Aintzin solasa

 

1981eko uztailaren 22an eraman gintuzten Puerto de Santa Mariako gartzela berrira, presondegi moderno eta izugarri batetara. 25aren arratsean eta 26aren goizean, berriz, gutarik hogeiren bat eraman gintuzten zigor zeldetara, luzarorako. Jantziriko erropa, liburu bakarren bat, besterik ez genuen aldean. Intxaur azal baten barruan delako narrazioa zelda zigor haietako lehen hamabi orduren kronika moduko bat da, kontrapuntuz pertsona baten orduko bizitza azaltzen delarik. Egun batzu geroxeago zigor zeldetan bertan idatzi zen, paper puskatan, eta ordutik hona iraun du, zati batzu katxeotan galdu arren, orain ia osorik agertzeko eran.

Eguberri amarauna delako idazlana, berriz, 1982 eta 83 arteko eguberrietan eginikoa da. Hemengo bizimodu arrunteko ahotsak, etsipenak eta desirak poema zatikazko eta luze baten forman jasoaz.

        Marrazkietan gartzelako fauna eta hornidura bilduma bat eman dugu. Hormetako adreiluak, euliak, sarrailak, saguak, esposak, eltxoak eta enparauak, mundu estu honetako ikuskizun kotidianoenak dira zoritxarrez, zoriontsua begirada haiengandik aparta lezakeena.

        Ez dakigu poemaren ataritzat imini zitako galdera erantzun den gainerako orrialdeetan zehar, erantzun ote daitekeen ere. Galdera faltsoa ez ote den ere pentsatu dugu. Gure aldetik, beste zitan imini bezala bihotzak adierazten diguna esaten entseiatu gara, besterik ez.

        Euskal Herritik urrun, denbora hain astiro eta mingarri iragaiten den leku honetan izugarrizko zapalketa bat sofritzen dugu gure lurraldeko lanbroa goroldio gainera eta espaloi ertzetara erortzen oroitzen dugun artean, zementozko kaxa honen barruan etxe aldetik datozkigun albisteen zain gaude, gure indar eskas guzia emateko gertu gaudela.

        Anonimoak dira gure lan tipi hauek, gartzela hau ez batek edo bik baizik eta hainbestek sofritzen dugunez, paper hauek ere guzion ahotsa izan nahi luketelako, guzion askatasunaren aldeko burrukan.

        Badakigu gure burruka, independentzia eta gizarte iraultzaren alde, ez dela autobide bat. Larrosa eta polbora xendra da, besarkada eta odol estrata, ausardia eta bildur bidexka da, geuk egina delako, geuk, gure ahalmen guti eta ahuldade ugariekin, baina gure bihotz osoaz.

        Zeren gure bihotzak, gatibuan edo herbestean, baina oraindik ez bentzutuak, oraindik ere armak galdu gabe eta altzaturik, aurrerantz bait doaz. Eta, sugeak eta aizkorak bide eginez gero, goizen batetan, askatasun banderak altzatuko dira Eskiulatik Karrantzaraino muinoetan eta, goiz horretan, sirenen zarata ezik oilar gorri baten kukurrukua adituko da Puerto de Santa Maria hotz honetako kupularen gainean, gartzela honetako eta guzietako harresiak izotza bezala urtuko diren artean.

Penal del Puerto de Santa María

1983 urtarrilak 12

 

 

"Intxaur azal baten barruan / Eguberri amarauna" orrialde nagusia


www.susa-literatura.com