18. eszena
METXA eta BI ZAKUR eskuin aldetik azaltzen dira.
ZAKURRA 1. Seguru al zaude?
METXA. Baietz esango nuke...
ZAKURRA 1. Ez zenuen okerreko giltza sartuko?
METXA. Ez dut uste...
Eskaileretatik abiatu da bat, eta igogailuan bestea, biboterrea, agurearekin.
ZAKURRA 1. Horrela ez dute ihes egingo. Diru asko al daukazu etxean? Edo bitxiak, urrea eta?
METXA. Ez, ez... Bimilakoren bat uste dut, baina ez dakit non.
ZAKURRA 1. Okerrago!
METXA. Okerrago?
ZAKURRA 1. Bai... Beti utzi behar zerbait lapurrentzat. Eramateko ezer aurkitzen ez baldin badute, haserretu egiten dira. Orduan mendeku hartzen dute: igual hustuko dizute olio guztia moketa gainean.
METXA. Ez dut moketarik...
ZAKURRA 1. Edo bisilloak moztu aizturrekin.
METXA. Ez dago kuidadorik...
ZAKURRA 1. Edo telebista baineran ipini eta urez bete.
Ezker alderaino iritsi dira. Artean, eskaileratan gora zetorrena ere ezker aldetik azaltzen da.
ZAKURRA 2. Inor ez eskaileretan.
ZAKURRA 1. Egin ezazu saioa berriz giltzarekin, badaezpada.
Nikolak atera ditu giltzak, bereizi du etxeko atekoa, eta erdiraino besterik ezin du sartu. Lasaitu da.
ZAKURRA 1. Ea, utzi niri. (Baina honek ere ezin du ETA uztaian dituen giltza guztiak probatzen saiatu da)
METXA. Hori Dar El Beidakoa da
ZAKURRA 2. Eh?
METXA. Dar El Beida. Casablanca. Gure familiaren baserrikoa. Eta besteak: atarikoa, buzoikoa, Aitonenekoa...
ZAKURRA 1. Hautsi egin beharko dugu sarraila...
METXA. Lasai... Entretenimendua konpontzen!
Ongi hautsi du bai, sarraila ez baina sarraila inguruko ate partea.
METXA. Baina, baina... Zer da hori, mutilak?
ZAKURRA 2. Zer?
ZAKURRA 1. Zer ba?
METXA. Baina... Aizue, nire etxean ez zarete sartuko pistola eskuan!
ZAKURRA 1. (Elkarri behatu diote udaltzainek. Irribarre ere egin dute. Hasperen egin du biboterreak). Beha, Metxa... Hor barruan dagoen lapurra armatua egon liteke!
ZAKURRA 2. Utzi guri geure lana behar bezala egiten!
Zakurrak agurearen harriduraz baliatu dira beren pistolen atzetik etxe barruan sartzeko. Metxa sarreran gelditu da, izutua.
METXA. Nola arraio ote zekik hankagorri horrek ni Metxa naizela?
ZAKURRA 1 eta 2. Altxa hadi, jaiki hadi zerri hori! Hemen zegok, Manuel, hemen zegok! Altxa, altxa eta jaso itzak eskuak! Zerria! Orain ere lapurretan! Jantzi agudo eta txakurtegira! Joango zaik logalea han!
Buila logelatik dator. Zakurrek mutil gazte biluzi bat astintzen dute. Ohetik atera dute itxuraz.
METXA. Baina zer ari zarete? Uztazue bakean mutil hori!
ZAKURRA 2. Kenduko diogu laster inoren etxean sartzeko gogoa!
METXA. Uzteko bakean!
ZAKURRA 1 eta 2. Nola?
METXA. ...mutil hau nire iloba da!
ZAKURRA 1. Zeeer?
METXA. Nire iloba dela! Kaixo, Xabier! (Zuzenean doa mutilarengana, jaitsarazi dizkio besoak eta pistolen aurrean jarri da) Barka ezak, baina ezin nian etxean sartu eta artabu... zera, udaltzainei esan behar izan zieat...
XABIER. Kaixo, osaba...
Harri eta zur gelditu dira udaltzainak.
METXA. Tira, motell, ohera hadi...! Nire iloba itsasoan dabil, eta askotan azaltzen da ustekabean... Eskerrik asko, gazteak! Sentitzen diat partidua ikusten ez uztea... oraindik ere bigarren aldia ikusteko aukera daukazue...
ZAKURRA 1. (Pistola triste gordez) Seguru zaude ez duzula denuntziarik egin nahi?
METXA. Nire ilobaren kontra?
ZAKURRA 2. Oso iloba xelebrea daukazu zuk!
METXA. Bai... leher eginda ailegatzen da gizajoa... Hara, zurrungaka hasia da...
ZAKURRA 1. Eta... non du maleta?
METXA. Maleta? Barkuan uzten du beti... Bisita egitera besterik ez da etortzen... Seguru bihar bertan hanka egiten duela berriz...
ZAKURRA 1. (Barrurantz mintzatzen da) Eta hi, badaezpada, kontuz ibili... Bazekiat zerraldoarena ari haizela egiten... Gu ez gaituk hain erraz tronpatuko...
Zurrungek erantzuten diote. Nikolak itzali egiten du logelako argia eta irteerarantz abiatzen da, zakurrak atzetik datozkiola.
ZAKURRA 2. Aizu, nagusi... Zer da hau? (Markoari josia gelditu den sarrailaren barrualdean azazkalmozteko bat ageri da sartua).
METXA. Izan ere... Nire iloba honek baditu halako despisteak... Nire ezpalekoa da horretan... Oraintxe bertan ez nizueke esango non ditudan betaurrekoak... Ez dakit ba zertarako utziko zuen traste hori hor... Beharbada utzi du bihar kaleratzerakoan ikusi eta zer edo zertaz oroitzeko. Nik ere korapiloa egiten diot askotan musuzapiari, baina gero ez naiz oroitzen zer oroitu behar dudan...
ZAKURRA 1. (Metxari eskua bizkarrean jarriz). Ederki, Metxa, ederki... Bagoaz gure lantegira... Baina esaiozu zure... ilobari, kontuz ibiltzeko...
ZAKURRA 2. Bai... Hurrengo batean topo egiten baldin badugu, ez dago libratuko duen osabarik ez aitapontekorik!
METXA. Je, nik ere bazeuzkaat esatekoak! Beha nola gelditu den atea bere kulpagatik! Berak ordaindu beharko dit berria...!
Ate zartatua poliki itxiz zurezko ispilu egin die oraindik ere susmo gaiztoz behatzen dioten udaltzainei..
METXA. Hau duk aparejua! Eta non egin behar diat nik orain lo?
Txoko batean kuzkurtzen lo hartzeko. MUSIKA hasten da.
(Posible litzateke hemen kanturen bat egitea. Musikorik ez dagoenean musika soilak hurrengo ekintza sorta babestuko du.)
Eguna argitu egiten da. Gela barrutik delako iloba ateratzen da, oraingoan jantzita. Metxak lo darrai. Albotik pasatzean liburuekin ohartu eta zer dagoen begiratzen du. Liburu bat hartzen, azal nabarmenekoa eta besapean gordez Metxarengana hurbiltzen da. Gutun bat uzten dio esku artean. Piskatera Metxa esnatu egiten eta eskuan duen gutunaz ohartuta ireki eta irakurtzen hasten da.
XABIER (Off). Kaixo «osaba»: Asko estimatzen dizut bart arratseko portaera. Zorretan gelditu nintzenez, nolabait ere ordaindu beharko nizun, eta beraz ez dizut ezer lapurtuko. Aholku hau emango dizut: utzi beti etxean zer edo zer eramateko moduan, eta begi bistan. Sentitzen dut atearena, baina barkua gaur bertan da berriz itsasoratzekoa eta aldegin beharra daukat. Triste aurkitzen banaiz, idatziko dizut nagoen lekutik. Afrikatik. Edo Bilbotik. Ea ordaintzen dizudan atearena koloretako telebista batekin... Saiatuko naiz, ez da hori nire espezialitatea baina. Ah... Zure ohea bigunegia da, ez da ona hezurretarako. Eta ez utzi tabakoa frigorifikoan, hondatu egiten da eta. Betaurrekoak gatzontzian dauzkazu. Ikusi arte. Zure iloba...
METXA. ...Xabier. Post Scritum: Egia esan, gezurra esan: nire lanbide honek sobera tiratzen nau, eta azkenean lapurreta egin dizut. Badakizu marinelok bidaia luze eta aspergarriak egiten ditugula, eta behar izaten dugula denbora-pasaren bat. Niri irakurtzea zait atseginen, eta ikusi dudanez liburu zahar eta berri askotxo dituzula, bat hartu dizut: «Nire ohean aurkitu nuen lapurra».
KANTUA: GEZURTIENTZAT
Jose Maria Lopetegi. 1936-XII-12
Ordu biak laurden gutxietan
azaroaren zazpian
pinpi ta panpa kañonazuak
Irunen ta Ondarrabian,
zer ote ziran ainbeste soñu
altxatu giñan abiyan
obetoxiago entzuteko
obetoxiago entzuteko
itsas ertzera joan giñan.
Bi andrek leyotikan
parrez beriala
Madrid artu zalako
soñuak zirala.
Oik uste zuten zala
Madriden sartzia
kanpantorrera joanta
ezkillak jotzia.
Nik buruari dardar egin ta
au esan nuen aurrena:
gezurra zala soñu auekin
itxura egiten zutena.
Bizkai aldetik gure anaiak
mugitzen asi zirala
ayen aurkako jendia bildu
aien aurkako jendia bildu
ori zala bear zuena.
Nik esanda bezela
urrengo goizian
Irun ta Ondarrabitik
zenbat joan ziran,
oik uste zuten zala
Madriden sartzia
kanpantorrera joanta
ezkillak jotzia
Atabalakin tanborra juaz
gizon bat deika atera
irakurririk erriari deitzen
alkate jaunan papera.
Seietan musika soñuakin
guazen guztiok dantzara
Mondragoi ere guria da-ta
Mondragoi ere guria da-ta
gizona zer ari zera!
Orain erdi gordian
zokuan or daudez
erdiak erotuta
nora joanik ta
nora joanik ez.
Oik uste zuten zala
Madriden zartzia
kanpantorrera joanta
ezkillak jotzia.
Erri guztia engañatutzen
gezurren modu txarrian
orrelakorik ez da egiten
gizon zintzuen aurrian.
Zuek zauztela denen nagusi
Españiako lurrian
Ez daukazute ezkillak jorik
ez daukazute ezkillak jorik
Madriko kanpantorrian.
Arritzen naiz gauz ori
burura etortzia
eta oinbesteraño
gizona erotzia.
Oik uste zuten zala
Madriden sartzia
kanpantorrera joanta
ezkillak jotzia.
© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti