India hizpide

Javier Rojo

"India harrigarria"
Gotzon Garate
Elkar, 2001

   Gotzon Garatek Indiara egindako zenbait bidaia oinarritzat hartuta, hango gizartearen aurkezpena egin nahi digu "India harrigarria" izeneko liburu honetan. Irakurleak, hortaz, bidaia liburu baten aurrean dagoela pentsa lezake. Baina, berez, "India harrigarria" ez da bidaia liburua, genero honetatik zertxobait badu ere. Ez zaigu idazleak egindako bidaia kontatzen, baizik eta bidaia horretan ikusitako zenbait gauzak berarengan utzitako zirrararen partaide egin nahi ditu irakurleak. Honetarako gai batzuen ingnruan ardaztu du liburua, horietaz anekdotiko samarrak diruditen gertaera batzuk kontatzeko. Ez dakit India bera kontraesanez beteriko herrialdea delako edo den, baina liburua nahikoa kontraesankorra iruditu zait. Eta adibide bat besterik ez ematearren, indarkeriaz, bortizkeriaz edo denadelakoaz esaten duena hor dugu. Beste herrialde batzuekin konparatuta Indian indarkeria txikiagoa dela esan arren, liburuan kontatzen diren gehienak aldez edo moldez horri lotuta daude, guztiz kontrako inpresiona emanez. Kontaerak, bestaldetik, bizkorra izan nahi du, baina hain bizkor gertatzen da, hain esaldi laburrak erabiltzen ditu batzuetan, non irakurlea piska bat arnasestuka gelditzen baita erritmo horri jarraitu ezinik.

El Correo, 2002-01-16

 


www.susa-literatura.com