Izatearen malura
BAT
Ez dago euskal libururik. Ez dago euskal literaturarik. Ez dago
euskal antzerkirik. Euskal zinema cine vasco da, gazteleraz egiten dena
alegia. Halaz, komunitate oso bat da desagertu dena, bat-batean harripean
ezkutatu dena, inon ez dena...
Adibide
bat baino ez dena, bestalde. Kultura orrialdeetaraino heltzen da linea
editoriala, ez alferrik da kazetarik serioena eta goizero demokratikoki
hautatuena, salduena. Bistan da, politika orrialdeetan ez bada Euskal Herriko
gainontzeko lurralderik existitzen baldin eta ez bada esateko Errenteria
kokteldunen biktima izan dela berriro ere edota Iruņea indarkeriaren aurkako
erakustaldi berri baten plaza, kulturan era beretsuan datoz gauzak. El Correo Espaņol-en ez da euskal liburu
bakar baten aurkezpenaren berri ematen. Ez dago euskal libururik. Ez dago
orrialde bakar bat ere euskaraz egin kulturarentzat ez bada intelektual baten
gogo jarduna biolentziaz...
Ez gara.
Herri bezala, ez dago euskaldunik, ez dago egunero euren ondoan, eurekin bazkaltzen,
hitz egiten, oheratzen, zinemara joaten den herri bat. Txakur amets bat gara,
geure buruetan baino ez dagoen ezinkizuna. Baina ez gaitezen engaina, euskal
liburuena ez da iceberg baten muturra baino, ukazio sistematiko baten adibide
zabar bat.
1937an
euskal oligarkiaren El Pueblo Vasco Falangearen
agerkari zen El Correo Espaņol-ekin
batu zenetik, ez da euskaraz sorturiko kulturarik bere orrialdeetan. Ez da ez
nobela, ez ipuin zein poema liburu, ez saio baten agerpenaren berri ematen.
Gero ordea, erruki gabe egurtuko da euskal liburu bat esate baterako
Txalapartak edo Susak argitaratzeagatik bakarrik (jo ezazue hemeroteketara)
asteazkenetako kultura gehigarrian. Horiek dituzu euskaraz ematen zaizkigun
lerro bakarrak, zer eta lerro ideologiko nagusiaren zerbitzuan idatzitako
mezuak. Mc Carthyren arrazoiz jantziko da salaketa: bat idazle militantea da,
bestea engaiatua, hirugarrena gaztetxeroa eta gazte-ustekoa... literatura
traketsa inondik ere. Idazlea deskalifikatuta, unibertsaltasuna ukatzen zaio euskaldungoari,
txokokeriara kondenatzen da berriro ere. Arrazoi politikoak herri honetan den
egunkaririk politikoenean. Eta eskertzen da disimulo eza.
Gorde
beharko genuke geure buruaren paradoxaren antologia bat egiten dugunerako.
Irakurlearentzat existitzen ez den liburu baten kritika da asteazkenero El Correo-ko Territorios gehigarrian
agertzen dena. Horrela dakigu ez dena badela. Berriro ere, egurrak salatzen du
biktima.
BI
Badakigu
ia existitzen ez den herri bati itxura eman nahian gabiltzala. Hemendik eta
handik, zatika eta presaka ari gara gure existentziaren frogak biltzen, jantzi
dotore bat eman gura diogu gure egunerokotasun ahulari. Ez dakit oraindik nola
ez diguten bekokira bota Israel artifizial bat sortu nahian gabiltzanarena.
Agian geopolitikak nahastu ditu, izan ere, palestinarren alde agertuta gauzak
apur bat konplikatu egin zaizkie, sinbologia arloan diot... Israel izan eta
Albania deitu...
Ahulak
gara. Ez gara existitzen, ez gara. Orain arte, ukazioa indarrez zetorren. Orain
utzikeriaren indarrez erasotzen digute. Ez gara, Nani Balestriniren nobela
hartan bezala, Ikusezinak gara, Gli
Invisibli. Izan ere, non da euskal kultura Euskal Herriko erdal medioetan?
Espainiar
jabegoko publikoetan, berez derrigortuta behar luketen arren, ez da euskal
hiztunen ehunekoa errespetatzen. Eta ez naiz hizkuntzaz ari. Ez duzu ez TVEn ez
Radio Nacional de Espaņan euskaraz sorturiko ezeren arrastorik aurkituko. Ez
gara. Eta hogeita bost urte daramatzagu demokrazian...
Pribatuetan,
bakoitzak nahi duena egin dezakeen horrekin, hagitzez politagoa da egoera.
Batzuentzat, egunkari serioari atxikitako orrialde bat gara, monarkikoak bai,
baina antieuskaldunak direla aurpegiratu ez diezaioten ordaindu beharreko tasa
ordaintzeko prest dauden neoforalistak. Beste batzuentzat berriz, ez gara. Ez
gara kultur komunitate bezala existitzen. Eta deskuidoan bagara erakusgarri
gara, folklorismo merke, gazteleradun herren, santotomasetako txerri...
Ematen du
zer pentsatua. Nor dabil hemen bi komunitateen arteko langa zarraturik
mantentzen? Euskaldunari, ondikotz, eguneroko martxak erakusten dio nor den
azken Planeta edota Goncourt sariaren irabazlea. Kalean ibilita, neke handirik
gabe bizitza zibil normalean aise ikasten duzun zerbait da. Euskal Herriko
erdaldunari aldiz (eta ez dezagun frentismorik egin, erdal medioen bezero den
euskaldunari) hizkuntza komunitate oso bat ezkutatzen zaio egunero. Gero
tolerantziaz eta elkarbizitzaz hitz egiten diguten horiek beraiek...
HIRU
Existitzen
ez den herri batekoak gara. Horra behin eta berriz gogorarazten zaigun eslogan
politiko-kulturala. Ez gara. Ez gara baldin eta ez bada ordena handiago baten
baitan. Izaera baldintzatua beraz, amorante jeloskorrarena: nirea edo inorena
ere ez. Eta hori dioskutenean ez zaizkigu ari ordena mundialaz, globalizazioaz,
Gorbatxoven, nola zen? herri osoaz. Ez
garela esaten digutenean, existitzen ez den herri batekoak garela dioskutenean
ez garela ukatu nahi dugunaren zati baino esaten ari zaizkigu. Alferrikakoa
dela gure ametsa, ez garela, sekula ez garela izan, ezta izango ere guk nahi
dugun bezala... eta kito.
Eta nago
Loiolako Inazioren beso ustelgaitzari musu ematera behartzen gaituztenek ez
gaituztela pitorik ere ulertuko 60ko hamarkadako abertzaletasunak herri
kontzeptua aztertzeko ekarri zuen giltzaz zerbait badiot. Ustea da, baina
euskaltasunaren giltza arrazaren ardatzetik kultur komunitatera pasatuta,
sustraitik aldatzen da dena. Honi historiaren irakurketa soziala gehitzen
badiogu, oso bestelako iragana agertzen zaigu. Oso bestelako orainaldia. Zelan
ez garen espainolak izango benetako espainolak geu izanda dioskutenean
irribarre maltzur batez erantzuteko gai gara lehen zalaparta (erdaretan eginiko
zalaparta gehienetan) baino ez zenean. Eta ez da gutxi.
Diot,
horretara jarrita, eta diskurtsoa borondatearen plazara ekarrita ere, lotsa
gabe ukatzen segitzen digutela gure eguneroko errealitatea. Egia esan, aurreko
armekin segitzera, ez dute zaila gu egurtzea. Zer da euskal literatura kalitate
eskaseko testu multzo bat baino? Benetako euskara baztertuta ez da neolingua
ulergaitz bat sortu? Non dira benetako euskaldunak, ez dira euskal
literaturaren historia modernoko izen asko euskaldun berriak, hau da, euskarara
era behartu, artifizial batera heldu direnak? Zer errealitateren defentsan ari
gara orduan?
LAU
Dena den,
badirudi defendi dezakegula oraindik badela existitzen den ekipo bat,
erdipurdiko jokalariz eta atzerritik ekarritako fitxajez osatua bada ere. XXI.
mendearen atarian, bada, antza, euskaraz bizitzea erabaki duen komunitate bat,
euskaraz idazten duena, euskaraz sortutakoa kontsumitzen duena, eta inoiz
esango ez digutena, bere kultur hizkuntzan ekoiztutakoaz gain beste
hizkuntzetan egindakotik ere usu edaten duena. Eta has gaitezen ahokada gozoz,
toleranteagoa beraz, aberatsagoa, nola esan, moderniak eta irakaskuntzak modan
jarri dituen adjetibo horiek guztiak aiseago eta zorrotzago betetzen dituena.
Ausaz
bere burua aurrean dituen ekipoekin alderatuta ikasi du, baina atzerritarrez
eta erdipurdiko jokalariz beteriko ekipoak badaki errealitatea latzagoa zaiola
erakutsi nahi duena baino. Oilar agertzen da hala behar duenean, baina badaki
ahula duena defentsa. Kanpo erditik aurrera doala ere, ez du atzeko lerro
hauskorra ahazten. Historia ez ezik errealitatea bera aztertzeko hautatu duen
giltzak behartzen du horretara.
Esan nahi
dut, apar gozotan dagoelarik ere, arazo beltzak ikusten dizkiola bere buruari
existitzen segitzeko. Ez da blaga. Mundua bildu ohi da Durangoko Azokan
abenduaren aurrenetan. Eta jende asko da kulturaren erromeria baterako. Baina
eguneroko bizitzara etorrita, esate baterako eta Durangon gaudenez papera eta
paperolen kulturari segitzearren, zenbat dira hauen artean eguneroko berriak
euskaraz irakurtzen dituztenak?
Hamaika
mila ale saltzen ditu Euskaldunon
Egunkariak egunero, ikastetxe, ostatu eta liburutegietan hauetako asko.
Lizardik 1929an bere Bai deitu
balizko egunkariarentzat kalkulatzen zituen berberak. Mende hasieran soilik
Iparraldean eta nekazari artean saltzen zen Eskualduna
astekari katolikoak baino pixka bat gehiago. Pozik? Dudarik gabe. Harmailetan
jendea oihu batean eta bozkarioz betea da zelai erdiko marra pasatzen dugun
aldiro, futbol ekipo kaxkarraren adibide txarra ez uzteagatik.
Baina guk
badakigu zer dugun atzean. Arerioaren muturrari begiratuta dakigu non dagoen
gure ahulezia.
Iņigo Aranbarri