Pedro Mari Otaño

(1857-1910)

 

          Pedro Mari Otaño Zizurkilen jaio zen, Asteasuko errotatik hurbil, 1857an, eta Argentinako Santa Fe probintziako Rosario hirian hil, 1910ean. Bertsolari herritarra eta aldi berean jantzia, sintesi harrigarria dira bere bertsoak, dudarik gabe literaturako goi maila iritsi dutenak.

        Otaño hiru aldiz joan zen Argentinara, eta hezurrak hemen uzteko nahia adierazi arren han utzi behar izan zituen azkenik. Bizimodua atera beharra eta geldirik egon ezina nahasian egon litezke hor; argi dago, ordea, Argentinako panpan artzain edo Buenos Airesen euskara-irakasle zegoela ere, herrimin sakona sentitu ohi zuela. Amerikako panpetan bertso-sail ezaguna, eta inongo zalantzarik gabe Zazpiak bat, abertzaletasun politikoak bere formulazioak finkatu baino lehen euskal idazleen artean zabaldua zegoen Euskal Herriaren batasunaren ideia agertzen duena, arlo horretan gogoan izatekoak dira.

        Erbesteko poeta edo bertsolarietan nagusietako bat, ez da, hala ere, hori bere ezaugarri bakarra. Argentinara joan zenean egin zitzaion despedida —bertsolariak, abesbatza...— ordurako zuen sonaren erakusgarri da. Eta herriminaz gain, bestelako gairik duten bertso-sail eder askoak ondu zituen: Limosnatxo bat, Mutil koxkor bat, Donostiya, Txepetxa... Eta ez ederrak bakarrik, literatur eduki eta estiloaren aldetik nabarmentzeko modukoak.

        Alkar, poesías escogidas liburua bera bizirik zela plazaratutako bere olerkien bilduma bakarra da. Artzai mutilla izeneko opera ere argitaratu zen eta mustu, 1906an Buenos Airesen. Gerora 1930ean eta 1959an bildu eta argitaratu dira Otañoren lanak.

        Alkar liburua 1904koa da, Buenos Airesen egina. Sinatu gabeko hitzaurrea du, gaztelaniaz, eta 23 bertso-sail.

 

 


Pedro Mari Otaño - Alkar

 


www.susa-literatura.com