Galdera morala

Felipe Juaristi

"Mandarin zaharra"
Eça de Queiroz
euskaratzailea: Jesus Mari Lasa
Ibaizabal, 1992

        Bada liburu honetan esaldi bat, moralari buruzko tratadu osoa laburtuko lukeena: "Txinaren barrenean bada mandarin bat, ipuinek edo historiak konta ditzakeen errege guztiak baino aberatsagoa. Ez duzu harenik ezer ezagutzen, ez izenik, ez aurpegiarik, ez jazten duen zetarik. Haren amaigabeko ondasunak jaraunsteko nahikoa duzu, zure ondoan, liburu gainean dagoen txilin horixe jotzea. Berak hasperen xume bat jaregingo du Mongoliako muga haietan. Hilotz bihurtuko da orduan: eta zuk lukurrero baten diruzalekeriak ames dezakeen baino urre gehiago izango duzu zure oinetan. Zuk, hau irakurtzen duzun gizon hilkor horrek, joko ote duzu txilina".

        Galdera horri era askotan erantzun ohi dio jendeak, denon ametsa baita inongo lan-nekerik gabe eta bat batean aberastea, beste inor baino ederrago eta indartsuago izatea den bezala. Hjalmar Söderberg, Suediako idazleen artean ospetsuenetakoa eta Eça de Queirozen garaikidea iritsi zen galdera hori planteatzera. Hala dio bere "Doctor Glas", pesimismo fin de siecleko biblia gisako horretan: "Behin ere ez naiz saiatu galdera horri erantzuten, ez dudalako ezagutu, bere gordintasun eta minean, pobre izatearen malura".

        Pobrea, baina aristokrata, izan baitzen Eça de Queiroz, eta ez da harritzekoa haren sorgin ametsetan dirua barra-barra agertzea. Diplomatiko lanetan aritu izan zen La Hhabana, Newcastle, Bristol, Txinan eta Parisen. Parnasiarren estetikari asko zor diote haren lan ttikiek, eta handiek, "Basilio lehengusua" izeneko eleberriak, esaterako, Flauberti. Sarri aipatu izan da "Madame Bovary" eta haren arteko antza. Zolaren eritzian, hobea zen portugaldarraren lana maisuarena baino.

        "Mandarin Zaharra", ipuin fantastikoen artean kokatu behar da. Deabrua agertzen zaio gizon triste eta bakarti bati, eta deabruaren lana horixe denez, tentatu eta zirikatu egiten du. Aberastasuna eskaintzen dio. Baina deabrua tartean den negozio guztietan bezala, eskaintzak berak dakar berarekin iruzurra. Azkenean, mandarina hiltzea erabaki duena damututa ageriko zaigu. Istorioak erakutsiko digu gozoago dela eguna joan eta eguna etorri gure nekearen ordainez irabazten den ogia.

        Eta zuk, adiskide, joko ote zenuke txilina? Erantzun aurretik irakur ezazu ipuintxo hau, ekialdeko perla bat bezain distiratsua.

El Diario Vasco, 1993-05-15

 


susa-literatura.com