Sargazoak

Felipe Juaristi

"Sargazo itsaso zabala"
Jen Rhys
euskaratzailea: Txomin Arratibel
Alberdania / Elkar, 2005

        Jean Rhys edo Ellen Gwendolen Rees Willians, Dominica uhartean jaioa. Parisen Ford Madox Ford nobelagilea (William Rosssetti pintorearen iloba) ezagutu zuen eta idazten hasi zen. Maitaleak izan ziren eta "Soldadu ona" ("entzun izan dudan historiarik tristeena") irakurtzen duenak jakin dezake nolakoa zen Jean Rhys. Ford Madox Fordek eragin handia izan zuen, Jean Rhysengan ez ezik, baita Joyce, Hemingway edo Ezra Poundengan ere, Parisen argitaratzen zuen aldizkariari esker. Hemningwayk ez zion barkatuko, ez baitzuen egindako mesederik barkatzen.

        Jean Rhys idazle berezia zen. Oso goiz ohartu zen zer esan nahi zuen emakume izateak, areago zer esan nahi zuen emakume idazle izateak. Baina berandu samar ohartu zen zein zen bere tokia, eta Europatik Karibera joan zen, itzulbidean, eta Sargazo itsaso zabala idatzi zuen. Bertan Antoinette Coswayen bizitza kontatzen du, Bronteren Jane Eyre nobelako pertsonaiarena, hain zuzen. Nobelan, bestalde, Eyreren pertsonaiek bizi berria, alegia aukera berria, ezagutzen dute. Jean Rhysek pertsonaia horien bidez bere gaiak lantzen ditu: erbestea, sexuen arteko harreman zailak, Antilletako paisaia. Ez da lehen idazlea paraje horiei buruz aritzen dena, Cristobal Colonek berak bere egunerokoan aipatu baitzuen itsaso hori, baina bai seguru asko paisaiaren berri ederkien eman diguna.

        Cyril Connolly kritikoak esan zuen bzeala: "Zenbat eta liburu gehiago irakurri eta orduan eta nabariagoa egiten da idazle baten zeregina maisu-lana sortzea dela. Gainerakoak ez du horrenbeste garrantzirik".

        Nobela maisulan horietakoa da. Bide berria ireki zion literaturari. Ez da lehen aldia Jean Rhys euskaratzen dena. Oker ez banago, Susa aldizkariak ipuin bat argitaratu zuen. Ford Madox Forden itzulpen politik ere bada.

El Diario Vasco, 2006-02-17

 


susa-literatura.com