Irizarren txingoak Karakasen

Miel Anjel Elustondo

"Txirike-Parú"
Sabin Irizar
Erein, 1996

        Ibiltari amorratua izan zen Sabin Irizar eta obserbatzaile saiatua. Gero, behin halako, bere bizitzako pasadizoak paperean jarri zizkigun. 1973an eman zuen argitara lehenengo lana, Txingo, Gero argitaletxearekin eta gureko idazleak erbesteko aireetatik arnasa berritzen ari zirenean. Esaterako, antropologia, ekonomia, politika, hizkuntzalaritza, Marxen pentsamendua, historia zein literatura jorratzen zituzten Txingo-ren aldamenean argitara ziren liburuek. Hauen sakontasun nahia batetik, Sabin Irizarren idazlanaren freskura bestetik.

        1936ko gerra ondoren Frantzian jaso zituzten haurren artean zen Sabin Irizar. Hamalau urte zituen eta hamar gehiago iraun zuen Europan. Bertan harrapatu zuen Bigarren Mundu Gerrak ere. Garai horretako ibilera makur eta gorabehera petralak bildu zituen 1973ko Txingo hartan. Izan ere, jauzi eta salto txingo!, zebilkigun Irizar gaztea erbestean: Bordele-Akitze-Belgika-Landak-Paris (Askok 1990eko edizioa medio ezagutuko du, apustu, Sabin Irizarren lana, Elkar etxearen Txingo, gertaldi eta ibilkeriak bitarte). Egiatan, Txingo-ren oinorde eta jarraipen dugu Ereinen eskutik datorkigun Txirike-Parú hau, 1980a baino lehen ere idatzirik zegoena, inondik ere.

        Artean Txingo-n, Venezuelako kontsula nolatan ezagutu zuen Parisen adierazi zigun Irizarrek. Hura adiskide egin eta Ameriketarekin ametsetan zen gure idazlea. Eta, hain justu, Venezuelako ibilerak kontatzen dira Txirike-Parú-n. Mende honen erdi aldera Karakasa helduz gero eta kontinentean barrena abiatu arte hiri giroan jasaniko estuasun larri nahiz aldi goxoak ditu idazgai Irizarrek. Eta, dela sakonago, dela axalago, beti ere bizi-bizi txirikordatu zituen oroitzapenak. Gernika Hotelean lekutu baina egiatan Gernika ez beste euskal izenen bat zuenean, eta bertatik ari da gehienbat Irizar, ostatuko bizilagunak aitzakia. Honenbestean, Karakasa atzerriratuen panorama zein ber-bertakoen bizimodu egunerokoa bistaratzeko baliatzen du ostatuko pertsonaia galeria hautatua.

        Handinahikeriarik gabe ezustean idatzi zituen bere lanak Sabin Irizarrek. "Garai hartan Venezuelan zen sasoiaz ari da, euskaraz idazteko asmorik ez nuen. Ez nuen uste zahartzaroan Euskal Herrira itzuli eta euskaraz idazten jarriko nintzenik". Eta idatzi, literatura landua gabe, ganbara hustea helburu. "Hizkuntza bera ere ibilkari batena du" dio Martin Ugaldek liburuaren atarikoan, eta zuzen ari da. Bestalde, hizkuntzan ere txingo Irizarrek, Venezuelako espainolaz baliatzen da sarri, edo indioen hitzez. Eta irakurleak azpioharrak itsuaurreko.

        Karakasez akitu eta Venezuelako barru-barrura abiatzen denean eten zuen kontakizuna Irizarrek. Nirekiko, orduantxe hasi behar zuen Txirike-Parú-k, Santiago Bidea izar konstelazioa Pemón indioen hizkuntzan, alegia, hiria utzi eta indioen zibilizaziora jo zuenean. Izenburu exotikoak zein Iturriren azal finak irakurleoi gorde digun mundua areago du azaltzen, erakutsi digun Karakas giroa baino. 1995ean hil zen Irizar. Orain, beste non edo non honen segidarik utzi ote zuen zain egon behar.

Euskaldunon Egunkaria, 1996-07-13

 


susa-literatura.com