Portu onera bidaia

Mikel Elorza

"Haize kontra"
Patxi Iturregi
Elkar, 1996

        Ez dira maiz azaltzen gurean kresal usaineko literatur lanak Edorta Jimenezek hitzaurrean gogoratu dizkigu, eta beraz zilegi bekit perla esatea honako honi. Darion usainagatik sikiera. Nahiz eta egia esan, itsasokoarekin batera petrolioarena, makinen olioarena eta ontzi barrenetako sunda ere aditu ahal zaizkion orrialdeoi. Izan ere, ipuinok olatuen altzoan jarri izana ez da, berez, Iturregiren lanaren meritua, olatu horien leherketa gainditu eta hitsetan ez ito izana baizik. Olatuetan igerian asmatua, alegia.

        Gaiak izan lezakeen erakargarritasunaren gainetik ipuinen kalitatea baita Iturregiri egotzi behar zaiona. Itsas zaporedun zortzi istorio asmatzen jakin du, istorioei dagozkien elementu garrantzitsuekin, liburu aberatsa egiten duten elementuekin. Istorioak dira kontatzen dituenak, giza harremanen inguruko eite desberdinekoak barnekoiagoak batzuk, ekintza nagusitzen dena besteak, baina istorio beti ere. Bere lehenengo liburuak langa erraz gainditu du, eta erregistro eta plano desberdinak manejatzen ausartzen den heinean gora egingo du.

        Hizkuntzaren aldetik dagoen esfortzua bikaina da, eta ekarpenak merezi du. Baina noski, hizkuntza horrekin lortzen denak merezi du. Ez baita filologia kontua, narrazioa baizik. Hizkuntza egokiaz, narrazio laburrak funtsezkoa duen tempoa zainduz, giroa sortzen asmatzea da, ene ustez, Iturregiren lorpenik handiena. Autorea itsasoan ibili izana baliozkoa izango zitzaion, baina ipuinak idazteko idazle behar du, ez marinel. Biak uztartzen jakitea, noski, mejora.

        Giroan asmatu du, beraz, autoreak. Estreinako lerroetatik itsasoratzen da irakurle lehortarra eta ipuinak bizi egiten ditu. "Liburu honetan ageri den eguratsak halako narrazio gehiagoren egarriz utzi nau", esaten du hitzaurrean Jimenezek, eta horixe da irakurle gehienek senti dezaketena, lanbro itxia bezala, ohartu ere egin gabe biltzen baitzaituzte aurrera egin ahala lerroek.

        "Haize kontra" izenez bataiatu du bere untzia Iturregik, baina ez dago zalantzarik ez duela arrutarik okertu. Portu ona jo du.

Argia, 1997-03-16

 


susa-literatura.com