Oroimena eta heriotza (II)
Jon Kortazar
"Errautsera arteko sugarra"
Imanol Zurutuza
Elkar, 2002
Heriotzarekin lotuta dago ere egunotako beste nobela bat, urteko sorpresa omen dena: Imanol Zurutuzaren Errautsera arteko sugarra. Idazleak heriotzarekin lotura autobiografikoa omen du; memoria lantzen duen beste nobela bat beraz. Lertxundik kontzientzia eta memoria lantzen zituen. Zurutuzak, oroimena: "Euskarriak behar ditu oroimenak; makulu gisa baliatzen ditu lekuak, horiei atxikiak ageri zaizkigu oroitzapenak".
Kantzerraren prozesu batean emaztea galdu eta gero, alargunaren pentsakizunak dira gai Imanol Zurutuzaren nobela honetan. Sentimentalismoa sentimenduaren etsaia bada, irakurleak ikusiko du Zurutuzak jakin izan duela arrisku hori saihesten. Oroitzapenak behin eta berriro joan doaz eta etorri datoz, hiru lau esparruri lotuaz. Eta agian puntu honetan dago nobelaren monotema monotono bihurtzen duen puntua. Hain da tristea gogorra egiten dela bukaerarako.
Saizarbitoriari egiten zaion gutunean dago beste gune bat. Hala beharreko obsesio baten kontaketa da nobela eta, Iratxe Gutierrezek dixit, idazle donostiarraren hainbat eragin nabarmentzen dira, behin eta berriro gai batzuk tratatu beharra adibidez. Elorriagaren nobela ere etorri zait gogora: zatiekin lan egitea, tonu lirikorako joera, oroimena eszenatokian kokatzea...
Guztiek adierazten dute badagoela gaurko nobelan hainbat ezaugarri pareko direnak.
Imanol Zurutuzaren nobelan larri igarotzen ditu orrialdeak irakurleak eta horixe da bere baliorik nagusiena.
El País, 2003-01-27