19. eszena

 

Metxa ateko sarraila puskatua konpondu nahian ari da. Albotik MARITXU bizilaguna datorkio.

 

MARITXU.— Zer, Niko, malobran?

METXA.— Ate joka ibilia naun bai auzo-lanerako, baina ikusten dun...

MARITXU.— Ate joka edo kolpeka behintzat ibili zara bart arratsean...! Egia esan, beti zabiltza zarata ateratzen, ez duzu inor telebista lasai ikusten uzten... (METXAK ez du erantzuten.) Oroitzen naiz bai, herri guztia ilundu zutenean ere egun osoan aritu zinen mailuka eta builaka... Ba, jakin behar zenuke ez dela baimenik ematen etxebizitzetan tailerrak jartzeko!

METXA.— Barka ezan, etxekoandre, baina ez zirudin horren belarri minbera dunanik!

MARITXU.— Zer ba, zer ba, zergatik diozu hori?

METXA.— Ba, bart atea hautsi behar izan nuelako etxean sartzearren, eta inor ez zelako azaldu ea zer gertatzen zen...!

MARITXU.— Aizu... ni ez naiz besteren mahaian jartzen... (Metxak jira egin du, entzungor. Lanari ekin dio, azken torlojua atera behar du.) Zer gertatu zitzaizun... Giltza ahantzi?

METXA.— Ez... Lapurrak sartu!

MARITXU.— Aitaren eta semearen...! (Oihu egitearekin batera esku artetik zolara erori zaio Maritxuri jeranio potoa. Buztinezko ontzia lehertu egiten da.) O, landare gaixoa!

METXA.— Eta ia hire hanka gaixoa!

MARITXU.— Bai, gutxik egin du nire hanka gainera erortzeko... Eta zure kulpagatik!

METXA.— Nire kulpagatik?

MARITXU.— Halako sustoa eman didazu...! Lapurrak hemen...! (Badoa baina bueltan dator erratza eta jasotzekoa dakartzala. Jasotzen hasten da) Ez duzu oporrik hartu behar?

METXA.— Oporrak? Ni jubilatua nagon!

MARITXU.— A, zelako zakarra! Eta beti hika...! Esan nahi nuen ez duzun kanpora irten behar, eguzkitara...

METXA.— Ez!

MARITXU.— Ba ni Benidorm-era noa lagun batzuekin...! Abuztu osoa! Hotelean, ez pentsa...! Zer, berria ipini behar?

METXA.— Bai...

MARITXU.— Ba jeranio hauei ere tiesto berria erosi beharko diezu (Zolatik jaso eta, esku artean estuturik, Metxari luzatu dizkio jeranioak. Besotan hartu behar izan ditu agureak, ezer ulertzen ez duela.) Kanpora irten behar ez baduzu landareak zainduko dizkidazu!

METXA.— No... nola?

MARITXU.— Banekien nik gizon jatorra zinela zu... Entretenimendua izango duzu gainera. Jubilatu asko aspertu egiten zarete, zer edo zer eduki behar duzue esku artean, bestela nagitu egiten da bat!

 

Bere etxe barruan ezkutatu da Maritxu. Harri eta zur dago Metxa laguna. Lehertu egin nahi luke, baina ezin du. Hemen da berriz begiak gardenia artean ageri. Loretan lore.

 

METXA.— Baina, baina...

MARITXU.— Lasai, gizona, oso errazak dira zaintzen. Egunero ihintzatu behar dituzu, baina ilundutakoan, eguraldiak zerbait freskatu duenean. Ez sartu sardin bururik lurrean. Asko indartzen ditu landareak, baina harrak sortzen dira eta niri ez zaizkit harrak gaztan ere gustatzen. Adaskaren bat ihartzen baldin bada, kimatu. Eta argitan eduki loreak. Dotore emango dute gainera zure etxean. Seguru ez daukazula bat ere. Balkoian behintzat ez daukazu. Tira, tira, ez gelditu hor! Besoak nekatu egiten dira! (Metxa giltza emandako panpina bezala sartu da etxean jeranioak besotan dituela. Atzetik datorkio Maritxu gardeniekin.) Non utziko ditut gardeniak?

METXA.— Pasilloan!

MARITXU.— Pasilloan? Ez, zure hanka motel horrekin jo eta bota egingo dituzu pasillo estu honetan...

METXA.— Hemen, sukaldean bertan!

MARITXU.— Sukaldean? Kea hartzeko? Ezta arrimatu ere! Hau kuxidadea! Oraindik ohea egin gabe?

METXA.— Hainbat inkontru txar ezagutu, hainbat hil-arrisku gainditu, hainbat zuhaitzetatik eroritako agirretarra... Metxa....

MARITXU.— Ireki leihoa gutxienez! Airea behar dute landareek! Non da egongela? Asko lapurtu al zizuten? Baina ezin duzu siesta eta lo ohe berean egin? Gizonezkoak izugarriak zarete! Eta aizu, hori al da zapatak biltzeko modua? Seguru mantarekin garbitzen dituzula! Landareei ez zaie hautsa komeni. Leihoa ireki behar da hemen...! Zertarako duzu hainbeste liburu? Denak irakurri dituzu? Tira, joan egingo naiz, ez daukat berriketarako astirik eta. Sarraila ona ipini... Ez nuke nahi nire loreak lapurtzea!

 

MUSIKA RAFAGA

 

 

© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti

 

 

"Metxa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.com