Hamlet, William Shakespeare

 

Hitzaurrea

 

Esku artean duzu, irakurle, Shakespeare-ren «Hamlet» ospetsua euskaraz.

          William Shakespeare (Stratford-on-Avon, 1564-1616) England herriko olerkari bikainena da, bai eta lurralde eta aro guztietako onenetako bat ere. Frank Harrisek egiazki esan duenez: «Beste inongo idazlek baino antze-lan eredu gehiago sortu zituen eta bere ditu mundu-ele-eder guztiko esakuntza hobeak». «Mila gogodun gogoa» iritzi zaio eta zuzenbidez iritzi ere, egi-egiaz eta indar harrigarriz, giza grina eta bihotzondoak oro irudi egin dituelako: bai alai, bai ilun; nahiz otzan, nahiz uzu; nahiz barnekor eta nahiz jostari; orain leratsu, orain irudimen zoragarriari emana, beti agertzen zaigu handi, asmamenaren jaun eta jabe; horrexegatik dugu betikoa.

          Shakespeare, olerkari horren handia bada, «Hamlet» dugu bere antzezlan nagusia. Ezaguna duzue haren gaia: erabaki eta egin-ezaren artean betiko borroka. Aita zenaren iratxoak bere heriotzagilea eta emaztearen (Hamlet-en amaren) errua agertu eta apena eskatzen dio eta, badugu Hamleten gogo zabarra bere lankizun ikaragarriaren aurrean:

 

                    «The time is out of joint. O cursed spite,

                    That ever Y was born to set it rigth!»

 

                    (Gizartea nahaspilaturik dago. Oi, nire zorigaitza,

                    hura zuzentzeko jaioa naiz eta!)

 

          Ezina eskatu diote, Goethe-k zionez; ez berez ezina dena, beretzat ezina baizik. Eta badabil jirabiran, aurrera eta atzera, beti gogoratuz eta bere asmoaz ahaztuxerik gogoratzearen gogoratzez.

          Shakespearek ez zuen Hamleten ipuina asmatu. Antzinako «saga» eskandinabiar bat dugu hori, eta Saxo Grammaticus zeritzan XII. mendeko idazleak, badakar bere idaztietan. Geroago, F. de Belleforestek Parisen 1582. urtean bildu zuen ipuin hori bere «Histoires Tragiques»en. Hauxe izan zen, nonbait, Shakespearen iturri aldekoena. Baina gure olerkaria beti agertzen da irazale. Saxo eta Belleforesten ipuin zahar horretaz, eguzkiaren azpian ezagutzen den antzerki sakonena eta ederrena atera zuen bere antze goitarrak.

          John Masefield-ek dionez: «Zail zaigu "Hamlet"en olertia goraipatzea. Antzerki guztitsua, sarritako aipamenak direla bide, Itun Berria bezain etxekoena dugu. Antzerkiaren edertasun handi, zuhur eta harrigarria, Englandeko gogoaren zati bat da betiko». Izan ere, hori da England herrian; beste herritakoek, ordea, badugu beste arlo bat hari buruz: bihurpenarena.

          Bazioen Victor Hugo zaharrak: «Shakespeare est un de poètes que se défendent le plus contre le traducteur», «...il resiste par le style; il resiste par la langue. Il resiste par le sens métaphysique; il resiste par le sens historique; il resiste par le sens legendaire».

          Eta «Hamlet»-i gagozkiola, hona hemen Astrana Marin, haren bihurtzaile espainiarrak esana: «Mucho cabría notar sobre las dificultades y oscuridades del texto. A los dos siglos de interpretación y exégesis en que se han examinado todas las fuentes, todas las alusiones, todas las reconditeces gramaticales, todos los problemas de dicción y estilo, queda aún no poco por esclarecer, incluso la génesis misma de la obra y hasta su autenticidad integral».

          Eta André Gide: «Ce premier acte m'avait fourbu; j'y avais consacré plus d'efforts qu'aux cinq actes d'"Antoine et Cléopâtre". On n'imagine pas texte plus alambiqué, plus retorts et plein d'ambiguités, de traquenards et de chausse-trapes. Toute autre pièce de Shakespeare ("Troïlus?" peut-être, excepté) paraît eau de roche à côté».

          Baditugu, beraz, irakurle, hiru eragozpen euskaratze honetan: lehenengoa, Shakespearena berarena; bigarrena, gure euskara, honelako lanetara gutxi ohitua; hirugarrena, nire gutxitasuna.

          Hiru eragozpen handi horien aurka, ordea, beti izan ditut bi bultzagai indartsu: maite-maite dut Shakespeare, euskara areago. Maitasun bi hauek lanean jarri eta burutzeko adorea eman didate. Dakuskezun ona haiei zor diet. Hutsak, berriz... maite handia izan dudala eta barkagarri nauzue.

          Shakespeareri ahalik zintzoenik jarraitzea izan dut lehenbiziko xedea; bulkoetan bakarrik ez, hitzetan ere; hitzez hitz ahal izan dudan aldi oro. Hau, ordea, ezina da askotan, euskara eta ingeleraren izakera oso bestelakoak baitira eta, bestalde, olerkari bat zehaztasun osoz bihurtzeak iluntasuna dakarrelako, sarritan. Horregatik, zintzotasuna eta zehaztasunaren aldean, argitasuna izan dut beti helburu, olerkariaren opaz eta euskararen onerako.

          Zuk dasakezu, irakurle euskalduna, zintzotasun hori argitasunaz heinkatzea lortu dudanez.

 

Montevideo. Lotazila. 3/1951

«Euskeraren Eguna»

 

 

© Bingen Ametzaga

 

 

Antzez-lagunak / Lehenbiziko atala / Bigarren atala / Hirugarren atala / Laugarren atala / Boskarren atala
Hitzaurrea / Antzerkiaren haria / Hiztegia

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


susa-literatura.com