Testigantza gisa

Aritz Galarraga

"Mentxakaren aitorpena"
Ardotxi
Elkar, 2006

        Jose Ramon Goikoetxea, Ardotxi, ez zen idazlea. Bere biografiari errepaso azkarra eginez gero, ETA erakundeko kide, Egin egunkariko kazetari eta LAB sindikatuko arduradun izan zela ikusiko dugu. Baina idazle, "literatur lanak egiten dituen pertsona" izan zenaren arrastorik ez. Liburu bat idatzi zuen hala ere, 1971. urtean atxilotuta izan zuten garaia oinarritzat duena: Mentxakaren aitorpena. Hitzaurreak argitzen digunez gainera, "orain dela urte asko hasi zen Jose Ramon liburu hau idazten". Lerro horietan jakin dugu, halaber, hasierako testua gazteleraz idatzia zegoela. Baita euskaratze lanetan zebilen bitartean, 2005eko udaberrian, hil egin zela ere. Rafa Egiguren idazle eta lagunak bururatu zion, azkenik, lana.

        Sarrera hitzok eskaintzen duten makulu hori baliatu nahi izan dut, beste ezer baino lehen, horrelakoetan ezinbestean azaleratzen baita testuaren literaturtasunaren eztabaida. Are gehiago, ondorengoa aitortzen badigute: "liburu hau benetakoa da goitik behera". Idazten dakien pertsona oro liburu bat idazteko gai den bezala, idazten dakien pertsona oro liburu on bat idazteko gai ez dela esan beharra dago. Hori gertatzen zait, esaterako, abenturazale edo bidaiari baten liburuaren aurrean. Adibidetzat, Juventud argitaletxeko bidaien saila har daiteke: sekula imajinatuko ez genituen abenturak kontatzen dizkigute, baina nola, hori beste kontu bat da.

        Egia aitortzearren, Mentxakaren aitorpena literatur lan gisa mottel xamarra iruditu zait. Badira hainbat elementu irakurketa atsegina eragotzi didatenak: aitorpenean zehar egiten diren gehiegizko azalpenak, protagonistaren bizitzan etengabe egiten diren atzera-aurrerakoak, polizien aitorpen-txosten originalaren zatiak (gazteleraz daudenak, noski)... Baina egia osoa aitortzearren, nire iritzirako, liburuak badu "gutxieneko irakurgarritasun maila" (to pedantekeria!). Eta ez dakigu puntu honetan Rafa Egigurenen esku-sartzea zenbaterainokoa izan den edota Ardotxi berarena den meritua.

        Baina eztabaida hori albo batera utzita, Mentxakaren aitorpena liburuaren balioa, literatur kalitateaz gaindi, atxilo-aldi baten nahiz gure historiaren garai konkretu baten gainean eskaintzen digu testigantzan fokalizatuko nuke. Eta behin honaino iritsita, irakurleari interesatuko zaio mamiaren nondik norakoak ezagutzea: labur azaltzeko, kontakizuna 1971. urteko martxoaren 7an hasten da, egile eta protagonista atxilotzen dutenean. Eta Basauriko espetxera bidean daramatenean bukatu. Atxilo-aldiak iraun zuen garaia (15 egun!) azaltzen da bitartean, jasandako tortura, galdeketa eta gainerakoak. Baita narrazioari tentsio pixka bat ematen dioten amarruak ere, protagonistak aitorpenean zehar asmatzen dituenak. Etenik gabeko flash back modukoekin, bestalde, bere militantziaren errepasoa egiten du Ardotxik, garai oso batena egitearekin batera.

        Aitortu dugu, beraz, lekukotasunaren ikuspuntutik Mentxakaren aitorpena-k duen balioa. Ardotxik berak bere esperientziaren gainean idatzi izanak esan nahi du historiaren protagonista batek zuzenean egindako bertsioaren aurrean gaudela. Oso gutxitan gertatzen dena, bestalde. Ohikoagoa da "gaian aditua" den kazetari, idazle edo dena delako batek, hurbilketa "objektiboagoa" egitea. Are gehiago "terrorismo" gaiez ari bagara.

        Literatur lan bikaina egitea bazen intentzioa, nik esango nuke helburua ez dela erdietsi. Baina azken asmoa testigantza zuzena, nork bere egia osatzeko zati ezinbestekoa eskaintzea bazen, orduan bai, orduan bai lortu dela.

Gara, 2006-10-14

 


susa-literatura.com