Ipuin bihurtutako gutiziak

Estibalitz Ezkerra

"Gutiziak"
Askoren artean
Txalaparta, 2000

    Hogeita bederatzi euskal emakumeren gutiziak ipuin bihurtu dira Txalaparta argitaletxeak kaleratu duen bilduman. Dudarik ez dago saio anbiziotsua bezain ausarta dela argitaletxe honek dakarkiguna, bilduman emakumeak jaun eta jabe direlako eta liburuak idazle entzutetsuak hasiberriak direnekin (eta oraindik irakurlearentzat ezezagunak direnak) tartekatu dituelako. Hala ere, ipuinak aurkezteko orduan bildumak ez du inolako mailaketarik egin. Idatziak egilearen abizenaren arabera ordenaturik daude, eta erabaki ona izan da hori. Modu horretan idazle guztiak elkarren parean daude, inor besteengandik nabarmendu gabe.

   Gutiziak-en honako hauek parte hartu dute: Aurelia Arkotxa, Ainhoa Arozena, Aintzane Arrieta, Yolanda Arrieta, Begoña Bilbao, Itxaro Borda, Arrate Egaña, Idoia Etxeberria, Amaia Elosegi, Enkarni Genua, Aitzpea Goenaga, Maite Gonzalez Esnal, Lierni Ibargutxi, Arantxa Iturbe, Pili Kaltzada, Mariasun Landa, Goizalde Landabaso, Amaia Lasa, Miren Agur Meabe, Amaia Mendoza, Laura Mintegi, Esther Mugertza, Lourdes Oñederra, Jasone Osoro, Ixiar Rozas, Maribi Unamuno, Lourdes Unzueta, Edurne Urkiola eta Ana Urkiza. Euskal Herrian literatur zaleak diren emakumeen lagin bat besterik ez dira aipaturiko hogeita bederatziak, asko baitira ibilbide komertzialetik at idazten duten emakumeak, eta bestetik, izen horien artean idazle ezagunen bat edo beste falta delako (Arantxa Urretabizkaia, adibidez).

   Mari Jose Olaziregik hitzaurrean dioen bezala, emakumeak anitzak eta desberdinak dira, eta haien estiloarekin gauza bera gertatzen da. Bildumako partaideen adinei zein ogibidei begiratzea besterik ez dago Olaziregiren hitzekin bat etortzeko: idazleen artean ikasle, irakasle, antzezle, kazetari zein medikuak daude. Eta horrek bere eragina izan du istorioak harilkatzeko orduan. Izan ere, norberaren egunerokotasunak erabat moldatzen du errealitatearen interpretazioa, eta, neurri horretan, gutiziak ere modu ezberdinean planteia daitezke. Gutizia izan daiteke presoak amesten duen askatasuna, norberaren adinagatik gaizki ikusita egon daitekeen maitasun istorioa, fraile batek txokolatearekiko duen obsesio neurrigabea, lortu ezina zaigun pertsona edo objektua, ospea eta arrakasta... Eta horregatik ez dio gutizia izateari uzten. Bestalde, ipuin gehienetan emakumeak dira protagonista.

   Maitasuna eta sexua nagusi

   Baina gutiziez hitz egiterako orduan, maitasuna eta sexua topiko izaten jarraitzen dute oraindik. Eta ipuin gehienak horren inguruan dabiltza, istorioak egituratzerakoan batzuek besteek baino hobeto asmatu badute ere. Aurelia Arkotxak Marco Poloren maitasun debekatua du hizpide; Aintzane Arrietak, ume ipuin fantastiko batean, merkatari eta jauntxo baten alaben artekoa kontatzen du; Begoña Bilbao maitemintze berantiarraz mintzo da, Itxaro Bordak egoerak beharturiko emagalduaren istorioaren berri ematen du eta Amaia Lasak ere emagalduaren irudia darabil bere kontakizunean. Idoia Etxeberriak, berriz, gau bateko amodio-pasio kontuak; Arantxa Iturbek granoek amodio kontuak zenbateraino kantramila ditzaketen deskribatzen du... Baina gai topiko-tipiko horietatik deslerrokatu diren ipuinak egon badaude, eta adibide bezala sorpresa politak izan dira Arrate Egañaren Protesia, Goizalde Landabasoren Pintorearen logela edo Amaia Mendozaren Bekatua aitortzen.

   Gutiziak-en denetariko istorioak daude: onak, balekoak, prebisibleak batzuk eta apainak besteak. Argi dago bilduma emakume idazleen promozioan dagoen falta betetzera datorrela, eta hasieran esan bezala, gutiziak-eko batzuk beren lehen urratsak ematen ari dira literaturaren munduan. Batzuentzat, baina, liburua paradoxikoa izan daiteke emakumeek eta gizonek idatziriko literaturaren artean alderik ez dagoela aldarrikatzen den garai honetan. Hala ere, Txalapartaren asmoa hor geratzen da.

Euskaldunon Egunkaria, 2001-01-06

 


susa-literatura.com