Kreol jendea

Iñigo Roque

"Sargazo itsaso zabala"
Jean Rhys
euskaratzailea: Txomin Arratibel
Alberdania / Elkar, 2005

        Batzuetan denbora-espazio mugak nekez gainditzen ditu irakurleak, batik bat liburuek oso leku eta garai jakinetako gertaerak jasotzen dituztenean. Batzuetan arroztasunak gainez egiten du. Halakoetan egingo nuke liburuak bestela irakurtzen ditugula, jakin-min historikoak edo soziologikoak bultzatuta, beharbada. Niri halaxe suertatu zait liburu honekin; alegia, ororen gainetik, kitzikagarriagoa izan da fikziozko narrazioaren azpian borborka ari den errealitate historikoa.

        Britainiar Inperioan esklaboak askatzeko legea ezarri ondoko garaira eramaten gaitu liburuak, Antilletara. Leku-denbora horietan, hiru talde bizi ziren: beltz askatu berriak; kreol zuriak, arestira arte esklabo-jabe izandakoak; eta metropoliko zuriak (ingelesak). Pertsonaia nagusia, Antoinette, egoera mingarri hartan munduratu zen. Mingarria, kreola baitzen; hau da, beltzentzat, kakalardo zuria, eta metropoliko ingelesentzat, basatia. Coetzee-ren pertsonaien identitate lausoa, bakartasun hori, gogorarazten dit aldika. Bistan denez, ohituago gaude esklabo izandakoen literatura irakurtzen, sinpatiaz egin ere. Baina zer dakigu boerren edo quebectarren literaturaz, kasurako? Ezer gutxi.

        Liburuak hiru atal ditu, eta beste horrenbeste gertaleku: familiaren etxaldea Jamaikan, mendialdeko etxea Haizealdeko uharteetan, eta Ingalaterrako etxe hotz eta kartoizkoa. Abiapuntuan, etxaguntza hits bat ageri zaigu, "sasiak hartua", eta andre bat eta haren semea eta alaba. Oro da dekadentea: zaldi pozoitua, arropa maiztuak... Andreak, guztiarekin ere, ez du amore eman nahi, eta berriro ezkontzen da ingeles batekin, esklabotzaren garaian bezala oraindik bizi daitekeelako ustean: etxea berritu, janari ingelesa mahairatu, soineko berriak eginarazi. Alabaina, mundua ordurako bestelakoa zen. Gau batez dena zartatzen da. Orduan ama-alabak banatzen dira, baina biek bide paraleloak ibiliko dituzte; biei jarraikiko zaie zoramena.

        Liburuaren bigarren atalean, gertaerak lekuz aldatzen dira, eta, Antoinetteren ondoan, beste kontalari bat agertzen da: haren senar ingelesa. Mendialde galdu batean bizi dira senar-emazte ezkonberriak, joritasun berdearen erdian. Antoinette, horrenbestez, umezaroko oporlekura itzultzen da. Senarra, ostera, mundu ezezagun batera doa, usain, zomorro eta berbots estrainioz inguraturik. Eta bertan aurkez aurke tupust egingo dute Antoinetteren iraganarekin, herritarren zurrumurruekin... Antoinettek atzerako bidaia horretan Christophine du bidelagun, umetan bera zaindutako andre zahar beltza. Topikoek eta izuak biziko dute senarra: obeah (afrikarren magia), pozoitzeak, iruzurra, izenen dantza... Hunkigarria da senarraren eta Christophineren arteko berriketa, bi munduren arteko ezin ulertua. Rhysek antze handiz itxuratzen ditu senarraren barruko ahotsak eta buru barruko elkarrizketak.

        Azken atalean, Antoinette Ingalaterran azaltzen da, kartoizko etxe batean. Ingalaterra harentzat, ordea, sortetxeko jangelako margolana zen, ametsezkoa, ez zen lekua. Imajina dezagun azeri-ehizako eszena bat Jamaikako etxe sargoritsu batean, edo arbel beltzezko etxe alemanak Kalahariren erdian. Antoinetteren identitatea ezina da; haren aberria duela hogei urte kiskalitako etxea da.

        Itzulpenari dagokionez, nabarmentzekoa da zein ahalegin handia egin behar izan duen Txomin Arratibelek pertsonaia batzuen ingeles traketsa euskaraz moldatzeko.

        Liburua aukera bikaina da Antilletako kreolen mundura hurreratzeko eta identitateaz, berriro ere, gogoeta egiteko.

Gara, 2006-02-18

 


susa-literatura.com