Sisifo maite minez

Ana Unanue

"Sisifo maite minez"
Laura Mintegi
Txalaparta, 2001

   Istorioa: Aneren bizitza errotik aldatu zen Mikelekin maitemindu zenean.Atzean utzi zituen senarra, alabak eta jaioterria. Urte batzuen bueltan, etxera itzuli da Ane, eta psikoanalisiaren laguntzaz aurre egin beharko die iraganeko mamuei.

   Hoberena: Laura Mintegik maiteminaren gaineko saiakera interesgarria osatu du nobela itxurako liburu honetan. Askotan esan izan da literatura ona dela mundua hobeki ulertzen laguntzen diguna. Kasu honetan esan dezakegu Mintegiren lana ona dela gure sentimenduak hobeki ulertzen laguntzen digulako. Mintegik maitasunaren alde guztiak ikertu ditu, eta horregatik harrapatzen du horren erraz irakurlea, ezinezkoa delako liburua irakurtzea norberaren esperientziaz eta sentimenduez gogoeta egin gabe.

   Ahulena: liburuan bigarren mailan gelditzen dira egoerak, gertaerak eta pertsonaiak, mamitsuena, benetan interesatzen zaiguna, gogoetak direlako. Beste guztia euskarri materiala besterik ez da.

   Esaldia: "Jakin aditza jokatu ezina da maitasunean".

   Galdera: zergatik dugu emakumeok sentimenduez hitz egiteko eta idazteko horren joera nabarmena? "Gizonak nekez hiltzen dira maitasunez; lokartu egiten dira lehenago"; dio liburuko pertsonaia batek. Horregatik ote?

Aizu, 2001-05

 


susa-literatura.com