Euskalgintza eta kritika
Badirudi gaur egunean euskal kultura eta euskalgintza beldur
direla aski ezagunak zaizkigun aurkako indar mediatiko eta ideologiko ahaltsuen
eraginez. PSOEtik (zer esanik ez PP-UPNtik!) eta bere inguruan mugitzen diren
intelektual entzutetsuengandik, euskararen berreskurapenari dagokionez, ez da
inongo proposamen positiborik egin, positibo hitza bi zentzutan ulertuta: ia
proposamen guztiak euskararen egoera diglosikoa iraunaraztearen aldekoak izan
direlako, eta beste zentzu batean, euskararen berreskurapenaren alde zerbait
proposatu denean idealismo antzuan erori izan delako.
Ondoren datorrena duela
zenbait hilabete ageri zen euskal medio batean, baina zoritxarrez, ezkutuan
mantendu nahi bada ere, indarrean dirau: “Creo
que todo lo que viene últimamente del Partido Socialista sobre lo vasco, o es
exageración, o es mentira, o es fobia. Ha jugado la baza más vulgar, mediocre y
sectaria: ha ido a romper la comunidad”. Euskaldunoi espainiarren aurrean
euskaldun politikoki zuzenaren eredu gisa aurkeztu izan zaigunak ondorengoa
esatea nahikoa argigarria da.
El País, El Correo eta beste zenbait talderen intelligentsiak,
(batzuetan agerian, beste batzuetan ardi-larruz) zuzentasun politikoaren
jendarme gisa dihardu euskal hizkuntzaren berreskurapenari “markaje” estua
eginez. Aipatu medioetako kritizismo antinazionalista horrek gure hizkuntzaren
berreskurapenari behin eta berriro ezartzen dizkion traben ostekaldean
antzinako ideologia “unibertsalista” dago, hots, Kultura (unibertsala) da gaztelerazkoa
zein frantsesezkoa, eta euskarazkoa, aldiz, kontzientzia ideologiko gaixo bati,
abertzaletasunari alegia, arnasa ematen dion ekoizkin motxa. Azken finean,
ikuspuntu honen arabera euskararen egoera diglosikoaren arrazoi nagusia
euskaldunok “askatasunez” hizkuntza baztertzearen aldeko jarrera hartzea izan
denez, diglosia honek irautea normala
da, historian zehar euskaldunok jasandako inposizioak, erdeinuak, eta abar
minimizatuz.
Aspaldiko leloak: alferrik
ari garela, historiaren bilakaerak inposatu determinismo iraulezinari men egin
behar diogula...
Egia da, merkatuaren
determinazioak hor daude eta bertan jarraituko dute, baina hala eta guztiz ere
globalizazio eta uniformazio garai honetan euskal kulturak aniztasun
kulturalari bere ekarpen duin bezain tipia egin ahal dio. Jakina, euren burua
unibertsaltzat jotzeko inperio baten oinordetza kulturalean kokatu behar
dutenentzat asmo xume honek ez du merezi. Guretzat honek, ordea,
erakargarriagoa bihurtzen du.
Indar mediatikoen guda
zelaian, euskalgintzaren baliabideek gizartean duten eragina txikia da
aurkariek dituztenekin alderatuta. Ahulezia honek kritikarekiko beldurra
justifika dezake, zeren boteretsuak txikiari kritika gaitzesgarria egitea
krudela izateaz gain, erraza ere bai baita, eta halakoetan txikiak ahal duen
neurrian ez dio abantailarik eman behar guztia bere alde duenari. Baina alde ez
daudenak ez dira ments guztien iturria.
Eszenategi mediatiko honetan
euskalgintzak bere burua gizartearen eta botere publikoen aurrean subjektu bat
bezala agertzea positiboa da. Kohesioa, sinergiak sortzea... hauek dira,
besteak beste, euskalgintzaren egungo diskurtsoaren kontzeptu nagusiak. Bide
horrek egokia dirudi gure hizkuntz-komunitatearen egoera eta neurria kontuan
izanik, are zentzuzkoagoa aipatu mass medien bidezko eragin urriaz jabetuz
gero. Lerro hauekin ez gatoz inolako plangintza soziolinguistikorik auzitan
jartzera, ezjakina dena barregarri ibiliko bailitzateke halakoetan, baina ezin
dugu ezkutatu euskalgintzaren praxiak sortu digun zenbait kezka.
Kohesioa balore nagusitzat
hartzen bada, zein da kritikak duen tokia? Zelan formulatu ahal da kontsentsua
itogarria suerta ez dadin?
Gure hizkuntzaren
berreskurapenaz ari garenean ez dugu ahaztu behar prozesu luze baten aurrean
gaudela, baina ez gatoz beharrezkoa den pazientzia historikoaren aldeko alegato
bat egitera, kritikaren beharraz jabetzeko hausnarketa xume bat eskaintzera
baizik. Izan ere, akritizismoak epe motzean ustez emaitza onak eman baditzake
ere, epe luzera begira pentsamenduaren eta ekinbidearen endekapena dakar. Dena
ondo doa, denok batera zein ondo ari garen… Beharbada satisfakzioa saltzea edo
informazioaren ordez publizitate baikorra egitea izango da bizi garen garaiaren
ezaugarria, baina gure ustez hau bide laburra da. Euskararena, aldiz, luzea.
Bai, kritika lehendabiziko
unean beti onura negatiboari lotuta joango da, gaizki doana detektatu ondoren,
altxa genueneko paradisu txikia puskatu egiten duelako. Honela izan da beti,
eta hala behar du. Baina neurriz kanpoko satisfakzioa mugatu egiten badu
errealitatearen pertzepzio orekatu eta errealagoa emango digu, eta zalantzarik
gabe onura hau positiboa da oso. Nola erdietsi kritikaren onura positiboa
aurkariari bazka eman barik? Posible ote da hau?
Egia da euskaldun gehiago
garela, inkesten emaitzak hor daude eta hau gizarteratzea ondo dago,
aurrerapausoak ez dira ezkutatu behar. Baina aurki honek badu bere ifrentzua:
ez da neurri berean euskaraz gehiago hitz egiten, irakurtzen, zinema edo
antzerkia egiten... Hizkuntzaren ezagutzan aurreratu egin da, baina erabileran
askoz gutxiago eta kulturalki estrategikoak diren zenbait alorretan
—zinemagintza, antzerkigintza...— atzera egin dugu. Soziolinguistikan aditu
direnek hizkuntzaren prestigioa, motibazioa eta autoestima kulturala
hobetzearen garrantzia azpimarratzen dute egoerari erantzun egokia eman ahal
izateko. Euskarak gizartean duen prestigioari dagokionez, esan behar da
hobekuntza bat egon dela, euskarak inoiz izan ez duen onespen soziala lortu
duelako, baina hau sarriegi ez da maila sinbolikotik haratago joan. Agian,
gizarte postindustrialean koherentzia baztertuta xamar dagoen balore bat
izateak badauka honekin zerikusirik.
Autoestima kulturalari
begira, lan interesgarriak sortzen ari dira eta zentzu honetan Jon Sarasuak
egiten diharduena azpimarratuko nuke. Honen balorazioa egiterakoan, filosofo
euskaldun ospetsuenak euskal pentsamendu berri baten loratzearen lekuko izaten
ari garela iradoki izan digu. Nire ustez aipatu lanaren beharra eta egokitasuna
ezbairik gabekoa da, besteak beste, izpiritu kritikoa ez duelako alde batera
lagatzen. Baina euskal pentsamendu berriaren zaku horretan bat ere berria
iruditzen ez zaidan proposamena aurkitu dut: euskaldunona omen da mendebaldar
zibilizazioaren jatorria. Jasotako kritiken aurrean, hipotesi honen
defendatzaileek argudiatzen dute beraiek zientzia egiten dutela eta orain arte
ez zaiela ganorazko kritika zientifikorik egin. Aitortu behar dugu gai
zientifikoetan ezjakin hutsak garela, baina jakin badakigu ezagutza zientifikoa
ez dela eremu aseptiko eta baldintzagabea, alegia, osagai ideologikoak dituela,
eta noski, baita euskal zibilizazioaren hipotesiak ere.
Egileek eurek diote lan
honen helburua euskal eta, azken finean, Europako jatorrizko baloreen
berreskurapena dela. Baina gizarte edo herri batentzat balore batzuk
onuragarriak izango dira etikoki eta politikoki komunitate zuzen, zoriontsu eta
askea altxatzeko balio badute, eta ez gure izaeraren benetako izanaren
berreskurapena direlako. Gainera ikuspegi ezkertiar batetik ikusita, barka, baina
herri bati bere burua identifikatzeko baloreen iturria berezitasun
genetiko-kulturalean kokatzea oso arriskutsua izateaz gain, ez du inongo
ekarpen berririk egiten. Halaber, batzuon harridurarako, Europak bere burua
ezagutzeko aitortu egin behar du bere jatorria euskalduna dela eta “aitorpen
horri esker bakarrik (azpimarra
neurea da) berpiz dezakegu euskaldunok geure buruaren estimazioa...”. Barka
jaun-andreok, baina ez, batzuontzat gure autoestima kulturala zientifismo
batean oinarritu nahi izatea izugarria da oso. Diskurtso zientifikoa oso
eraginkorra eta objektiboa izan daiteke baina errealitatea atzemateko era bat
baino ez da. Mundua eta gizakia ezagutzeko beste lengoaia batzuk ere badira
—musika, literatura, arte plastikoak...—, eta ezbairik gabe, azken hauek gure
autoestima kulturalerako askoz egokiagoak eta gizatiarragoak dira.
Bukatzeko, mesedez,
Historian euskaldun gisa idatzi ez ditugun urrezko orrien gabeziaz sendatzeko
europarrenak garela erakutsi behar gure buruarekin gustura egoteko? Batzuetan
gauzak ezin errazago jartzen dizkiegu aurkariei. Oraindik ez dugu txikiak
izaten ikasi.
Mitxelo Gorosabel