Arestiren kaleak
Bilbon aspaldi jarri zioten kalea Gabriel Arestiri, bere
borondatearen kontra, Harri eta herri-ko
“Nire izena” poeman esandakoa aintzat hartzen badugu: Jainkoak eztezala nahi Bilboko karrika bati / Nire izenik eman
dezaiotela / (Eztut nahi bizargile hordi batek esan dezala: / Ni Arestin bizi
naiz, anaiaren / koinata nagusiarekin. Badakizu. Maingua). Hala ere,
haserretu baino gehiago harrotu egiten gintuen horrek: ikusten?, esaten genuen,
ezjakin hutsak dira gure agintari horiek. Eta Aresti gureago sentitzen genuen,
haren liburuak irakurtzen ditugunona esan nahi dut.
Dena dela, eta txintxo
pentsatu nahita, beharbada gure agintariak ez ziren guk uste bezain ergelak eta
ezjakinak. Azken batean, Gabriel Aresti izena karrika bati ez baizik abenida
bati eman zioten, gainera non eta Otxarkoagan: “Jainkoa jaio da Otxarkoagan”
izan zen haren ipuinetako bat, eta auzo egokiagoa da hori noski poetaren
sentsibilitate sozialerako Abando dotorea baino (baita bizargile hordien emazte
mainguak topatzeko aproposagoa ere, bide batez esanda).
Donostian ere jarri zioten
kalea gure poeta nazional eta sozialari, ez dakit euskal literatura osoari
gorazarre egiteagatik ala Bilbo baino gutxiago ez izateagatik. Tokia ere,
aldrebes samarra baina polita, zalantzarik gabe: Polloeko kanposantuko buelta
guztian, Intxaurrondo berriko etxetxo erantsi sorta baten aurrean, lehen aipatu
dugun poema bereko beste zati bat gogorarazteko bezala: Hemen datza Gabriel Aresti Segurola. Goian bego. / Pérez y López.
Marmolistas. Kale hau ere ez dugu karrika, baizik pasealekua, eta lauzaren
ordez kartoizko panel handi bat dago aspaldian kalearen sarreran: “Gabriel
Aresti cortado por obras”. Poesia hutsa.
Orain, berriz, Gabrielen
heriotzaren 25. urteurrena ospatzera doala-eta, hainbat ekitaldi antolatu
dituzte bai Bilbon bai Donostian, Bidebarrieta liburutegian batetik eta Koldo
Mitxelena kulturunean bestetik. Poztekoa da noizbait gauzak elkarren laguntzan
eta ez elkarren lehian egiten hastea (oraingoan gaizto jarrita, esan liteke
Zazpiak —edo Seiak— bat amestu hura Utopiabiltzaren kutxan gordeta, Laurak bat
balizkoa historiaren bazterretan galduta eta Hirurak bat maxkala PPko arabarrek
galarazita, mano-mano aritzera kondenatu gaituztela gehienetan etsaiturik
ibilitako giputx-bizkaittarrak).
Poztekoa dela nioen
elkarlana, poztekoa eta harritzekoa urtebeteko aurrerapenarekin aritzea, eta
poztekoa bezain txalotzekoa egitarau zabal bat antolatzea, gure idazle gurena
oroitarazteko, ahazturaren zakuan ez uzteko. Hitzaldiak izan dira, mahai-inguruak,
irakurraldiak, baita erakusketa bat ere, polit askoa gainera, abendu erdira
arte ikusgai dagoena Donostiako KMn, edonori gomendatzeko modukoa.
Ez nuke kexatiarena egin
nahi baina, oroimenezko erakusketa hori ikusiz, Aresti domestikatu bat eman
nahi diguten sentipena izan dut: ertzak leundu dizkiotela, asimilatu-edo; kalea
jarri diotela, azken batean. Zuzena eta txukuna da erakusketa osoa, horretan ez
dut dudarik, eta Gabrielen irudi egoki eta eder bat ematen du gainera, alderdi
guztietatik. Ederregia izatea akaso... Esan nahi baita, bertako imajina eta
hitzetan ez dela inondik igartzen zenbateraino zen pertsona kontraesankorra,
zalantzaz betea, aldakorra; bere prestu eta zintzoan ere polemika agortezinetan
tematzen zalea, petraltzeraino kasik.
Baten batek leporatuko dit
beharbada, ezagutu ez zuen batek ez duela halako itsuskeriarik esateko
eskubiderik, eta arrazoi du segur aski, Arestiren irakurle izateak ematen duen
eskubide xumeagatik ez bada. Zakarkeria horiek, ordea, ez dute Aresti itsusten,
gizatiarrago eta benazkoago egiten baizik; maitakorrago, nire begietara
bederen. Gabrielen izaera eta pentsaera konplexu horrek egiten du posible,
bestalde, espainolista sutsu nahiz abertzale amorratu izatea gaur egun, garai
batean haren lagun eta lantukide izandakoak, nor bere oroitzapenekin, nor bere
arestitxo eta interpretazioarekin; maisuarekiko debozioaz gainera, zurikeriari
ihes egitea dela esango nuke horien guztien ezaugarri bateratzaile
bakarrenetakoa, eta bekatu horixe izan dezake agian erakusketak: Gabriel Aresti
goxoegi bat aurkeztea. Dena dela, erakusketa halako artaz antolatu dutenak ez
baizik gizarte osoa, gu denok gara nolabait ere zurikeria horren errudun,
Domusaindu iraunkor batean biziko bagina bezala, non hildako guztiak diren
saindu, denak zerurako hautatu.
Hildakoekiko zurikeria
orokor horren adibide gisa, garai berean egokitu da, kasualitatea, Iñaki
Eizmendi Basarriren heriotza. Euskal
komunikabideetan dena izan da lore eta laudorio: euskaltzale, abertzale,
kazetari, bertsolari... denetan jator eta guztian mundiala. Ez gara orain trapu
zaharrak astintzen hasiko, baina neurriz jokatu beharko genuke balorazioetan,
eta oroimen apur batez: gerra aurre eta ostekoak alde batera utzita
—frankismoak euskal kulturari uzten zion folklorekeria desideologizatuzko
zirrikitu horretan aritu behar izan baitzuen lehenago Aitzolen eskumakila
izandakoak—, esan beharrekoa da, nire ustez, 1960tik aurrera, euskal kulturan
abian zetorren modernizazio guztiaren kontra gogor eta egoskor jardun zuela
Basarrik: euskara batuaren kontra, ideologia berrien kontra, gazteek zekarten
oldarraren kontra. Barkatzekoa da, zalanzarik gabe, halako txikikeriek ez dute
muntarik Hilezkorren Parnasoan; baina, mundu ziztrin honetan, handien
mirespenaren gainetik errespetua zor diogu orori, eta era honetako kontuak modu
sistematikoan isilduz gero errespetua galtzen diegu bai Basarriri, bai haren
kontra borrokatu zirenei. Eta horien artean nabarmena izan zen Aresti, haren
lan osoetan oraindik ere irakur dezakezuenez (10. liburukia: Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak).
Xabier Mendiguren Elizegi