Urdinera ihes

Juan Luis Zabala

"Mandarin zaharra"
Eça de Queiroz
euskaratzailea: Jesus Mari Lasa
Ibaizabal, 1993

        Garai hartan Frantziatik Europa osora zabaltzen hasia zegoen errealismoaren eta naturalismoaren zehaztasun lehorretik "egiarekiko menpekotasun deserosotik, azterketaren torturatik, errealitatearen tirania eragabetik", egileak berak hitzaurrean dioen moduan ihes eginik, "urdinera" ihesaldia egin eta deabru eta guzti duen kontakizun fantastiko ederra sortu zuen Eça de Queiroz portugaldarrak 1880an, Jesus Mari Lasak orain gutxi euskaratu egin diguna: "O mandarim" edo "Mandarin zaharra".

        Moralejarik ere ez zaio falta De Queirozen kontakizunari: "Egunez-egun gure eskuek irabazten duten ogiak bakarrik du aho-gustu ona". Izan ere, urrearekin hain harreman bitxia izateta iritsi zen Midas errege ezagunarenaren antzekoa dan narrazioko protagonista nagusiaren kasua ere: diru goseak aberastera bideratuko du eta aberastasunak zorigaiztoa baino ez dio ekarriko. Delako zorigaizto hori, ordea, abenturaz eta kolorez betea da, eta irakurleak gozatzeko aukera ederra du De Queirozek sentiberatasun apartaz kontatzen dizkion Teodororen abenturak jarraituz.

        Abenturaz eta kolorez beta ezezik, kontakizun arin eta bizia ere bada Eça de Queirozena, eta Jesus Mari Lasak arintasun eta bizitasun horri eutsi nahirik egindako ahalegina ez da antzu gertatu. Oztoporik aurkitu gabe, jariakortasunez egiten du aurrera euskarazko bertsioaren irakurleak, eta ohartu orduko irentsia du liburua oso-osorik.

Euskaldunon Egunkaria, 1994-10-16

 


susa-literatura.com