Maitale ezezaguna

Javier Rojo

"Connemara gure bihotzetan"
Julen Gabiria
Elkarlanean, 2000

        Julen Gabiria izen berri bat da euskal nobelagintzan. Connemara gure bihotzetan bere lehenengo saioa da alor honetan, eta Igartza beka-saria irabazi du idazlan honi esker. Hemen kontatzen zaigu nola pertsonaia batek (Txema), bere neskalagun (Eider) istripuz hilaren oroitzapena berreskuratu nahirik, neskak Irlandan zehar egindako bidaia errepikatzen duen. Neskalagunaren oroitzapena berreskuratzearekin batera, itzal horretatik askatzea izango zen mutilaren asmoa bidaiari ekitean. Eta bidaia sentimental horretan, neskak idatzitako egunkaria izango du bidelagun. Honaino gauza berezirik ez, pentsa lezake norbaitek. Ustekabea, ordea, Txemaren zain dago, egunkari horretan, ezagutzen ez duen pertsona batekin topo egitean. Neskalagunaren alde izkutu eta ilunaren aurrez aurre gertatzean aurkituko duena, jakina, ez zaio gustatuko. Planteamendu interesgarria du liburu honek eta irakurlearen arreta eta jakinmina oso ondo erakartzen daki. Kontamoldea, ordea, Txemaren bidaiaren kontakizunean egunkariaren atalak tartekatuz, nahiko baliabide ezaguna da literaturan. Edonola ere, honelako mezua dago istorioaren azpian: hobe oroimena gehiegi ez astintzea, izkutuan aurkituko duguna beharbada ez da gure gustukoa izango.

El Correo, 2000-04-12

 


susa-literatura.com