Haurraren begietara jaiotzea

Lander Garro

"Rimmel"
Koldo Izagirre
Susa, 2006

        Alabaren jaiotza, haurtzaroa, eskola eta askatasuna hartu ditu Koldo Izagirre pasaitarrak azken liburua osatzeko. Badator haurra, eta harekin berriz ere jaioko gara, beldurrez, ikaraz eta dorpeziaz. Horixe dakar irudimen ikaragarrriz ondutako liburu honek, oroimenen eta ametsen sehaskan kulunkatzen gaituen Rimmel honek.

        Haurrak guraso izaten irakatsiko digu, gu izaten agian. Izaten, zergatik ez: haurraren begien bidez, berriz ere jaioko gara. Gure baitako eskemak egokitu beharko ditugu, bere alde, gure alde.

            Zertarako haur berri bat mundura?
            ez daukat beste erantzunik:
            berak nahi zuen, guk genuen gura
            berarekin sortzearen mentura

        Bizitza hasi da, eta zilbor hesteari azken haginkada eman aurretiko egunak zer diren, nola diren kontatzen du pasaitarrak, betiere ñabardura txikiak erabiliz, hitz handiak sahiestuz.

            Jadanik ez goaz karrikan eskuz esku
            heldu da heldu behar zuen haustea
            Beste esku batek helduko du zeurea

        Alabak hego txikiak dakartza jaiotzerakoan. Hilabeteak pasa ahala hegoak haziko zaizkio, emakumetasunean, hegalaldi eder batez habia uzteraino. Apal eta zintzo, txiki izatearen komentzimendu dotoretik abiatutako hitzak idatzi ditu Koldo Izagirrek liburu honetan.

        Hiru zatitan dago banatua lana. Lehenean jaiotza ageri da, bigarrenean ikastea —etxeko eta eskolako jakintza—, eta hirugarrenean, askatasuna. Hirurak ikasi gabeko pasarteak dira gure bizitzan. Ibiliz ikasten delako leloa, egiazkotasun ikaragarria hartzen du alaba bat mundura ekartzerakoan, eta baita gurasoak —alabaren begietara— mundura ekartzerakoan ere.

            Nik irakatsiko dizut
            berba zatarrak esaten
            hormetan idazten
            hanka platerean sartzen
            nik irakatsiko dizut
            iltzeak oker sartzen
            eta zeure atzamarra mailuka lehertzen
            nik irakatsiko dizut
            ez dakidan gitarra jotzen
            ni bezalakoa ez izaten
            nik irakatsiko dizut
            dena kolokan jartzen

        Maitasunaren eta liluraren aitortza ere badira Izagirreren orriok. Maitasuna eguneroko jakintzaren, eguneroko pragmatismoaren azpian bizi da. Sentitzen dugu, sufritzen dugu, baina ez dugu esaten. Gizakiaren erronkarik zailena, akaso, maitasunari oskola kendu eta erakustea izan liteke. Liburu honetan, nahi bada —poesian nahi dena ikusten da—, erronka hori ikusi liteke. Eta maitasunak, noski, ziklo zaharren gainditzea dakar, bizitza berrien abentura:

            Maracaibo Pireo Vladivostok
            Rotterdam New York Alexandria
            nongo portutik sortu ote da
            bahituko nauen ontzi pirata?

Oarsoaldeko Hitza, 2006-12-01

 


www.susa-literatura.com