Larrialdietarako irteera

Goizalde Landabaso

"Larrialdietarako irteera"
Txuma Murugarren
Paper Hotsak, 2006

        Mundua zoragarria da... baina ez hainbeste. Edo gurago baduzu, dena liluragarria da, xarmantgarria... izateari uzten dion arte. Eta Txuma Murugarrenen liburuan horrek ez du luzaroan espazio askorik. Egunerokotasunaren gordina poesiaz jazten du egileak, soineko ederrez jantziz gorde nahi digu laztasun hori, baina hain da gatxa haragi barrenetan iltzatu zaigun arantza ostentzea... lakatzak dira istorioak. Lakarrak ez direnean, erraietara sartzen den nostaljiaz beterik daude. "Baten bati aditu diot iraganarekiko nostalgia egolatria hutsa dela eta hala izan daiteke, baina nik esango nuke bizitzen ikasi ez dugunon patua dela. Gaurko eguna ulertzen ez dugunontzat aterpe bilakatzen da iragana".

        Larrialdietarako irteera izan liteke lantzean behin mundutik at gelditzeko denok behar izaten dugun ihesbidea. Deitu paradisu, deitu geltoki; eman iezaiozu nahi duzun definizioa. Larrialdietarako irteera da. Joan-etorrikoa.

        "Gauzen hegoaldea leku zehatza ez zen arren, bere iruditeriaren mapa asmatuan leku jakina hartzen zuen. Atomo baten mugetan sar zitekeen gauzen hegoaldeko aberria, edo begirada har dezakeen eremu osoa hartu".

        Istorioetako batzuetan abestien proposamena egiten digu Txuma Muruggarrenek. Horrek irakurtzen ari zarena gozotu dezakeela pentsa dezakezu, baina ez zaitzala berba arteko amaraunean nahasi, maiz isiltasuna baino okerrago da musika.

        Katuek zazpi bizitza ohi dituzte; ez dakit gizakiok zenbat ditugun baina suizidioak asko dira liburuan. Etzazu pentsa, hala ere, heriotzerako biderik bakarra direnik; asko baitira hiltzeko moduak.

        "Pozik eta malenkoniatsu nengoen, besteak beste negua horretarako delako, leihotik begiratu eta gertatu zaizkizunak ongi tolestu eta bihotzaren txokoetan pilatzeko"... eguraldiaren fash-back-a egiterakoan jabetu naiz: aurton ez da negurik izan.

Radio Euskadi, 2007-03-18

 


susa-literatura.com