Itsaso gorria

Maider Ziaurriz

"Sua nahi, Mr. Churchill?"
Koldo Izagirre
Susa, 2005

        Ipuin liburua da Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill?. Hamazazpi kontakizunez osatutako liburua. Badira urte batzuk narrazio edo eleberririk argitaratzen ez duela, baina estilo eta gai aldetik ezagun du harenak direla ipuinok.

        Izagirreren mundu literarioan behin eta berriz agertzen zaizkigun bi ezaugarri topatuko ditugu hemen ere: itsasoak, marinelen bizimoduak eta portuko kontuek idazlearengan sortzen duten mira batetik, eta historiak eta batik bat sozialismoak eta ezker ideologiak sortzen dioten lilura bestetik. Liburu honetan ez dugu neke izango kamarada, Lenin, Marx eta halako izenak aurkitzen, eta horien ondoan, jakina, han-hemen topatuko ditugu eskuin muturreko izenak ere, dikotomia perfektua osatuz: falange, Franco, Primo de Rivera eta abar.

        Izagirre ezin itzuri zaio bere inguruari, hori du idazteko funtsa, eta etxetik abiatzen da idazteko orduan. Pasaia, Trintxerpe eta inguru horretan dauka botea aingura, eta han girotutako istorioak kontatzen ditu. Liburu honetan nabarmena da, esaterako, galiziarren presentzia, Pasaia inguru hori galiziar askoren portu izan baita.

        Eta idazlea portura begira jartzen da, eta hango eszenak harrapatzen ditu. Jende xehea ikusten du batez ere, batzuk joaten eta beste batzuk etortzen eta itsasotik edo lehorretik datorkien erasoa pairatzen. Ospela da beti portuetako giro hori. Inoiz, gizon-emakumeen arteko harreman ia platonikoak goxatzen du pertsonaien bizimodu gordina, eta horrek ematen die kolore pixka bat kontakizun hauei, oro har beltz samarrak baitira.

        Batzuetan, portua utzi eta itsaso zabalera ere irteten da idazlea, munduko ateak irekitzen baitizkio itsasoak. Jendea eraman eta ekarri egiten dute olatuek, eta hango eta hemengo jendea ezagutzeko modua egiten. Eta, azkenean, itsasoarekin lotutako alderdi guztiak jorratu ditu Izagirrek ipuin hauetan: marinelen bizimodu gordina erakutsi digu batzuetan, kontrabando konturen bat iradoki digu besteetan, gerraren ondorio latzak azaldu dizkigu beste hainbatetan... Funtsean, itsasoa bizibide, ihesbide, poz-tristuren iturri agortezin gisa marraztu digu.

        Baina portuan bakarrik ez, historian ainguratuta ere badaude ipuinok, iraganera jo baitu Izagirrek ipuin hauek ontzeko. Oraingoak baino urte gogorragoak dakartza gogora miresgarriagoak ere bai, antza, idazlearentzat, eta ia narrazio guztietan agertzen da Euskal Herriko historiaren zantzua, gerrarena, frankismoarena, sozialismoarena... Hala ere, historia kontuek ipuinak girotzeko balio dute batez ere, eta pertsonaiengan eta istorioan eragiten duten neurrian baliatu ditu. Giro guztiz erreala eta hurbilekoa lortu du hala. Narratzailearen ikuspuntuak ere laguntzen dio errealismo horri. Askotan, narratzailea lekuko gisa agertzen da, eta lehenengo pertsonan kontatzen du, istorioa sinesgarriagoa egite aldera edo.

        Baina giro erreala lortu badu ere, ez da batere liburu irakurterraza. Izagirrek agerian utzi du istorioak kontatzeko duen maisutasuna, baina ezin iritsizko maisua da askotan. Niri, behintzat, kosta zait hariari jarraitzea. Hizkuntza izugarri ondo ezagutzen duela erakutsi du Izagirrek beste behin. Haren prosa oso landua da, esaldiak nahierara taxutu ditu, eta hizkuntza jasoa erabili, baina euskal irakurle normalak duen gaitasunaren gainetik dago oso liburu hau, eta batzuetan zail egiten da irakurtzea, hiztegia lagun izan ezean behintzat. Eta horrek, bistan da, nekagarri egiten du. Ezin ukatu hizkuntza bera ikasteko aparta dela, itsasoarekin lotutako hitzak ikasteko batez ere, baina hori literatura ez beste kontu bat da. Ipuinetako pertsonaia bat ere "hiztegia ari omen da osatzen portuko hitzak bilduta". Ez dakit Koldo Izagirrek portuko hitzekin osatutako hiztegirik egina edukiko ote duen, baina, dudarik gabe, liburu honetatik hiztegi aski osatua atera daiteke.

        Itsaso zabala da Koldo Izagirrerena eta igeri egiten baino zerbait gehiago jakin behar da hartan murgiltzeko.

Berria, 2005-12-27


Ospelak eskuetan

Igor Estankona

"Sua nahi, Mr. Churchill?"
Koldo Izagirre
Susa, 2005

        Hankak dardar dauzkat oraindik. Lozorrotik atera banindute bezala nago; irudipenak ikusi ditut. Pasatuko zait duda barik, baina ez nuen uste gero, kausituko nituenik hamazazpi ipuin itsas kabrak bezain latzak, gerra eta amodioa eta umeen jolasa bezain leunak. Itsaso-kontran mantentzen zaitu Koldo Izagirrek hormakontran bezain babesgabe, eta hizkuntzarekin, enumerazio zoroekin, marko batean ipini eta etxeko salan eskegitzeko moduko paragrafoekin, estiloarekin inarrosten zaitu inoizko istorio mikatzenak kontatzen dizkizun bitartean... "Sua nahi, Mr. Churchill?" honetan.

        Esan behar al nuke artelan bat dela? Egingo nioke justiziarik, edo mesederik liburuari? Ez dakit, baina ez dut uste. Ezin egin nezake berbarik irakurri ez ditudan liburuen gainean, baina urteokaz aste birik bat irakurri ditudanak aintzat harturik esan dezaket gure azkenaldiko literaturaren zakartegi itxuroso honetatik aparte bazegoela liburu bat, oraindik idatzi bakoa, irakurketaren barruko ikarekin adiskidetu behar ninduena. Nik diot hori, iritzia baino ez da. Ez du behar bada hala pentsatuko harago atrebitzen ez denak, edo Pasaiakoaren lurrun-makinaren karrankari nabarmenegia deritzonak.

        Izan ere, "Sua nahi Mr. Churchill?"en igotzen denari ez diote jausgailurik ematen. Gerraren, porrotaren, ugerraren erdian aurkituko duzu perla. Lumaren eta istorioaren elkar jotze burrunbatsua da Izagirreren idazkera, biekin gozarazten zaitu. Eta perla izan daiteke langile galiziarrak zigarroa erretzeko daukan modua, edo ahanzturaren kontrako berbakizun bat tabernan, edo Liverpool zein Vladimir izen santuak ahoskatzea bakar-bakarrik. Hasi eta buka gozatuko duzulakoan nago. Baita Izagirrek ipuinak artazika erdi bukatzen, erdi arnasa barik hiltzen uzten dituenean ere. Halakoetan norberak bukatzen ditu. Niri gertatu zait akabaturik ei zegoen klase borroka bizturik igarotzen ikusi dudala begien aurretik. Halako ospelak aterako dizkizu zuri ere. Niri bezala zuri, barku baten kroskoa urrietako elurpean egundo lixatu ez duen horri. Nire modu-moduan zuri, irakurtzea zer den ahaztu antzean duzun horri.

Deia, 2006-01-03


Hau mundu ttipi arranoa!

Iñigo Roque

"Sua nahi, Mr. Churchill?"
Koldo Izagirre
Susa, 2005

        Egin dezagun Basques' Harbour ez dela itsas kartetan ageri, ez baitakigu liburuan zer den egia eta zer izan zitekeen. Halakoxea da literatura. Koldo Izagirrek abegi egiten digu lurralde horretan, atea erdi irekirik, "Hau komuna duzu, eta hura egongela" esan barik, besteon etxea oso antzekoa delakoan. Nik ikusi egin dut nire mundu ttipia, lekuak eta pertsonak.

        Gerra Zibila da liburuko denbora mitikoa, orduan mamitu ziren gaurdaino iraun duten historia asko. Idazleak batu egiten ditu lekukoen mintzoetan, dela zaharretxean, dela tabernan. Denetariko kontakizunak garantzen ditu Izagirrek, pertsonaia ezagunenak nahiz pertsonaia xeheenak (egunkarietan agertzea edo ez). Bigarren horiek dira, barren, jakingarrienak. Konparazio batera, hor dugu Andoni Olabe, ezagutzen ez duen neska batekin maitemindutako musikaria. Londresko zoko-moko guztiak miatzen ditu, euskaldunen ordezkari txit katolikoak lotsagorritzeko maneran. Andonik eskaintzen digu liburuko irudi plastiko sentikor horietako bat, soinua jotzen blitzaren erdian Londresko zubi batean.

        Garai ilun, sepia-koloreko horretan hainbat zirto eskaintzen dizkigu Izagirrek; esate batera, ezkerreko behargin batzuk Aitzolen mitina zapuzten ahalegintzen direnekoa. Beharginak aldarri: "Zenbat adreilu paratu ditu Aita Santuak?". Aitzolek erantzun: "Stalinek beste".

        Gerraren ondoren, gerra-ondorena etorri zen "gure herri mozkor ustel zabar" honetara. Eta gogoz bestera onartutako miseria hartan, idazleak pertsonaia agirretar batzuk aurkezten ditu. Izan ere, horietako batek dioen gisan, gerra ez da amaitu. Menderaezinak dira, erretxinak, zailduak. Bitartean, beste batzuk askatuko dituen komandantearen esperantzan bizi dira, kaialdeko sobietar ontziei begira, otzantasun orokorraren erdian.

        Idazleak ipuin askotan gainazpikatzen ditu benetako gertaerak eta umeen amets libreak, iraganeko arrastoak, askatasun-nahiak, ezinezko bidaiak. Hala, ametsetako portuak ageri dira: Liverpool edo Amsterdam edo Ternua, haraindian zerbait balego legez. Eta, horrenbestez, pertsonaiek ihesari ematen diote, gerra ondotxoan gatibu-lanetatik edo berrogei urte geroago poliziaren erpekadetatik. Eta ihes, denik eta modurik agerikoenean: arraunean.

        Teknikoki, zurtzekoa da zenbat klasetako narratzaileak dituzten kontakizunek. Batzuetan, idazlea bera izaten da; beste batzuetan, pertsonaietako bat dugu, ez beti ausarta edo eredugarria; eta besteetan, ustekabeko narratzaileak dira: Beltxa zakurra edo itsas hondoko marinela.

        Hizkera ere ez da egunkari-aldizkarietakoa, ez eta euskara batu arautua ere. Irakurleak igarri egingo dio. Alderdi horretatik, Izagirrek hizkera berezi bat sortu du, itsas herrietako euskara biziaren irudiak berrasmatuz: taldeak sardak dira; ipurdiak, txopak; beroak izerdi lapetan ipintzen ditu pertsonaiak... Eta esaldi adierazgarriak eurrez txertatzen ditu: "Nornahik botzen zuen aingura harenean". Hala eta guztiz ere, batzuetan behartuegiak irudi dezakete: "Galerna aurreko goibeldura estiborreko seinaleak argitu balu bezala gorritu zen Huck"; edo transzendenteegi: "Garrantzizko gauzak esateko behar izaten zuen gisan, itsasoari beha jarrita (...)".

        Beste hamaikatxo kontu aipa genitzake: donostiarrekiko seta, komarik gabeko zerrenda burtzoragarriak, egiantzaren mugarriak...

        Azkenik, gomendio xume bat laga nahi nuke. Uharte desertu batera iazko liburu bi bakarrik eraman ahal izanez gero, hartu Koldo Izagirren hau eta Itxaro Bordaren "Zeruetako Erresuma".

Gara, 2006-01-21


Hau ez duk Pagasarri

Xabier Mendiguren Elizegi

"Sua nahi, Mr. Churchill?"
Koldo Izagirre
Susa, 2005

        Sarrionandiak noizbait esana da, liburu bat ahazturako zulora eramateko bi bide daudela: bata, aspaldikoa, liburu horren kontrako boikota; bestea, berriagoa, etengabeko liburu uholdearen barruko tanta izaten utzita, lan horrek berez duen balioa azpimarratu gabe. Hori dela-eta, literatura maite dugunon ardura behar luke aparteko liburuek aparteko tratamendua izatea. Bere obrari emandako erantzunaz eta tratuaz ezin galdetuko diogu idazleari berari, denei iruditu ohi baitzaie ez dutela jasotzen justiziaz merezi hainbateko lorerik, laudoriorik, aupamenik. Hala ere, badira objektiboki aparte jarri beharreko sorkariak. Eta iaz bat, aparta, Sua nahi, Mr. Churchill? Koldo Izagirrerena.

        Ipuin-liburu bat da Sua nahi, portu giroko 17 istorioz osatua. Imajinario edo iruditeriaren aldetik lotura du zortzi urte lehenagoko Non dago Basques' Harbour poema-bilduma liluragarri harekin, horrexeagatik ipiniko zioten azpititulua: "eta Basques' Harbour-eko beste kontu asko".

        Ipuinak printzipioz harrera errazagoko generoa dirudi, baina liburu honetaz mamu antzeko bat dabil bazterretan, behiala komunismoa Europan barrena bezala: zaila dela. "Zaila al da benetan?", galdetzen didazu. Bada, bai: zaila da, eta esijentea, eta ederra. Lanak hartu ditu idazleak nahi zuen huraxe ahalik eta modurik ederrenean, bihurrienean, gaiztoenean adierazteko, eta lanak eskatzen dizkio irakurleari, idazleak sujeritutakoa jasotzen, erdizka esandakoa osatzen, metafora burtzoragarrietan esandakoa dezifratzen.

        "Horrelako literatura behar al dugu?", esango didazu orain. Ez dakit horrelakoa behar dugun, modu askotakoa behar dugula esango nuke nik, baina hau goi mailako literatura da. Konparazio txotxolo bat egiten utziz gero, hau ez da igande goizean zapatilak jantzita Pagasarrira igotzea, hau Himalaia da. Eta, ez dut esango sistema metrikoari men egin behar zaionik baina, Himalaia beste maila batean jartzen dugu denok.

        Denok? Ulertzekoa da errazera jarritako irakurleak bestelakoak nahi izatea; liburua euskalduntzeko tresnatzat hartzearen poderioz literaturako zikiraturik geratu den irakaslea kexatzea; materiala euskaltegietan sartu nahi duen editoreak narrazio domestikoa hobestea. Oraindik ere badira, hala ere, eta zorionez, literatura plazer eta ezagupen iturritzat hartzen duten irakurleak. Zailduak. Konplizeak. Horiek guztiek zain dituzte Sua nahiko solidaritate eta elkartasun istorioak, beren pertsonaia ameslari berritsu eta galtzaile etsigaitzak.

        Eta nahi duenak hitzordua du idazlearekin: bihar arratsaldean Santutxuko Irakurleen Txokoan, Julen Gabiriak gidatuta, eta datorren astelehenean Donostiako Liburutegiko sotoan, Harkaitz Cano zeremonia-maisu dela.

Paperjalearen dieta, 2006-01-24


Isiltasunaren hitza

Felipe Juaristi

"Sua nahi, Mr. Churchill?"
Koldo Izagirre
Susa, 2005

        Urte asko zeraman Koldo Izagirrek narrazio libururik argitaratu gabe, Vladimir ezkero noski. Narrazioaren indarra begi bistakoa egiten zen harako hartan, eta begi-lausoak ere ohar zitezkeen, nahi izanez gero, prosagile handia dela Koldo Izagirre: handienetakoa. Prosaren erabileraz ari naiz, prosaren barne-muinetan sartzeke, elementu gutxirekin, hitz gutxirekin kontu asko esateko eta adierazteko gauza baita. Hitz gutxi, baina Koldo Izagirreren liburu honetan, edo gehienetan, hitzaren adinako indarra du hitzaren ifrentzu denak, alegia isiltasunak, teknikariek "elipsia" deitzen dutena. Hitza eta isila tartekatzen dira, Izagirrerenean hitzak lotsa balu bezala aurrerago joateko, eta isilak adorerik ez balu bezala dena estaltzeko. Esaten ez dena esaten dena bezain garrantzitsu izanik, erne ez dagoen irakurlea gal daiteke, edo aurki daiteke, bestela, espero ez duen tokian, deseroso samar.

        Gerra kontu asko, 36ko gerra kontu asko ageri dira bere biluztasunean, baina badira hango gerra harekin, zuzenean bederen, zerikusirik ez duten historiak; izan ere, denak du denarekin zerikusia hartara jarriz gero, jakina. Gerrarena, beste gai asko bezala, ez da berez ez on ez txar, trataerak eta bakoitzaren estiloak egiten du atsegin edo desatsegin. Ipuin hauetan ez dago epelkeriarik, narratzaileak lehendabiziko orrialdetik hartua du bere tokia, bere ikuspegia, bere bandera eta, seguru asko, bere etorkizuna ere erabakia du hasieratik; zer izango den eta zer egingo duen, giza helburua eta xedeak, funtsean, sortutako unean erabakita baleude bezala. Amaiera jakin batetik abiatzen baitira pertsonaiak; ez, ordea, amaiera denboran gertatua izanagatik, baizik adimenean. Nolabaiteko determinismoa dago pertsonaien baitan sakon erroturik, egiten dutena eginda alda ez daitekeen zerbait. Ez dago tragediarik, ez dagoelako kontraesanik pertsonaien baitan.

        Baina, esan bezala, prosa indartsu eta benazkoa du Koldo Izagirrek, eta prosagatik soilik irakur daiteke, damurik gabe.

El Diario Vasco, 2006-02-03


Poetaren itsasoa

Alvaro Rabelli

"Sua nahi, Mr. Churchill?"
Koldo Izagirre
Susa, 2005

        Astiro bada ere, eta literatura handiagoen uberan, euskal narrazioak ikasi du kostak egiten, kostata. Azken urteotan horretan ere ahalegindu izan dira Patxi Iturregi, Edorta Jimenez eta beste hainbat idazle. Horiek guztiek portuan eta itsasoan narrazioaren geografia aurkitu dute. Baina, poetak dira geografia horri metafora ere gehitzeko gauza direnak, itsasoaren metafora iradokitzailea. Poetak, eta ez narratzaileak, izan dira itsasoari hamaika modutan kantatu izan diotenak. Orain baina, Koldo Izagirreren eskutik gauza biak ditugu liburu bakar batean. Sua nahi, Mr. Churchill? ipuin-bilduman. Izagirrek itsasoko geografiari metaforaren indar iradokitzailea erantsi dio; horra zergatik, liburuaren azpitituluak salatzen duenez, bilduma hau egilearen beraren Non dago Basques' Harbour poesia liburuaren irudiaz hornitzen den. Modu horretan Izagirrek indar handiko prosa lirikoa lortu du bilduma honetan.

        Izagirrek ez dio bakarrik itsasoak dakarren lan eta bizimodu latzari kantatzen, baizik eta gerra zibilean eta osteko frankismoan girotuta, galtzaileen erresistentziari eta matxinada txiki-handiei kantatzen die. Hauetan Izagirreren lanetan ohikoak diren pertsonaia agirretarrak azaltzen dira, pertsonaia ezagunak batzuetan, gehienetan anonimoak, beti galtzaileak izan arren, iraultzaren bila etsi egiten ez dutenak.

        Berriro egilearen prosa sendoa nabarmendu beharrean gaude, euskal literaturaren onenetako bat. Prosa sendo horri, esan bezala, irudi liriko gogoangarriak gehitzen jakin du egileak.

El País, 2006-07-24


Irakurri lehenik eta leitu beharrekoak ondoren!

Mikel Asurmendi

"Sua nahi, Mr. Churchill?"
Koldo Izagirre
Susa, 2005

        Sua nahi, Mr Churchill? izenburu nagusi daraman narrazio edo istorio liburuak Eta Basques' Harboureko beste kontu asko darama izenburu azpiko, ez alferrik eraman ere. Non dago Basques' Harbour galdetu gabe, itaundu gintuen poeta ipuin egile dugu oraingoan. Poesia egileak, ontzi txirikordatuak eskaini dizkigu oraingoan. Ez hamaika ez hamalau, hamazazpi ontzi baizik.

        Mintza gaitezen suaz, hasteko eta behin. Uztailaren 18an ari naiz idazten, Errepublikaren aurkako altxamendu nazionala burutu espainiarrenaz, alegia zela 70 urte bete diren honetan. Liburuan mundu asko ageri bada ere, mundu bat gailentzen da bereziki, eta da: altxamendu haren aurka borrokatu zutenena. Sua nahi edo suaren eskaintza, berriz, herri honen aurka iziotu Gernika gogoan zuten hura da, gure oroimenean pizturik gordetzeko ontzi egileak egiten digun eskaintza.

        Jakina, liburu hori guztia baino gehiago da, eta bada alajaina. Izanik ere, edozein ideologiaren aldeko laudo zein aurkako laido izanagatik, liburua literatura da. Literatura nahiz liluratura. Lilura ez da erraz sortzen ezta bereganatzen ordea, literatur bideak baditu bere xendak, lorratzak edo, kasurako, uberak.

        Gomendio bat irakurle lagun hori: Koldo Izagirreren literaturaz ezin da gozatuz xenda patartsuetan nahiz itsaso uherretan ibili gaberik. Bere literatur proposamena ez da egungo safari antolatuen moduko zeharkaldia edo trabesia. Trabesia, trabesa edo pario duzu bere eskaintza. Barkatu hitz errazen erabil molde hau. Bere munduan trabeska batzuetan eta trebes ibiliko zara zenbaitetan, jitoan aldian eta zeure irakurle jitea aurkitu beharrean gehienetan. Bakarka urratuko beharreko itsasoak dituzu bereak, hitzez hitz, berbaz berba, elez ele hustu beharreko ontziak dira bere ipuinak.

        Hitzak horregatik soilduak dituzu, tentu handiz irakurri beharrekoak, irakurri beharrekoak lehenik eta leitu beharrekoak ondoren. Aholku bat nire motzean, ipuin bakoitza hartu aldian aldiko trabesia gisa. Egunean zeharkaldi bat, pario apustu erronka edo dosi nahikoa egun bakoitzeko.

        Uztailaren 18an ari nauzu, goizeko seietan jaikia eta zazpietan lerro hauek idatzia. Orain ordu bat ez nekien berba hauek paratuko nituenik ere. Bart jarririk beste batzuk izan zitezkeen, eta bihar!? Literaturaren magiaz paratutako berbak eleak hitzak dituzu, nahi baduzu, zer nahi duzu.

Irunero, 2006-08

 


susa-literatura.com