17. eszena
Metxa etxean sartzen da. Lurrean zerbait antzematen du. Makurtu eta gutun bat jasotzen du. Ireki.
BEÑAT (Off). Oso haserre nago zurekin. Hemendik aurrera ez zara nire aitontxipia izango. Ez pentsa, benetan haserre. Zuri barregarriak iruditzen zaizkizunak niri ez naute... ez didate graziarik egin behar derrigor. Ez zara oroitzen lehengo igandekoaz? Ba, meriendatzen ari ginela denok baserrian, izeba Iñaxi heldu zen dena aztoratua behia umea egiten hasia zela. Gogoratuko zara nire aitonak, nire benetako aitonak, esan ziola izeba Iñaxiri joateko Telleri Berrira ea morroia etxean zegoen eta ea etorriko zen laguntzera mesedez, berak nahikoa lan bazeukala bere ziatikarekin. Gauza bat behintzat esan behar dizut. Ni ez naiz oso ausarta, baina beldurtia ere ez naiz. Askotan sartzen naiz larrean sagarrak biltzera behiak eta zezena ere bertan daudela. Zuek uste duzuena baino gauza gehiago dakit. Ez dakidana da zuk zenbat aldiz ikusi dizkiozun behi bati haurraren... umearen hankak ipurdian. Nik uste dut Telleri Berriko morroia etorri ez balitz ez zenutela lan txukunik egingo. Txipi samarra naiz eta ez zait inporta, baina horregatik esango zuen hark «Hi, mutikoa, hoa hemendik!» Baina orduan nik sekula espero ez nukeen irtenaldia izan zuen nire aitontxipiak. Alde egiteko esan zidan berak ere, alde egiteko agindu zenidan igandean.
(BEÑAT eszenan azaltzen zaigu)
BEÑAT (On). Gogoratzen zara, ezta? Argi dago ni kaletarra naizela, eta ez dakidala baserriko gauza asko nola egiten diren. Zuk badakizu gazta egiten? Nik ere ez. Zuk badakizu ardiak soiltzen? Ez. Eta artilea iruten? Ez. Eta irundakoa astalkatzen? Beharbada inozotzat naukazu eta laguntza baino enbarazu gehiago egingo nuen behiari txekorra kentzerakoan. Ez nago horregatik haserretua. Benetan min eman zidana izan zen morroiaren hitzei zuk gaineratu zeniena. Ez zara oroitzen? Jartzeko ate aurrean, horixe esan zenidan, txekorra lasterka hasiko zela eta deskuido batean eskapo egin zezakeela. Eta barre egin zenuten biek, mozkor zakar horrek eta zuk. Ez zegoen beldurrik ez, txekorrak ihes egin zezan. Jaiotzen ere lanak izan zituen gaixoak! Zuek ahalegina egiten eta ezin diozuela umea kendu Erkori... Orduan nik egin nuen barre, zuen biraoak entzunda eta izerdiak ikusita... Gelako lagunei kontatu diedanean ere algara handiak egin ditugu... Labaindu eta gorotzetan plaust erori zinenean oso jite ederreko gelditu zinen... Azkenean, Erkok katea hautsi zuen, ateratzen zenuten buila eta deiadarrekin ikaratu egin zelako. Aitona Martini kasurik ez zenioten egin, lasai ibiltzeko, ez tira zakarrak egiteko...
BEÑAT (Off). ...Eta, jakin ezazu, aitona Martini ez ziola barrenak agintzen Telleri Berriko morroiaren eske inor bidaltzea. Ez dakizu? Ba jakinaren gainean egon behar zenuke: sekulako istiluak dauzkagu Telleri Berrikoekin, gurdibideko mugaz honantz sartzen dituztelako behiak geure soroetan. Geure idatzi dut, baina ez dakit zu asko arduratzen zaren... Behin baino gehiagotan komentatu izan dugu mahaian, zu zarela gure familian Telleri Berriko lapurrei diosala egiten dien bakarra...
BEÑAT (On). «Lasai Erko, lasai Erko!» esan zion aitonak behiari, eta behiak zuek baino kasu gehiago egin zion. Azkenean nola edo hala kendu zenioten Erkori umea tripa barrenetik Eta txekorra ikusitakoan lasaitu egin zineten berriz, eta nire ama izeba Iñaxirekin ukuiluan sartu zenean gatzarekin, zu bromatarako jarri zinen, beti bezala, eta halaxe esan zenuen niri beha: «Atea ireki, motell, itoko gaituk bestela!» Atea irekita itzuli nintzenean amak galde egin zidan ea zer egiten nuen nik ukuiluan. «Ezer ez, atea zaindu txekorrak ez alde egiteko!» esan nuen nik, eta barre egin zenuten denek. Gorroto zaituztet.
BEÑAT (Off). Haserre nago zurekin. Ez zara gehiago nire aitontxipia.
MUSIKA RAFAGA
© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti