Egungo "arrakasta"ren hiru ele-mele: krak, crack edota crack

Mikel Asurmendi

"Odolean neraman"
Joan Mari Irigoien
Elkar, 2004

        Egungo gizartearen ezaugarria edota grina futbola da inolaz ere. Mendebaldeko "kultura"ren ezaugarrietako bat kirola da eta gizartearen zati handi batek futbola darama(gu) bihotzean. "Odolean neraman" istorioaren protagonistak, Eneko Ortega gazteak, bihotzean izan ezik odolean darama futbola.

        Baloia izaki futbolaren jokorako gailu ezinbestekoa, bihotzaren lekuan baloi bat darama Enekok bere baitan. Baloia ondo menperatzen duen gizakumea, teknikaz eta ganoraz menperatu ere, mundua menperatzera heldu daitekeela sinetsarazi zaigu mendebaldeko kulturan, eta halatsu ere sinestarazi diote Enekori. Hitz batean Crack izateko jaioa eta iaioa da.

        Tamalez, kirola garatu eta gauzatzerakoan, "kultura" hitza alboan geratuz joan da neurri handi batean. Kultur ekintza eta emaitza behar zuena, masa edota ekimen ikusgarria izatera iritsi da. Futbola espektakuluaren ikur gorena da gure kulturan.

        Horiek dira bat-batean "Odolean neraman" eleberriak bat batean iradoki dizkidanak. Eleberriak, jakina, irakurlea harrapatuko badu besterik behar du noski.

        Hara, bada, istorio polita duzu Eneko Ortegarena. Joan Mari Irigoienek tarteka-marteka oparitzen digun gure gizartearen erretratu horietako bat: ironia eta kritikaz ondo baino hobeto zipriztindua, ondo narratuta hobekiago esateko.

        Arrakasta da liburu honen hitz gakoa. Zer da arrakasta ordea gure gizartean eta espektakuluaren munduan? Hedabideek txitean-pitean "saltzen" diguten jarrera eta posea? Gaurko "arrakasta" azal-azaleko harremanen ondorio dela erakusten digu "Odolean neraman" eleberriak. Azal-azaleko denak, ordea, aise egiten du krak. Krak edo crack. Hitz edo ele-mele horri hiru adiera aurkitu dizkiot neronek:

        Krak edo zapart egin, puskatu alegia.

        Crack edo futbol izarra.

        Edota Crack: droga oso toxikoa dena.

        Hiruko ederra: egungo munduaren isla.

        Joan Mari Irigoienek gertutik bizi izan zuen futbola, futbolari izan zen idazle izan aitzin. Arrakastaren bideak ikertu dituen bidaiari izaki, idazle fina agertu zaigu beste behin ere. "Arrakasta"ri eta bizitzari bertatik bertara segitzen dion bidaiari eta idazle naharo legez.

Irunero, 2005-09

 


susa-literatura.com