude nonbait. Hori bai, beti geratzen zaigu genero
literarioei sexu generoak eransteko joera berria ez izanaren kontsolamendu
merkea.
Ni-Irakurleak badaki,
bestetik, argitaldariek ere maite dituztela honelako titulutxoak zenbaitetan,
genero bakoitzak bere sasoia duelakoan liburuak saltzeko orduan. Badakit ere
generoak denboraren eta gizarte aldaketen poderioz eraldatuz doazela. Jasone
Osorok egunen batean bere Tentazioak
liburu ez erotiko moduan irakurria izan dadin lortuko ote duen? Auskalo! Nik
neuk egunen batean lan horren eta besteren kalitate mailaz —baxua zein altua
izan— besterik ez hitz egitea eskertuko nuke bederen.
Ni-Gizaki Oso(Emakumezko)ak
—azpi-Ni hori zakilik gabe jaiotzearen ordaina dela esan zuen duela mende erdi
jada Simone de Beauvoirrek Bigarren sexua
liburuan, jatorrizko Ni-Gizaki Osoa, Adan zaharra gogoan, zakilduna dela
irizten baitio gizarte honek— ikasi du hainbat datu esanguratsu jaso, aztertu
eta ondorioak ateratzen. Badakit, esaterako, Euskal Idazleen Elkarteak egun
dituen 217 bazkidetik 27 besterik ez direla emakumezko. Badakit ere irakurleen
artean emakumezkoak gehiengo oso handi bat garela. Nahiz eta hori baino askoz
gehiago dena jakin, irakurtzea hartzaile lana betetzea dela esango luke batek,
eta emakumezko gehienak oso ohituak gaudela rol horretara.
Idazle-emaile-publikoarenera baino gehiago bai bederen. Niniak janzteari utzi
eta Ni-Niak biluzten hasi arte.
Amagoia Gurrutxaga