Iragankortasunaren
inkongruentzia
Azken aldi honetan, Ibarrolak Oman margotutako basoa
berriro izan da albiste. Oraingoan, arrazoia pinudiaren zati batean jabeak
eginiko zuhaitzen mozketa izan da. Baina orain dela hilabete gutxi batzuk ere,
Omako basoa albiste izan zen, Arte Ederretako ikasle batzuek Eusko
Jaurlaritzaren diru laguntzaz pinuetan zeuden margoak birmargotu baitzituzten.
Birmargotze hau kontuan
izanik, badirudi artelan honen benetako esanahia ez dela ulertu. Omako basoa,
zalantzarik gabe, ingurugiro artelan bezala sailka daiteke. Margoek
pinudiarekin bat egiten dute eta, beraz, bien arteko menpekotasun hautsezina
dago.
Ingurugiro artea XX. mende
bukaerako arte tendentzia interesgarri, fresko eta berria da. 70eko hamarkadan,
Estatu Batuetan gertatutako “Land Art” mugimenduak, galeria eta museoek
eskaintzen zuten espazio mugatuetatik alde egin nahian, beraien artelanak
paisaia ireki eta zabaletan ezarriko ditu, paisaiak eta artelanek bat eginez.
“Land Art”eko artelanak, askotan basamortu edo ingurune kutsatuetan ezartzen
zituzten, artea gizakia naturarekin adiskidetzeko lanabesa bihurtu zedin.
“Land Art”aren ezaugarri
komuna duen eskala handia da, monumentaletik oso gertu. Europan hedatuko den
ingurugiro artelanek, ordea, eskala txikiagokoak dira: kokaturik dauden
inguruarekiko menpekotasuna dute, baina hauen izaera galkorra da.
Richard Lang, David Nash eta
Andy Wolsworthy dira Europako mugimenduaren ordezkari nagusienak. Hauen guztien
artelana iragankorra da eta beraz, beraien izaera denboran mugatua dago.
Paisaia eta natura etengabe aldatzen ari dira eta aldaketan datza paisaiaren
benetako izaera. Artista hauek ez dituzte paisaiak betikotzen, eta beraien
artelanek paisaia eta natura etengabe aldatzen dagoela erakusten digute;
artelan biziak dira, jaio, hazi eta hiltzen direnak.
Andy Wolsworthyk, adibidez,
kostaldean zutik jarri zuen harri ilara bat. Itsasgorarekin batera etorritako
olatu batek, tamalez, eusten ziren harriak bota zituen eta beraz, artelanaren
izaera materiala desagertzen da; ez ordea artelanaren benetako helburua, hau
da, naturaren indar eta aldakortasunaz jabetzea. Beraz, ingurugiro artelan
hauek ezin dira komertzializatu. Artelan materiala galkorra da, baina arte
kontzeptuak irauten du.
Nire ikuspegitik, ingurugiro
arteak bizitzaren ikuspegi ekozentriko
batera hurbiltzen gaitu, zeinean natura den bizitzaren ardatza eta zeinak gaur
egun arte indarrean iraun duten ikuspegi homozentrikoetatik aldentzen gaituen,
hau da, gizakia unibertsoaren ardatz izatetik.
Agustin Ibarrolak Omako
basoa margotu zuenean, ingurugiro artelan bat egin zuen. Euskal Herriaren
industrializazio eta kutsadurarekin erlazionaturik egon diren pinudi
gorrotatuetan oinarrituz, eraikitako artelanak pinudia ikuspegi magiko batetik
ikusten lagundu zigun, eta lan honi esker, pinudiek ere badutela beren
edertasuna erakutsi zigun. Zalantzarik gabe, benetako lorpena.
Omako basoak bere sorreratik
gaur arte izan duen eboluzioa aztertuz, esan daiteke artelan honen benetako
izaera ez dela ulertu. Basora erosoago hurbiltzearren pista bat eraiki zen,
enborretan margoturik zeuden irudiak zuzenean ikus zitezen puntu zehatzetan
seinaleak jarri ziren, basoaren magia mugatuz eta azkenik, margoak birmargotu
zituzten.
Nire ikuspegitik, eta Omako
basoa ingurugiro artelan bezala ulertuz, ezin daiteke margoen birmargotzea
arrazoitu. Artelan hau ez da artelan konbentzional bat, eta bere izatea margoak
jasotzen dituzten zuhaitzen bizitzarekin loturik dago. Beraz, obra bizi bat da,
eta bizitza orori bezala, heriotza datorkio.
Margoak desagertzen hasi
zirenean, artelan konkretu honen bukaera zetorrela ulertu behar zen eta benetan
hunkigarria arte modu honen hedapena gertatzea izan zitekeen, beste baso edo
ingurune kutsatu edo infrabaloratuetan arte modu honek eman diezaiokeen magia
zabalduz.
Tamalez, hau ez da gertatu
eta iraunezina den artelan hau iraunarazi nahian dabiltza.
Basoa bizirik dago eta
etengabeko mugimenduan. Noizbait pinu hauek lehortuko dira eta zer gertatuko da
zuhaitzak hiltzean? Artelanak iraun dezan, zuhaitzak baltsamatuko al dituzte?
Oraingoan zuhaitz gutxi
batzuk moztu dira, eta badirudi gertaera hau atentatu kultural bat izan dela.
Pinudi baten izatearen etorkizuna
zuhaitzen mozketan datza, eta zuhaitzen mozketa artelanaren atal bat bezala
ulertua izan beharko litzateke.
Benetako atentatu kulturala,
ordea, Omako basoa ingurugiro artelan bezala ez ulertzea da eta lan honek
etengabe iraun dezan saiatzea.
Iñigo Segurola
(Euskaldunon Egunkaria-n argitaratua, 99-XI-20)