Belarraren ahoa

Ana Unanue

"Belarraren ahoa"
Harkaitz Cano
Alberdania, 2004

        Istorioa: Europa mendean hartu ondoren, Manhattanerantz doa Hitler, ontzidi baten buru. Itsasontziko sotoan Charles Chaplin komediantea darama preso. Hirurogei urte lehenago, Olivier Legrand izeneko polizoi batek bidaia bera egin zuen, Askatasunaren Estatua puskatan zeraman itsasontzian ezkutatuta.

        Emaitza: narrazio samurra eta ustekabekoa. Merezi du. Harkaitz Canok iragan-fikzioa egiten du, Historia berrasmatuz eta berak kontatu nahi dituen istorioak txertatuz. Liburuan bi zati bereiz daitezke, nabarmen samar gainera; hasieran ematen du satira politikoaren bidetik joko duela, baina erdi aldetik aurrera —liburuko bi istorioak gurutzatzen diren unetik aurrera— beste lurralde batera garamatza egileak, alegoria poetikoarenera hain zuen. Liburua "askatasun pertsonalaren alegoria" dela dio argitaletxeak kontrazalean. Baliteke, baina batez ere egilearen askatasuna nabarmenduko nuke nik. Lasartearrak gogoak eman diona idatzi du, ez espero zitekeena. Libre utzi du irudimena, genero sailkapenetatik ihesi, eta oihartzun berri bat lortu du. Zenbait gauza oso Harkaitz Canorenak dira: ziztada ironikoak, sinbolismo handiko irudiak, ukitu poetikoa, eszena zinematografikoak; baina beste batzuk ez horrenbeste. Norenak ote?

Aizu!, 2005-05

 


www.susa-literatura.com