Kortazar

Aritz Galarraga

"Antologia apetatsua"
Julio Cortazar
euskaratzailea: Jon Alonso
Txalaparta, 2005

        Cortazar euskaratu dute. Ez dakit liburuaren aurkezpena egitean berria jaso zuten egunkariek zer nolako titularrak idatzi zituzten, baina nik horrelako zerbait idatziko nuke: "Cortazar euskaratu dute". Berria pozgarria da. Ez da lehenengo aldia, literatura unibertsaleko lanak gure hizkuntzan paratzeko egiten ari den lan eskergaren baitan, Gerardo Markuletak "Oktaedroa" izeneko ipuin liburua itzuli baitzuen orain hamairu urte. Baina hortik kanpora ezer gutxi. Horrexegatik da pozgarria Jon Alonso idazle eta itzultzaileak prestaturiko antologia apetatsu hau, XX. mendean gaztelaniazko literaturaren gailurretako bat den eta idazle belaunaldi diferenteen erreferentzia literario den idazle handi honen lanaren lagin berri bat euskaraz irakur dezakegulako. Hutsunea aukeran handiegia da oraindik, baina itzulpen hau beharrezkoa inondik ere.

        Antologia honi itzultzaileak, zuhurtziaz, "apetatsua" adjektiboa erantsi dio. Eta adjektibo hau eranstearekin batera justifikaturik geratzen dira antologia honetako ipuinak nahiz ausentziak, itzultzailearen kapritxoaren arabera aukeratuak baitira bertan aurkituko ditugun lanak eta ez bestelako irizpide literario edo kronologikoren arabera. Izan liteke ardura ekiditearren erantsitako adjektiboa, baina kontua da, nahi gabe ala nahita, aukeratutako ipuinok azken batean Cortazarren obra zabalaren lagin nahikoa esanguratsua direla. Hamar ipuinok hogeita hamar bat urteko tartean daude argitaratuta, "Etxe hartua", adibidez, 1951n kaleratu baitzen eta "Zinez maite dugu Glenda", berriz, 1980ko bilduma batean. Beraz denbora tarte zabal bat hartzen du antologia honek, idazle argentinarraren obra luzearen muina jasotzen duen denbora tartea. Gainera, narrazio labur ezagun eta garrantzitsuenak antologia honetan bildurik daude, erabili ohi zituen errekurtso tekniko ugariak ere bertan islatzen direlarik: narratzaile ahots diferenteak "Cora andereñoa" edo "Deabruaren lerdea" ipuinetan, irakurlea harrapaturik geratuko den atmosfera misteriotsu eta kezkagarria "Etxe hartua"-n, eta abar, guztiak ere proposamen harrigarriak. Noski, zenbait ipuinen hutsunea nabaritu dugu, baina liburuan guztiak ezin sar zitezkeen, beraz hutsunea ez dago liburuan, hutsunea ipuinok euskaraz ez egotean dagoela uste dut: "Continuidad de los parques", "No se culpe a nadie", "Silvia" edota "El perseguidor" lan luzeagoa. Ausartu nahi duenarentzako lana.

        Jon Alonsok burutu duen itzulpen lana ere kontuan hartzekoa da. Ahozkotasunetik gertu dagoen prosa da Cortazarrena, musikalitate handikoa eta euskara ulergarrian jartzea lortu du. Gaztelaniazko testuen erritmoa gordetzen dute euskarazkoek, eta hiztegiarekin desadostasun gutxi batzuk gorabehera, itzulpen oso txukuna da Alonsorena. Gauza bat gaineratuko nuke, gainera: atrebentzia izango da agian, baina abesti onen bertsio hobeak dauden bezala (gogoratu Jose Merce-ren "Al alba" abestiaren bertsioa), jatorrizko testua hobetzen duten itzulpenak daudela esango nuke. Barkatu atrebentzia: "Cora andereñoa" ipunean esaterako, "discúlpeme" edo "por favor, querido" bezalako espresio urrun eta hotzak alde batera utzita, euskarazkoan "barkatu" eta "mesedez, laztana" irakurtzeak ipuinaren bukaera berez bikainari gertutasuna eta beroa erantsi dizkio, eta bukaera are bikainagoa egin.

        Boxeoaren terminologia erabiliz, Cortazarrek zioen nobelak puntutan irabazten duela borrokaldia eta ipuinak, ostera, KO-z. Baten bat sentituko da irabazle Cortazarrek proposaturiko borrokaldi honetatik onik irten eta gero.

Gara, 2005-09-17

 


susa-literatura.com