Aitorpena
Felipe Juaristi
"Mentxakaren aitorpena"
Ardotxi
Elkar, 2006
Nobela baten aurrean gaude, eta ez historia-liburu baten aurrean. Nobela batek gerta zitekeena kontatzen du; historia-liburu batek gertatu zena. Gerta zitekeena eta gertatu dena, horra hor katearen bi aldeak. Historia-liburu bat gerta zitekeena eta nobela bat gertatu dena kontatzen hasten denean sortzen da zalantza, duda eta ezustekoa. Mentxakaren aitorpena izeneko honetan, izenburuak berak esaten duen bezala, ETAko militante baten aitorpena ageri da, baina ez dut uste zentzu moralean edo erlijiosoan hartu behar denik "aitorpen" hitza, baizik eta narratiboan. Alde horretatik begiratuta, liburuak zerikusi gehiago du Roussearen aitorpenekin, euskal literaturan dagokeen beste edozein libururekin baino. Alde horretatik esan dut.
Bestalde, eta bestelako ikuspegia da, liburu honen aldean Juan Kruz Igerabideren Hauts bihurtu zineten nobela eder hori jarri behar da. Ardotxiren eta Igerabideren testuetan nolabaiteko militantziaren historia kontatzen da. Juan Kruzek, bere historia eta bere oroitzapenak ardatz harturik, hau da berak ezagututako egia abiapuntutzat harturik, beste egia bat du eraiki, egia literarioa, literatura ere egia izan baitaiteke, neurri batez bederen. Ez errealitatea den bezain, noski.
Goikoetxeak gazteleraz idatzi eta Rafa Egigirenek euskaratu duen honetan Ardotxi izan zen militantearen bizia ekartzen da gogora. Nobela egitura eman zaio, berez oroitzapenetan oinarritutako testuari. Beste oroimen klase bat ekarri da agerira, irakurleak hartu eta bere baitara ekar dezan, lehengoarekin nahastuz. Eta bere biziaren kontaera horretan besteen biziak ere elkartzen dira. Kartzelako pasarteetan, esaterako, izen ezagunak ageri dira: Txato Agirre, Imanol kantaria edo Joseba Arregi. Narrazioa militante baten bizitzan oinarritzeak, militantziako beste alde asko bazterrean utzi ditu, eztabaida ideologikoak adibidez. Liburua irakurtzen duenak garai bateko zorioneko edo zoritxarreko abenturak ezagutuko ditu ongi. Baina ez hain zehazki abentura horietara bultzagile izan ziren ideiak, edo utopiak, berdin da.
El Diario Vasco, 2006-11-17