20. eszena
METXA (Off). Hilabetea joan da eta erantzuteko garaia izango da noski. Ez, ez nago zurearekin ahaztua. Buru txarra daukat, baina ia egunero gogoratzen naiz ez naizela gehiago zure aitontxipia. Bai, aitona Martinek gauza asko daki. Ni, ordea, kaletarra naiz zu bezala. Ez harritu gorotzetan erortzea. Zure gelako lagunek barre handiak egiten dituzte agure batek eroriko bat hartzen duenean...
(Umeen farre algarak entzuten dira)
Ongi, ongi. Haiek ere erori beharko dute ba agirretarrak izango badira. Esaten didazunez, batzuetan ez zaituzte hain umetzat hartzen eta komentarioak egiten dituzte zu aurrean zaudela. Adibidez, egoskorra naizela eta buru txarra daukadala. Ai, Beñat, oraindik entzungo dituzunak! Eta denak ez dira gezurrak izango noski...
(Senitartekoan txutxumutxuak-eta entzuten dira. Ondoren Metxaren hitzak zuzenekoak dira)
METXA (On). Ni omen naiz familian Telleri Berrikoei diosala ukatzen ez dien bakarra. Eta zertarako ukatu, gero morroiaren eske joan behar baldin badugu? Zure adinekoa izango nintzen ni, hor iratzarri gaituenen aitak zure aitona eta zure aitontxipia izandako hau. Gauerdia-edo izan behar zuen. Janzteko, lana dagoela. Guk pentsatu genuen behiren bat mendian galdu edo egingo zela. Harritu ginen pixka bat aitzurrak hartzeko esan zigunean. Gau iluna zen. Hozkarra zegoen. Gurdibideko gainera heldu garenean, Telleri Berrikoek soro inguruan marka bat egin du aitak gure mugapean, eta aitzurka ekin genion. Ahal genuen isilena jarduteko esaten zigun. Noizbait behar eta mugarria topatu dugu. Orduan aitak Telleri Berrikoen sorora pasatzeko agindu zigun, eta hantxe lurperatzeko mugarria. Telleri Berriko lapur haiek mugarriak mugitzen ibiltzen zirela beti, esan zigun aitak. Egia ote zen? Orduan baietz esango nukeen itsuan. Gaur jada ez naiz hain neuretarren aldeko amorratua. Nik uste dut agirretarren herrian denok garela agirretarrak.
Gero, gerra heldu eta reketeak sartu zirenean, halako istiluak zituzten askok aprobetxatu egin zuten auzoa salatzeko, gorria zela, edo ez zela mezetara joaten, edo nazionalista zela. Eta jendea hartu eta fusilatu egiten zuten. Akabo orduan zorrak edo muga-auziak.
METXA (Off). Ez dakit eta auskalo noiztik datorren elkarren aurkako hori. Nik aspaldi erabaki nuen ez nuela ezertxo ere jakin nahi halako saltsetan. Ez zait batere axola mugarria non dagoen edo behiak gure soroan sartzen dituzten.
Irrati txiki bat pizten du eta belarrira peatuta daukala hor doa. Irratsaioan diskak eskeintzen dituzten hoietako saio bat ari da.
Aurreko egun batean banindoan ni egunero bezala neure bueltaxka ematera jubilatuak ibiltzen garen inguru horretan barrena. Nire urtebetetze eguna zen hain zuzen. Ez zebilen inor.
Lapur bat azaltzen da labana erakusten duela, Baina Metxak nerak baino bildur handiagoz.
LAPURRA. Ekarri diru guztia... (Metxak eman egiten dio kartera eta honek miatu.) Pobre arraioa, hogei duroko bat besterik ez?
METXA. Eta hiri ez al dik lotsarik ematen jubilatu bati lapurretan egiteak mendian?
LAPURRA. Emaidazu irrati hori tripa zulatzea nahi ez baduzu!
METXA. (Oihu eta haserre batean) Hoa hemendik txakurraren salara, nahi ez baduk esne hortzak barreno gaizto batek kentzea, metxa sutua zegok eta! (Labana utzita hanka egiten du Lapurrak ) Adore gehixeago ez baldin baduk goseak hil beharko dik... Nik ez nuen inondik inora irrati txipia galdu nahi egun hartan. Urtebetetzea nuen. Hamabiak ziren eta urtero bezala espero nuen nire bilobak Txirritaren bertso zaharren bat eskaintzea. «Aitontxipiarentzat, Beñaten partetik» Eta negar pixka bat ere egingo nuen.
Irratian saioaren bukaera entzuten dugu «Hau izan da guztia gaurkoz...», Metxa bere idazmahaira doan bitartean. Jarri eta idazten segitzen du.
METXA (OFF). Ez, ez nago haserre. Ezta minduta ere. Ulertzen dut, klasean egongo zinen eta aurten irakasleak ez zizun telefonora irteten utziko. Edo handitu egin zara eta orain umekeria irudituko zaizu xaharrei kantak eskaintzea. Ulertzen zaitut. Ulertzen zaitut idatzi dut, ez ulertzen dizut. Eta zuk, ulertzen duzu bien arteko aldea? Ea noiz etortzen zaren etxera. Zure laguntza behar nuke Maritxu izeneko andrakila bat etxetik uxatzeko. Gela urdineraino sartzen zait. Hika irakatsi behar omen diot. Zure aitontxipia ezin bada izan, zure adiskidea izan nahi lukeen. Nikola Metxa.
© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti