Amatasuna

Felipe Juaristi

"Koaderno gorria"
Arantxa Urretabizkaia
Erein, 1998

        L deituraz ageri zaigun emakume batek Caracasera egiten du bidaia. Ama (A larriz idatzita) izenez ageri zaigun emakume batek eman dion mezulari lan bat burutzeko asmoz joan da Venezuelako hiriburura. Amaren seme-alabak (Miren eta Beñat) hantxe baitaude, Caribeko mutur hartan, aitarekin eta horren emaztearekin batera bizitzen jarrita. L deiturako emakumeak neska-mutilak aurkitu behar ditu, eta Amak idatzitako koaderno gorria eman haiei, jakin dezaten ama (benetako ama) nor duten eta zergatik aldegin behar izan zuen, hartrako garaia izan zenean.

        Nobela bi planotan dago antolatuta: mezulariaren ikerketa ea mugimenduak, bateko; Amaren oroitzapenak eta bizitzaren pasarteak, besteko, koadenoan idatziak haiek, aitormen gisa. Lehen planoa deskriptibo samarra da. Mezulari lanak egin behar dituen emakumeak bere gora-beheren berri ematen du. Neska-mutilak aurkitzeko lanak, haiekin harremanetan jartzeko asmatzen duen jokutria; bere egonaldian egiten dituen lagunak; hori guztia da kontatzen du.

        Nobela honetan, garbi uzten du Arantxa Urretabizkaiak, L-ren istorioa eta Amarena lotuta daudela, batak besterik gabe ez duela urrutira joaterik. Bata bestearen mendean dagoela alegia. Koaderno gorria da haria. Eta koaderno gorria idatzi duena da nobelako benetako protagonista. L, azken finean, mezulari da, eta itzultzaile ere bai, ez euskaraz dagoena gazteleraz jarri behar baitu, Amaren alabak irakur dezan idatzita dagoena. Gainera, L deitura duen emakumea ez da ama. Nortasuneko emakume gisa ageri zaigu benetako ama, politikak eta berari dagokion konpromezuak bultzatu zuten egin zuena egitera, seme-alabak aitaren esku uztera. Azkenik damua, ordea. Eta borrokan, amatasuna galtzaile.

El Diario Vasco, 1999-01-09

 


susa-literatura.com