ERTZETAKO LiLiAK

 

Virginiari

 

 

L'homme vindicatif que tu n'as pu, vivante,

Malgré tant d ámour, assouvir,

Combla-t-il sur ta chair inerte et complaisante

L'inmensité de son désir?

CHARLES BAUDELAIRE

 

Batzuetan ezin izango duzu jakin nola bukatu konturatu gabe sentitu duzun, pixkanaka, lanbroa hirian bezala hedatzen joan zaizun, eta azkenean eguzki berriaren solasean difuminatuko diren lainoen pareko hondorik gabeko galdera baten antzera, zerbait bihurtu zaizun horrekin. Kontua da Arantxa ezagutu zenuenean, bai, uste duzu uda egun hartan izan zela, Arraterekin zegoen hondartzan, orduan ez zeniola aurreko famili domingeroari baino kasu gehiago egin, detaile batez batek peka pila bat zituen josirik aurpegian, bestela ez zintuela bere edertasunak, ederra zen bikini txuriz, liluratu. Doi-doi gogoratuko dituzu igande eguerdi hartan zeure inguruan zeuden pertsonak edo agian zeure memoriak hondartzan izandako esperientziaren arabera, asimilatuko dizkizu betiko pertsonaia tipo eta esterotipatuak negarrez ari den galdutako umearen deskontsolamendua eta futbolean ari diren edo paletan jarduten duten gazte eta hain gazteen bizigarria. Kostan, eguzkiaren beroak sortzen duen gelditasun oparoan, Jose Jabierrez, beti mutilei buruzko elkarrizketak bi nesken artean, ari ziren Arantxa eta Arrate. Baietz, Arrate, neska batekin ikusi nuela larunbatean, Arantxak. Ez nuela ezer sinieten Arantxa, Arratek. Ikusiko hunala Arantxa, hemendik bi hilabetera ezkonduta, jolin baietz Arantxa, eta hurrengoan semetxo batekin, ezetz ez esateko, faborez Arratek.

 

 

— Pintto! Fiiit! Etor hadi hona berehala!

        Baina txakurrak ez dio kasurik egiten. Jabea eta bere txiringitoa utzi eta jende zango baso artetik Konstituzioko arkutatik irteten da nagiki, bere eskuinerantz jotzen du eguerdiko eguzki printzak larru txuribeltzean dastatuz. Lanbroa pub grisaren parean gelditu da umetxo baten ondoan, ez du umeengan mesfidatzen eta bere saihetsean eskua para dezan uzten dio.

        — Aita, begira zer txakur polita.

        — Plaza ona al zagok? Tebeo asko saldu al dituk?

        — Begira aita —poltsikotik txanpon batzuk atera eta kontatu egin ditu—, gaur ba dut zinera joateko adina.

 

 

Atea ireki: barrura: uniformea kendu: Gorka: eskerrak asteburu honetan pasea eman diguten: eskerrak Madrid ez dela cazadores III 2 cía bakarrik: esperantzari leiho bat zabaldu omen diote: baina gu hemen beti gu hemen: ghetoa: hirekin Aingeru, Motriku, Luisma eta Josemi: denek gainean dituzuen sinbolo zamak eransten: Aingeruk «Macho» aldizkaria hartu eta komunera: Masturbazioa: beste hirurak kalera, erosketak egitera: hik Arantxaren karta berriro irakurri: herriko berri ematea, esperantza ez galtzea, amodioaren haria ez haustea, horiek dituk gutun egunerokoaren funtzioak: sumin ez hadin, geroak ero ez hazan: hirekin egin omen zian lehengoan amets: hire legegizon izateko prestaturiko tesia aurkezten ari hintzelarik bera agertzen omen zuan epaitegian karretila batekin non piano bat baitzeraman: hik gitarra hartzen omen huen: bat-batean musika utzi eta han bertan larrua jotzen hasi omen zineten: eta ez dakiela nola baina hire burutik haurtxo bat erditzen ari omen hintzen: sexurik gabeko haurra omen: eta gogora: gogora nola hik ere amets egin duan: nola enparantza txiki eta borobil batean hengoen; senti berriro aurpegi beltz haien begiradak: ikusi pistolen ahoak hire begien aurrean: bota izerdia: korrika: entzun: planba!: hats gorritua: danba!: Uf! ez duk oroitu nahi: normala, hobe duk ez oroitzea: ezer ez oroitzea: gogapen guztietatik ihes egitea: Arantxak eta hik sorturiko uharte horretan pentsatzea: non sartu ote dituk Motriku eta besteak?: baditek ordua etortzeko!

 

 

Pinttok ezin du ibili hainbeste jenderekin, baina aurrera doa zango urdin zapata gorri guztien beldur, zapal dezaten beldur, oso txikia baita galtzadunek kontuan hartzeko. Makurka eta poliki, arrastaka bidean, non oztopo moduan neska bat agertzen baitzaio, eseririk, pitxidun mahai baten aurrean. Ez du ezer saltzen. Eraztunak, belarritakoak, paineluak, kaxatxo dotoreak, ez dira aski jende uholde bat gelditzeko, nahiz eta kaxatxo batzuk bihotz forma izan. Neskak ez dirudi jaramon gehiegi dienik zigarroaren atzetik.

 

 

Udan askotan egin zenuten topo irribarre batez agurtuz besterik gabe. Gero antzerki taldean sartu zinenean ezagutu zenuen benetan. Beckett-en «Godot-en zain» prestatzen ari zineten, jabetuak baitzineten obra honen garrantziaz antzerkigintzan. Gero lokaletik irtetendakoan egunero etortzen zineten parte zaharrera ardo batzuk edatera. Hor jakin zenuen Gorkarekin ibiltzen zela eta Gorka Madrilen zegoela soldaduskan. Jurabanderaren ostean etorri zitzaizuen Gorka Donostiara. Tipo aparta iruditu zitzaizun, gutxi gelditzen diren horietakoa, segituan konektatu zenuten elkarrekin. Zerbeza batzuren inguruan eta Duke Ellingtonen «C. Jam Blues»en itzalean mila plan eta proiektu egin zenituzten horrelakoetan ohizkoa den bezala. Gurditxo bat erosi eta zaldi baten laguntzaz Nafarroako herri txikietara joanen zineten titiriteroen antzera giñol lanaren truke amaigabeko bidaia batean abiatu. Ondo zeundeten egun horretan «Etxekalten», ondo egoten baita ia jenderik ez dagoenean eta jazza gustatzen zaizunean, esan baitzuen beste batek munduak ez lukeela deus ere balioko larrujotzerik eta Duke Ellingtonen musikarik ez balego. Subjetiboa, baina aurrera. Ustekabean ezinbesteko zen gaia ukitu zenuenean, zer moduz henbilen Gorka kanpamenduan, zuk, orduan maisuki sartu zen Arantxa, onartu behar duzu Arantxa bakarra dela egoera irristakorrak salbatzen, ea zergatik ez genuen tokiz aldatuko, Arantxak.

 

 

Pintto, Pintto gure txakurra da ta liburutegi munizipalaren arkupetara iritsi da zeinen azpian urdin-ilun, ilun-urdin bi polizi munizipal baitaude.

        — Hi, urdin-ilun, beste kopa bat?

        — Ilun-urdin, bai, ta anfeta bat.

        Eta Pinttok lau zango urdin ikusirik bus geltoki seinaleak bailiren hanka altxa eta txis txis txisa egin die.

 

 

Beteka, afaldu duanean, Gorka: betetzea, itxuragabe zilborra asetzea, hori duk euskaldunen helburu garbiena: tripa betetzea eta ardorik faltan ez izatea: mozkortzea: mozkortu eta gero kantatzea: ligatzea, hori baita hordirik egitekoa, bestela inoiz, nahiz eta horrela ere nahiko lan: elkar jotzea, deporte nazionala: hasi dituk Motriku eta Josemi egunerokoarekin: parlamentatzea batak, teorikoki ez omen gaude egoera aurreiraultzaile batean: borrokatzea besteak, praktikan borrokak besterik ez garamatzala egoera iraultzaile batera: absurdoa biak soldaduskan eta horretaz aritzea: jakitea denak hitaz trufatzen direla: hire poema egiteaz: hire kritiko izan nahiaz: ezer eginen ez dutela pentsatzea: eta beraiekin hagoela sentitzea: samintzea ez izateaz inoiz gehiago inbitatu bat baino munduko kultur eta pentsamenduaren bankete erdian: saiatzea jasandako komentu heziketaren eta erudizio akademikoaren sareetatik ihesten: gizonarengan sinetsi gura izatea: eta sufritzen duk gero eta areago betiko pentsamendu oinarrizkoek sortzen diaten zulo beltzean berriro sartzean: azkenean lasaitu dituk Motriku eta Josemi, batak liatzeko papera pasatzen diolarik besteari: Josemik kanutoa piztu du: Ke bihurtzea: ahanztea: Arantxaz oroitzea: oheratzea: Gorka.

 

 

        Txitxan, Txitxan, Txitxan Txantxi

        Txitxan, Txitxan, Txitxan Txantxilo

        Oso gizontxo txikitxoa hori ia Pintto bezalakoa. Zenbat poltsa txitxan daramatza txantxilok! Pintto eta gatzontzi bat txin txin ai diruaren hotsa txitxan.

        Anorakatxo zahartsua txitxan Pintto txantxilo.

        Txin eusko txan gudariak gera txin txan

        es la internacional txin txan.

 

 

Jarraitzen zenuen antzerki taldean. «Godot-en zain» pian pian ateratzen zitzaizuen. Kasik ondo eta guzti, ordurako Gorka itzulia zitzaizuen miliara. Arantxak, Gorkak eta hirurek elkar oso ondo konpondu zenuten hamar egun horietan, gustura ibili zinen. Arantxarekin berriz izartxoak ipintzen hasi zinen mundu guztiaren gainetik, ez zeundeten gauza askotan ados baina berdin zion, bai baitakite bikoteek zer ezar eta zer ken itxaro dutenaren bilatzean.

        Jolasgailu dendetako beiraduretan gelditzen zineten eta uf! melankoniko batez adierazten zeuen garaietan ez zegoela halakorik. Baina bai, gogoratzen duzu, gabon bezperan antzerki taldekoek egin zenuten afal ostean noiz kotxean baitzindoazten zaharrerantz, nola bera zure atzean suertatu baitzen eta jakin gabean bion eskutxoak nola gurutzatu baitzitzaizkizuen. Ez zegoen hitzen beharrik, eskuek egiten zuten dena. Esku finak, suabeak, laztanak. Kotxe mugimenduaren kadentzian ezagutzen nola umetxoaren loa sehaskara ingurumatzen. Dardara gozoak sumatu zenituen, odola bero zainetan gorputz osoan azal zelulak burbuilatuz, Arantxaren gorputzak ernealdi fisiologiko bat sortarazten zizula.

        Biologikoa, kimikoa, biokimikoa, ez zenekien nola funtzionatzen zuen, baina eskuak bateratzen zenituztenean, nola botoiari eman eta magnetofonoa martxan ezarri hala sortzen zitzaizun gustura izate horren prozedura fisikoa. Kotxea gelditu zen arte, azken zerbeza hustu arte.

        Ba hindoanan?, Arantxa?, besteek. Baietz, Arantxak.

 

 

Eskuinerantz beti Pintto txakurra Konstituzioari itzulingurua ematen. Tendereteak, txiringitoak eta jendea. Arku baten azpian marroki bi, transistoreak, tomabistak eta pitxiak. Bi gizon txiki, kaskasoil, tripontzi aurpegi beltz begira.

        — Ese cuanto?

        Marrokiak transistore txikia hartu, antena atera, martxan ipini...

        — Tre frekuentzia. Dos mil.

        — En el barrio los hay por seiscientas —gizontxo batek besteari.

        Pinttok dena begiratzen du, ez da ezertaz harritzen.

 

 

Amestea: Gorka, sinbolikoki amaren sabelera itzultzea: zangoez angulo zuzen bat osatzea belaunekin: eskuak elkarturik zango tartean sartzea: burua bularretan makurtzea: Amalurrari bizita bat egitea: hiltzea: suizidatzea egunero: suizidioa baita une bakoitzean bizitza egiaztatzen duen zera bakarra: libertatea baieztatzeko era bakarra: ez izatea kontsideratua «normal» bezala: txori bat haizela sinistea: amodioaren hiri berria den hiria ikustea ametsetan: esnatzea eta deskojonatzea ametsez: gustatzen zaizkik esnaldi horietan lo hartu gabe inpresioak, aluzineak, iluminazioak dastatzea: konszientziaren eta inkonszientziaren arteko muga labainetan irristatzea: dantzatzean soina plano hipotetiko baten bezain laua sumatzea: baina ez dituk oso kontsideraziotan hartzen: beti Sisiforena egiten ari haizela kontuan hartzea: gizonaren zama guztia, aldaketarik ba ote duen ez dakiana, behin eta berriro hartzen duala bizkar gainean: hire gogoetan Golgota mendira igotzea zama horrekin: iristea, edo ustea gero zintzilik huen harria berriro erortzen baitzaik maldan behera: atsedenik ez izatea: hortara behartuta sentitzea: halaz ere bizitzaren eta ametsen arteko une desorekatu horien haritan gustura sentitzen haiz: atseden uneak izatea: produktibitate handiagoa: helburua.

 

 

Makina bat jende biltzen da igande eguerditan Konstituzioan. Pinttok ezin du urratsik eman zanpatua izateko beldurrik gabe, gainera nekatuta dago, beti nekatzen baita bat Konstituzioan. Gazte bat ari da bere rotrinezko marrazkiak saltzen arkupetan. Ile gorri motza du, zilar kolorezko betaurreko handiak, bizar zaindugabea eta txaleko beltza kamiseta granate baten gainetik soinean. Donostiako paraje eta etxe pertsonaia gabeen marrazkiak, lan orduak sartu ondoren bakoitza bostehun pezetan saltzen ahalegintzen den Donostia. Aizpa bohemia. Jin. Pintto galtzen da gaztetxo hauen ileluze eta betaurreko poetikoen artean.

 

 

Paseoak etorri ziren arratsen gelditasunetan, eskuak ia automatikoki elkartzen zitzaizkizuen, gorputzen hurbiltzea berehalakoa izaten zenuten, «Godot-en zain» entseiuen ondorengo une lasaietan. Sasoi horretan mototsa zerabilen Arantxak aurpegia ilez libraturik geldituz eta bere milaka pekak ñir-ñir egiten zizuten farolen argipean. Bai, Urumeako paseo luzean, petrilaren gainean eseririk dastatzen zenituzten tabako usain inguruan musuen sapore leuna. Arantxaren ezpain txikitxo ubelak eztiki bilakatzen zituzten zureak. Denbora gelditzen zitzaizun une horietan, gelditu eta hedatu, intentsitateak harreta gehiago sortzen baitu extentsitateak baino. Une horietan, zeinetan Urumeako paseoko farolen argia ispilatzen baita ur mugikorretan, hauek gelditzen zaitzaizkizun ibaiaren prozedura guztia argiak ispilatzen zuen ur izpi horretan deskubrituz, nola zure bizitzaren lehena eta geroa musu batean ipintzean. Denbora gelditze horiek markak izaten dituzu gero zeinetaz balia baitzaitezke aroen diferentziaziorako edo hain difuminatzen diren eszenen deskripzioak betetzeko. Ez dizute ordea eszenek axola musuak baino, begiak ixten dituzu eta musukatzen duzunean. Arantxak beti ixten zizkizun begiak horrelakoetan. Gozoak ziren bere ezpainak zeinetan gorputz osoz irristatzen baitzinen nola txirrista amaigabe batean. Maite zintuela, Arantxak. Zu, isilik.

 

 

Aurrera Pintto jende artetik arkupetan. Konstituzioko arkupetatik irten eta ezkerrerantz jotzen du. Kaskabarra eta tximista tabernen aurrean liburuak, okasioak, gangak, likidazioak. Kultur likidazioa. Parean 4 tipo beltzez ezker eskuan tabakoa eta hasha manipulatuz. Adokinetan koloretako izartxoak ikusi ditu Pinttok, zeinek mihakada azkar batez irentsi baititu. Kazadora beltz daramaten horiek makurturik zerbaiten bila bezala.

        — Que se os han caído los tripis? y que no están?

        Que aluzine Pintto.

 

 

Esnatzea: altxa-jantzi-garbi-gosaltzea: Gorka: milian hagoelaz oroitzea: baina gaur festa duk: egun osoa hiretzat izatea eta horregatik egunaren betebeharra sufritzea: prestatzea organigrama, plana izatea: denbora ez galtzea, aprobetxatzea dena: ez dezaan hutsunerik sentitu irratia piztea: Iruñean beste komando bat erori duk: hire lagunez pentsatzea: erlazio asoziatiboak egitea lurpean ikustea hire ama lagunen bila: interruptoreari eman diok eta gela desordenatua agertu zaik errealitatea bailitz: musika entzutea will you be here: musikaz lasaitzea konformatzea: hori duk azkenean, egite, esate, izatearekin konforme izatea dituk felizitatearen giltzak, gutxienez hori uste duk: konklusioa, ezingo haiz inoiz zoriontsua izan, ez baituk inoiz ezer buelta eman gabe utziko: betirako disidentea: kontradizioak bertan, milia egitean, musika liburu «Kultur» entzute komentatzean: ez dakik non dituan pisuko soldadu lagunak, ohean seguruenik gaueko atxurra pasatzen: bakarrik sentitzea esferaren, hire munduaren erdian difuminaturik hala nola hauts tanto finak airean eguzkiak begiradaren perpendikularki jotzen dituenean noiz ikuskor bihurtzen baitira: ordea pentsatzen duk ezen inoiz ez dela izan gizonik zeina bakarrik gelditu denik: Robinsonek Viernes zuen eta Tarzenek Jane: hik Arantxa maitea duk, soldadukideak lagunak: halaz ere bakarrik hagoela ipintzea hire poemetan: soldaduskan denbora ez galtzearren egiten ari haizen poema liburuan: kultur habeak ezertzea: ez galdetzea zertarako: dena aurresuposatzea: bakardadea: aitzakia.

 

 

Buruak bueltak ematen dizkio Pinttori, bat-batean jendea areagotu egin dela Konstituzioan deritzao. Umeek gurasoen eskuetatik tiratzen dute. Dena ikusi nahi dute haurtxoek, dena galdetu nahi. Perigizon trebeen elokuentzia anplifikatua edozein adorno saltzen. Airea kondentsatu da, giroak eta koloretako pastilatxoak Pintto konfunditu dute. Hamabiak. Ezkil hotsak airean sakabanatzen dira hareazko zirkuluak bailira. Pintto txanpon zaharrak saltzen dituzten mahai baten azpian etzan da.

        Logabearen uholdeak hersten doaz Pinttorengan.

 

 

Larunbat batean arratsalde osoan zerbezak, zigarroak, jazza eta elkarrizketak bukatu ondoren, eskua ematearren, musukatzearen eta eskaratzeko mihizkatzearen ostean etxera sartu zineten. Zuzenean bere galera. Argia piztu zuenean Arantxaren gela gurgarri bilakatu zitzaizun. Ezkerretan apal txiki batean liburuak, eta ispiludun armairua, haranzko aldean ohea zeinaren gainean Charloten argazki handi bat baitzegoen. Eskuinean, mimbrezko kutxatxoa eta gainean apal batean panpina pilo bat. Oso ordenaturik dena.

 

 

Maite zintuela, Arantxak. Elkar besarkatu zenuten. Erropak erori zitzaizkizuen nola lilitxoei hostoak. Gustatzen zitzaizuen flexo argi urdinaren goxotasunean zuen gorputzak mirestea, panpinen begirada galduei kasurik egin gabe. Ederra zen Arantxa, bikini zuriz ikusten zenuenean baino areago, gorputzaren ertz borobilduek ez zuten perfil batzren zorroztasuna ezkutatzen, markatzen baino. Amurtsuki etzan zineten ile, hats, berotasun oparo batean astiro laztantzen gorputzen azal leuna. Hitz politak esan zenitzaiola, Arantxak. Maite zintuela, Arantxak. Zu ordea isilik zeunden, zeure gorputza ari zen ozenki mintzatzen. Uzten zenion gorputzari ezen erabili zezan egoera bere modura. Ez zenekien orduan hitzak ere fisikoak izan zitezkeen, ez eta zenbat min egin zezakeen beren ausentziak. Amodioa ez baita zera abstraktu bat, amodioa egiten da sortzen da fisikoki gorputz guztia erabiliz. Hitzak eta gorputza ez dira bi, bat baizik. Baina amodioak galdu behar horrelakoak jakiteko. Ez zenion Arantxari minik egin nahi baina ezin zenuen ere barne arazo haren desorekan jarraitu. Esan nahi zenion ez dagoela amodiorik, amodioa mito bat dela, hitz abstraktu bat eta alderantziz maite zenuela, zuk. Faltsua gelditzen zen batez ere Arantxak maite zintuela esaten zuen bakoitzean. Beroki Arantxak, maite zintuela Maite, gartsuki Arantxak, maite zintuela Maite. Maite! Maite!

 

 

Gora hip! Gora Euzkadi aintza hip! aintza. Pinttok ezin dio bere buruari atsedenik eman. Izugarrizko zarata dago hip! gainera mozkor bat kantari. Mozkorra ez da handia, gizena, potoloa, burusoila, alkandora txuria hip! txaketa urdina darama soinean txakolinez puzturiko globo baten gainetik. Gora Euzkadi hip! Askatasuna. Gora Jainkoa hip! Legezarra. Katapunba! Lurrera erori da, hankaz gora. Ia, ia, Pintto harrapatu du azpian. Eskerrak Pinttok garaiz ikusi duela hip! ezkerretara jo duela, bestela...

 

 

Kontatzea: bat, bi, Gorka, hiru, lau aste eta bost egun: laster izango haiz Arantxarekin: laster Donostian: Josemi eta besteak beste errenplazo batekoak dituk: beranduago bukatzen ditek: bost axola hiri, hik heuk bukatzearekin nahikoa duk, besteak hor konpon!: berriro hastea: gizon heldua izatea: zeinean lan egin, bulego bat aurkitzea: dibortzioan espezializatuko haiz, modako gaia eta prometitzen duena: pisu bat alkilatzea: gero etorriko duk erostea: Arantxarekin bizitzea: ezkontzea ez: bueno hori Arantxarekin hitze egin beharko duk: formalizatzea: itxura onak beti ematen baitu kapitalarekiko konfiantza: zuhurra izatea nola Sanmartintxiki bere gentilei eginiko lapurketa prometeikoetan: partido politiko batean sartzea agian: lehendabizi onuragarri izango zaian postu bat negoziatuko duk noski: ez, ez, ez: sinetsi nahi duk miliak ez hauela aldatu: ez, ez, ez hau aldatu: aldatzeak gainera Arantxaz utzia izatea suposatuko likek: edo bera ere aldatuko hukek hirekin batera?: ez duk pentsatu nahi ere: uztea: Arantxarekin batera etorkizuna proiektatzea: edo ez proiektatzea: ez proiektatzea: ez.

 

 

Pintto ezkerretara doa, Astelehenako arkuetatik, Kaskabarrakoetara. Plaza erdian disko eta zinta saltzaileak harantzago. Kaskabarraren eskuinean liburu saltzailearen aitzinean Maite dago eskuz eginiko jertseak saltzen. Kolore biziko jertseak. Pinttok ikusi du eta berarengana doa.

 

 

— Etor hadi hona! Ez alde egin gero eh! Pittolo non ibili haiz. Pintto laztanki buztana mugituz makurtzen zaio ondoan eta lurrean etzaten da. Hamabi eta erdiak. Ezkil hots bat aieean sakabanatuz hareazko zirkulua bailitzan. Liburutegi munizipalerantz begiratzean bikote bat ikusten du Maitek. Kontxo, Arantxa eta Gorka datozkigu aurretik. Ai, Arantxa, ez dakizu nola sufritu dudan Madriletik Gorka etorri denetik. Bai. Segituan nabaritu zenion. Ohituak zeuden zeuen gorputzak «Godot-en zain» entseiuen ondoren elkartzen. Eta egunetik egunera zindoazen frogatzen maitasuna, amodioa zerbait zela eta sentitzen zenuela. Gorka ez zen arazo bat zuretzat. Asko estimatzen zenuen. Hirukote polita osa zenezaketen. Ordea, Arantxaren eskuak, eta musuak aldentzen zihoazen, zerbait zuen Arantxak entseiua bukatu ondoren, ez zuen izaten gelditzerik. Ez zenuten paseo gehiago eman Urumea ertzetik, kotxean alde egiten zizun, presa izaten zuen. Ez, ez zinen Gorkarekin jeloskor, min egiten zizun Arantxaren jarrerak. Orain dena hasieran bezala balego gertatzen da. Elkar ezagutu zenutenean bezala, Arantxak abilidade handia du hitze egiteko, umearena egitea gustatzen zaio, okurrentzia majoak ditu. Zuk Maite, zeuk ere jarrera berbera eramaten duzu, hasieran bezala. Orain Maite, Arantxa maite duzunean. Gorka eta Arantxa Kaskabarrako arkupeetan sartu dira. Maiterengana doaz zuzenean. Pozik daudela ematen du. Maitek ere irribarrez hartzen ditu.

 

 

— Zer moduz. Maite?

        — A zer galdera...

 

 

Xaguxarra-2

 

 

© Iñaki Uria

 

 


"Iñaki Uria / Ipuinak" orrialde nagusia


www.susa-literatura.com