Kosmodromo

Iñaki Camino

"Kosmodromo"
Txillardegi
Haranburu editor, 1984

        Txillardegik 1957, 1958 eta 1969. urtetan idatzitako lau ipuinen bilduma dugu honako liburuxka. Bi "Egan" aldizkarian atereak dira eta beste hirugarren bat flamenkeraz. Halarik ere, euskaldunok oso zaila genuen ipuin hauek eskuratzea eta argitaratu egin dira atzera ere.

        Bata motza bestea luzea eta beste biak neurri ertainekoak. Bada bat, gizakia ilargira aurreneko aldiz iritsi zen garaian idatzia. Honek, gizakia robotak nola desumanizatu duen ematen digu aditzera, sendimenduen mugaketa razionalak dakartzan arriskuak salatuz. Bada beste bat, denetan motzena, Piarres deitutako mutiko gaiso batez diharduena. Bere eritasunerako ez dago ez osalaririk ez eta osagairik. Hasi dira bata eta bestea honen gaisotasunak igerri nahiean bera bakean utzi gabe. Ipuinak badu oinarri kritiko nabarmena. "Orangutanen ugartea" deritzana 1957.ean idatzia da, eta bertan, erlijioaren inguruko gogoeta bortitzez gain, gizakia eta animalia eta piztia beldurgarrien arteko antzekotasun errelatiboa ageri zaigu. "Eta ez ziren sekula itzuli", 69. urtean izkiriatutako ipuin luzea dugu, flamenkeraz aspaldian ageri zena. Ipuinean barrena, Lapurdiko baserritar batek, mugerretar batek dauzkan buruhauste eta bakardade minak ikus daitezke. Honek ere, aurreko hirurek legez badu kritika izateko asmorik. Argi argia ageri zaizkigu Bidasoaz bestaldeko euskaldunek abertzaletasunaz dituzten burutapenak, edota, lanik eza dela eta Ameriketa aldera hanka egin beharra, turisten aurrean dantzariz jantzita agertu beharra ez denean. Ipuin honek duen oinarri ideologikoari, dena dela, jazki literario oso lortua antzematen zaio, gertaera erdiragarriak artoski azaltzen baititu idazleak. Hau da guri, gure subjetiboan, kontaeraren egituragatik nahiz beste arrazoi batzugatik, gehien gustatu zaiguna, arront igertzen baita besteetan ideologiaren zama. Halabainan, ipuin hauek kalean, joandako garai batzuren ordezkari egiati.

Argia, 1985-06-02

 


susa-literatura.com