Ortzadarra sutan

Iratxe Gutierrez

"Ortzadarra sutan"
Fernando Morillo
Elkar, 2002

      Fernando Morilloren Ortzadarra sutan eleberrian bi hari ezberdin aurkezten zaizkigu; bata "1986. urtea" deiturarekin izendaturikoa, eta bestea "2002. urtea". Nahiz eta bi hari hauen atalen sarrerak garai horri erreferentzia egin, eleberrian irudikaturiko gertaerak urte jakin hauetan kokatzeak ez du berebiziko garrantzirik. Izan ere, batik bat hamabost urte hauek pertsonaiak nola eraldatu dituzten aurkeztu nahi izan da. Hartara, gazteek izan ohi duten bizi gogo, jakin-min eta ausardia, denboraren igarotzeak ekarri ohi duen asperdura eta ohikotasunarekin alderatzen ditu, gazteen gogo bizi horiei eusteko beharraren alde eginez. Pertsonaia hauek jasandako aldaketetan gainerakoekiko harremanek pisu nabarmena dute. Pertsonaien arteko harreman hauek batik bat elkarrizketen bitartez irudikatzen zaizkigu. Honela, eleberria elkarrizketa biziez josita dago. Nire ustez, elkarrizketa bizi hauetan lortu duen egiantzekotasuna da eleberri honetako lorpen aipagarrienetarikoa.

      Bestalde, eleberriaren hasieran pertsonaien arteko harreman argiak irudikatzen hasten badira ere, istorioak aurrera egin ahala harreman sarea korapilatuz joango da, eta harremanak iluntzen eta lausotzen joango dira. Are gehiago, jada lehen harian iradokitzen den pertsonaia baten (Alexen) alde ilunak nabarmenduz joango dira istorioaren garapenarekin batera. Nire ustez, ez du asmatu eleberriaren amaiera aldera irudikatu nahi izan diren alde ilun horiek islatzen, eta jauzi desorekatua antzematen da.

El País, 2002-05-20

 


susa-literatura.com