Bizitzaren koloreak

Ana Urkiza

"Zazpi kolore"
Jon Arretxe
Elkarlanean, 2000

        Zazpia zenbaki magikoa da. Zazpia da munduko edertasunik handienak kontatzeko erabiltzen den zenbakia, zazpi dira herensugearen buruak, zazpi katuaren bizitzak, zazpi ostadarraren margoak eta zazpi Jon Arretxek bere liburua pintatzeko aukeratu dituen koloreak: beltza, grisa, gorria, horia, berdea, urdina eta zuria.

        Kolore bakoitza sentimendu bati dagokio, eta idazleak, sentimendu hauei esker, bizitzak beregan sortarazi duen lilura deskribatzen digu kolorez kolore.

        Liburuaren atalak ere zazpi dira; atal bat kolore bakoitzarentzat. Kolore beltza hautatu du egileak abiapuntu gisa eta zuria bukaerarako. Bi atal hauetan gai bera tratatzen da: heriotza. Heriotza, bi ikuspegi eta bi kolore ezberdin hartuta: beltza mendebaldeko kulturarentzako, zuria ekialdekoarentzako. Bi atal hauen artean, beste bost kapitulu txertatu ditu egileak eta atal bakoitzean bosna kontakizun.

        Kolore bakoitza, atal bakoitza, esan bezala, sentimendu edo ideia bat da: BELTZA=heriotza; GRISA=etsipena; GORRIA=beldurra; HORIA=misterioa, tentazioa; BERDEA= itxaropena, ametsa, ilusioa; URDINA=bizipoza; ZURIA= heriotza.

        Erakarpen bikoitza

        Irakurleari kontakizunak oso erakargarri egiten zaizkio arrazoi anitz direla medio: egunerokoak ez zaizkion leku edo tokietan kokatzen direlako, narratzailea kontakizunetan txertatzen delako, idazleak egiatan bizitakoa transmititzen duelako, eta kontakizunen bukaeretan irakurleak espero ez duen hausnarketa bat dagoelako. Idazleak, lehenik, gertakizun batean parte hartu du; gertakizun horrekin, ikasi egin du; gertakizun hori deskribatu egiten du gero; eta azkenik, irakatsi bat ematen du. Idazleak egina ematen duen irakatsi honek irakurlea artega jartzen du, idazleak berak, bidaiaria zenean sentitu zuenaren antzekoa.

        Arretxek errealitate puskak ematen dizkigu bazkatzen, baina jadanik interpretatuta dauden errealitate adabakiak dira. Narratzailearen jarrera, begiralearena bezalakoa da. Beste mundu eta egoeretan kokatzen diren gertaerak, jadanik aztertuta eta kokatuta ematen dizkigu. Kolorearen esanahia ere idazleak aurrez interpretatuta dauka. Afera honetan, idazleak irakurlea gehiegi mugatzen duela esan liteke, ez baitio ezer bere kabuz deskubritzen uzten. Egileak ematen dio koloreari zentzua, eta zentzu hori, noski, mendebaldeko kulturatik begiratzen duenarena da. Irakurleak kolorearen presentzia nabarmenagoa espero du, mendebaldekoak ez diren kulturetan kolorearen gainean egin litezkeen interpretazioez hausnarketa propioa egiteko aukera, alegia. Arretxek koloreen bidez gertakizunak kontatzeko izan duen ideia hasierako eta amaierako kontakizunetan justifikatzen da; ez hala, tartekoetan. Kolore beltzak eta zuriak kulturen arteko ezberdintasuna azaleratzen badute ere, gainontzeko bost koloreak idazleak berak margotutakoak eta prestatutakoak dira. Kolore beltzaren eta zuriaren betegarriak lirateke gainontzekoak.

        Denboran gelditutako sentsazioak

        Arretxeren aurreko bidaia liburuekin konparatuz, honakoan hausnarketa lan handiagoa nabari da. Aurrekoetan, bidaiaren nondik norakoak kontatzen zizkigun egileak, kronika gisa edo, gertakizunak ziren bezala transkribatuz. Denbora bidaiaren luzeraren menpe gelditzen zen. Zazpi kolore liburuan, ostera, kontakizunak flash-ak dira; denbora uneak, denbora instanteak; denboraren iraganetik berreskuratuak; denboran geldituak; sentsazio edo pertzepzio bati erantzuten diotenak; gerora ere, esperientziaren kutxan gordeta gelditzen diren horietakoak.

        Liburuaren erritmoa oso zaindua bada ere, intentsitatea edo indarra ez da berdina kontakizun guztietan. Hasierako atalek indar handiagoa dutela esan daiteke, erakartzeko gaitasunari dagokionez, azkenengoek baino. Lehenengo lau ataletan duen erakartzeko ahalmena, BERDEAri eta URDINAri dedikatutako ataletan, liluratzeko gaitasun hori galdu egiten du. Azken bi atal hauetan, idazleak, mendebaldean ez daukagun harmonia antzematen du: BIZIPOZA ETA ITXAROPENA. Kolore edo sentimendu hauexek dira, segur aski, egilea gehien kolpatu dutenak. Kolore edo sentimendu hauexek dira, apika, egileari bizitza ulertzen, bizitzaz gozatzen eta bizitza apreziatzen erakutsi diotenak. Hortik kapituluen arteko indarraren desoreka; azken kapituluak dekodetu bezala transkribatzen dituelako.

        Mundua ezagutzera eta bizitzaz gozatzera gonbidatzen gaituen liburu hau estetikoki ere oso zaindua eta erakargarria da. Cristina Fernandezen marrazkiak tartekatzeaz gain, atal bakoitzari dagokion kolorez tindatu dizkio Elkarlanean argitaletxeak orrialdeak, liburua bera ere kolorezko ostadar bilakatuz.

        Liburu irakurterraza eta interesgarria, materialismoak hain indar handia duen mundu honi aurre egiteko, benetako zorionaren sekretuez jabetu nahi duenarentzat.

Euskaldunon Egunkaria, 2000-12-23

 


susa-literatura.com