21. eszena

 

MEDIKUA eta METXA ertz batetik datoz.

 

MEDIKUA.— Ez zara gaitz honetatik libratuko, baina gaitz honek ez zaitu lurperatuko, lasai gizona!

METXA.— Bai, nik gauza bat behintzat egingo dut, Jainkoak nahi ez badu ere!

MEDIKUA.— Zer?

METXA.— Ba, bai, Jainkoak nahi ez badu ere, hil artean bizi egingo naiz ni!» (Metxa aulki batean jartzen da eta betaurrekoan bila hasi.

AGIRRETARRA.— Horixe esan zion Medikuak metxari etorri zen azkenan. Hobe da bai, belauneko mina sumatzea behatz puntak non dauzkagun jakin gabe ibiltzea baino. Agirre'tar Nikola, Metxa, Santoñan preso hartua, kanjeatua, 140 Brigadako 44 Dibisioko Bizente Egia kapitainaren laguntzailea. Elgetan ere elkarrekin ibiliak, «Kirikiño» batailoian. Minik ez sumatzea zuten orduan kezkarik handiena. Ez zuten zauritu ere egin, baina ez zegoen balak joa izan beharrik ebakuntza egiteko: hotzak min guztiak lokartzen ditu, eta izotzez lo hartutako behatzak, eta zangoak ere, moztu egin behar izaten dira... Baina behatz txipiraino osorik Metxa. Mindun Metxa. Urtero etortzen da medikuarengana, eta urtero irteten da irribarre maltzur bat ezpainetan duela kontsultatik. Espero dezagun aurten ere hala izatea, zaharrak bakan izaten ditik pozak.

MEDIKUA.— Hurrengoa, mesedez! (Altxa egin da belaunari eutsiz. Inurrituak dauzka zango biak.) Jarri, jarri. Zure izena?

METXA.— Nikola Agirre. (Fitxa ateratzen du.)

MEDIKUA.— Urtero etorri behar dutenetakoa zara...

METXA.— Bai... Eta urtero etorri beharrarekin pozik! I

MEDIKUA.— (Irri egiten du) Bueno, ikusten dut psikologikoki ongi zaudela...Aizu... esango zenidake iaz zer galdetu zizuten?

METXA.— Ea zer moduz belauna!

MEDIKUA.— Eta... zer moduz belauna?

METXA.— Mina sumatzen dut oraindik eta... pozik!

MEDIKUA.— Ongi... Zein belaun da?

METXA.— Eskuinekoa!

MEDIKUA.— Hau?

METXA.— Ez, eskuinekoa... Bestea!

MEDIKUA.— Ongi, ongi... Garbi dago psikomotrizitatez ere ez zabiltzala gaizki... Zein letra azaltzen dira pareta horretan?

METXA.— Ele... Eme... Ka... Pe... U...

MEDIKUA.— Oso ongi. Ea besteok?

METXA.— Erre... Ez, efe... Te... E... Ez, be...

MEDIKUA.— Ongi, nahikoa da. Zatoz hona. (Bolante bat luzatzen dio.)Ikusten duzu autotxo hori?

METXA.— Bai.

MEDIKUA.— Martxan hasiko da gero eta biziago, eta zeuk gidatu beharko duzu hor ageri den errepide horretatik irten gabe. Ulertzen?

METXA.— Oso ondo.

MEDIKUA.— Heldu bolanteari. Sakatu egingo dut botoia, eta abaila hartuko du.

METXA.— Nahi duzunean.

 

Medikuak botoia sakatu du. Autoak egundalako burrundara atera du ke eta guzti. Abiatu da.

 

MEDIKUA.— Saia zaitez zeure eskuinetik joaten.

 

Ondorengoak soinuen bitartez iradokiko dira. Bihurgune bat sortu da ustekabean pantailan, eta Nikolak ezkerrera jiratu du zakar. Makinak irrintzi egin du, eta autotxoa bidetik irten da zuhaitz bat jo eta boteaz, Etxalarko hartan bezala. Garabiak txatarra uzten duenean bezalako zarata atera du makinak itzali aurretik.

 

MEDIKUA.— Ongi, nahikoa da. Hurbileko betaurrekoak erabiliko dituzu...

METXA.— Bai, baina ez ditut ekarri...

MEDIKUA.— Ez du axola, lasai... Eta urrutirako?

METXA.— Ez, urrutira ongi ikusten dut...

MEDIKUA.— (Hasperen luze bat egin eta gero) Beha, Agirre jauna... Psikologikoki sendo ikusten zaitudanez, uste dut ez duzula gaizki hartuko orain esango dizudana... Psikomotrizitatez ongi samar zaudenez, balekoa emango dizut aurtengoa, baina hau duzu azkena. Hobe duzu, zeure onerako, eta besteon onerako ere, kotxea gidatzeari uztea.

 

Eta eskua luzatu dio. Eta isilean ateraino laguntzen du.

 

METXA.— Hamar urte dira, jubilatu baino askoz lehenagotik, kotxea gidatzeari utzi niola, Etxalarko bihurgune hartan bazterra jo nuenean. Autoa txatarrarako eta klabikula igeltsurako gelditu zitzaizkidan, eta erabaki nuen zahartua nengoela, abisu bat zela. Baina bitartean, jarraitu egin dut medikuarenera urtero etortzen. Eta hamar urte luze egin ditut besteek gazte eta bistadun ikusten nautela frogatzen, gezurra dela jakinik. Urtero medikuarenean azaldu beharraren poza kendu didazu... (Badoa.) Oraintxe bai Metxamotz, ez zeukaat luzerako... Laster botako naitek etxe zahar honetatik, baimena emanda gaudek maizter hemen... leku egin beharra zegok agirretar berrientzat, eta agureok erlojua aurreratua zeramaagu... Baina Txurkoeneko baratzera eraman aurretik hartu behar diat nik kotxe baten bolantea oraindio... Edo tanke batena, Bruneteko hartan bezala, Paulov jeneralak eskua eman zidanean... Agirre'tar Nikola, Metxamotx, milixiano xaharra... Badaukak nora apuntatua...

 

 

© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti

 

 

"Metxa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.com