Egoera pre-estatala
Aberdeen,
1. urtea Garaikoetxea eta gero.
Zuen e-posta jasotzeak azukre zapore gogor bat utzi
zidan. Zelan nabilen jakin nahi duzue (txarra kenduta ondo esango nuke) eta
Eskoziar nazionalismoaz galdetzen didazue (egia esan arlo horretan Eskoziari,
txarra kenduta, ez zaio kasik ezer geratzen).
Gainera, kanpoan nagoela
aprobetxatuz, ia zelan ikusten zaituztedan erantzutea nahi duzue, ia nazio bat
garen. Ez dizuet lehenago idatzi ordenadoreak greban egon direlako oso argi ez
dagoen zerbaiten eske. Nazio bat garen edo ez... joder... ordenadoreak
estropeaturik egon ez balira momentuan botako nizueke bronka, tabernatik
horretarako bakarrik irtenaraztearren. Galdera handi honek erantzun laburra
dauka: bai.
Galdetu nire pisukide
danesari edo greziarrari ia nazio bat garen eta tximino batzuei bezala
begiratuko dizuete galdera susterbakoak egitearren. Pellek eta Parisek argi
daukate baietz, eta gu bitartean malabarismoak egiten egunkarietako
editorialetan.
Uste dut ni ere
materialistegia naizela maiz, ukitzen dudana maite dut, janzten dudana, ikusten
dudana. Batzuetan lagungarria da, batez ere daukagun ezker abertzale
xelebrearekin, non Bakunin, Arana eta Marxek gorri bat edaten duten Herriko
batean, Rousseauri itxaroten dauden bitartean. Arazoak identifikatzeko eta
soluzioak emateko ondo dago materialismo apur bat, zientzia apur bat, bestela
aurreratu dugun apurra pikutara bidali baitezakegu batzargelaren kolorea
erabakitzerako orduan adibidez.
Hala ere, in the other hand,
gure buruak munduan zehar proiektatzeko filosofia txarragorik ez dago. Nire
pisukideei oso gutxi hitz egin diet Euskal Herriaz, beste metodo bat frogatu
nahian edo. Eta azkenean beraiek galderak egin behar izan dituzte, ernegatzen
bezala zergatik ez diedan esan gerrillakoa
naizen ala ez. Eta nik ez diet guztia hiru hizkitan laburtu nahi. Hori
materialismoa da, gure etxe barruko erratza. Etxekogizonik ez da amantalarekin
irteten Arriagara. Arriagara joateko jakerik onena behar da. Eta gure jakea
hizkuntza da, nire aurpegia, mundutik zehar darabildan pausoa. Jakerik
eleganteena da ezer justifikatu behar ez izatea. Pauso bat atzerago egoteak ez
du esan nahi galdu garenik. Eman patxaran apur bat munduari, eta alegre
dagoenean kontatu nazio askapenarena edo nobiak utzi egin zaituela. Hori egiten
dute danesek eta griegoek.
Horiek Estatu bat daukatela
esango duzu zuk, hori ez dela gure kasua. Ba nik esango dizut gure herria
hobeto organizatuta dagoela Danimarka edo Grezia baino. Egoera pre-estatal
batean gaudela. Hogeita lau ordutan jarri ditzakegula instituzioak martxan,
langileek erreleboak normaltasun osoz aldatzen dituzten bitartean. Borondate
kontua da. Nazio bat gara Garaiko badoalako eta Errazti etorri. Milaka Josu
Muguruza ditugulako. Arzalluzi gutxi gorabehera berdin zaiolako gaur ala bihar
deitu taxi bati. Eta nazio bat gara ez gabiltzalako hogeita lau orduak nazioa
gora nazioa behera. Jan ere egin behar dugulako. Edo Europako ezker-eskuin
dialektika bizienetarikoa daukagulako. Edo datorren mendeko ekologismoa mende
honetan ikusi dugulako Itoitzen. Edo eguneroko arazoez eztabaidatu behar
dugulako abertzale sentitzen ez direnekin.
Hain zuzen beraiek dira
nazio bat garela frogatzen digutenak. Etengabe. Lasaitzeko eskatzen digute,
lehenengo ongizatea dagoela eta gero banderak, eta horrek egunero frogatzen du
bi ongizateren arteko eztabaida dela hau, nazio batek bidegurutze bat duela
aurrean: Estatu zahar eta dekadente batekin jarraitu edo gerratik,
autonomiatik, borrokatik eta egin dizkioten azpijokoetatik ikasita datorren
abertzaletasun moderno eta demokratiko bat eraiki, baina oraingoan territorio
batekin.
Nazio bat ez da gehiengo
bat, Estatu bat gehiengo bat ez den bezala. Hurbilketa zientifikoegiak egiten
ahalegintzen gara aberria ulertzeko (zenbakiak, treguak, dimisioak) aberria eta
nazioa nahastuz askotan. Eta gero nazioaren esentzia aberritik urrun aurkitzen
dugu. Nazionalen bandoan borrokatu zen jende askok lekzio bat baino gehiago
eman digu inoiz. Askok eta askok berbakunea eta zapaltzen duten lurra maite
dituzte indar indigena sinetsezin batekin. Eta nazionalistekin ibili zen
hainbat jendek erlojua bezain erraz saldu ditu pinudiak eta etxaldeak, eta
erdaraz erakutsi seme-alabei, bai, printzipala bestea dalako eta ez euskerea.
Pelle eta Parisengana joan
naiteke orain eta nazio bat garela esan, entzun,
nazio bat gara eta maila politikoan nazio honetako sektore bat lotuago
sentitzen da Espainia edo Frantziarekin eta ez du sinesten ezer hobeagorik
aporta dezakeenik burujabetzak. Maila kulturalean, nazio honetako populazioaren
zati bat bestea baino indartsuago aurkitzen da, kontuan hartzen badugu lur
puska honetan berezia eta bakarra euskara eta bere unibertsoa direla. Eta
horiek elkar ebakitzen duten zirkulu bi dira, eta elkar ebakitzen duten puntu
komun horretan ari gara ekin eta ekin. Kultura eta boterea. Badakigulako beste
zirkulua erori egingo dela bata erortzen bada. Kultura dirua eta legea direla,
hau da, Estatua. Eta Estatu baten beharrizana nekez eduki dezake kulturalki
desberdin sentitzen ez denak.
Baina mendea eta segundoak
gurutzatzen diren lekua dela esan diet, aberria.
Ez dakit ulertzen didazuen.
Igor Estankona