15. eszena
MARTIN. Bai, egia esan seme-alabek ere komentatu izan didate... Ni konforme nago izena euskaraz jartzearekin, baina baserritarrok badakizue nola bizi garen, esnearen prezioak ere lur jo du eta...
ZINEGOTZIA. Lasai, nausi, lortu dugu izen-aldatzeak lekarzkeen gastu guztiak udalak ordaintzea, pintura barne.
NESKA. Dena dela, lehenik eta behin jakin nahi genuke basetxe honen izenburuaren jatorri edo iturburua...
MARTIN. Zuek artean jaio gabeak izango zineten noski... Gerra ondoreneko gauzak dira. Gerrak ez dakarkio gauza onik azpian geratzen denari. Orduan ez genuen hitzik ateratzerik, eta euskaraz arrantzarik ere ez. Halako batean, gure anaia gaztea, lehengo egunean zuekin egon zena, Larrinagako kartzelan zeukatela, hemen heldu duk guardia talde bat señorita batekin. Ezagutuko duzue, udaleko enplegatua da oraindik... Rosita du izena... Ekarri ditu bada gurera guardiak Rosita señorita horrek, eta gu geure artean ganbaran edo belar-zuloan miaka hasiko zirelakoan berriz tabako gehiago ote zegoen gordea. Baina ez. Zurea bezalakoxe karpeta zabalduz «Aquí es!» esan zien, eta atalburua erakutsi zien atzamarrarekin. Ez zuten asko ulertuko haiek, orduan «Etxezuri» jartzen baitzuen hor, baserriaren izena. Ba, astebete barru kentzen ez banuen, multa izango nuela. «Sabe usted escribir?» esan zidan, eta ezetz, periodikoetako letra handiak irakurtzen besterik ez nekiela. Paper mutur batean idatzi eta eman egin zidan esanez «Pues quite eso y ponga esto!». Hurrengo egunean kendu nuen. Baina hala ere multa jarri zidaten. Ganbaran egon behar du nonbait... geroztik gureari Casablanca esan ohi zaio.
ZINEGOTZIA. Aizu, nausi, ardura zaizu ganbarara igoko bagina, isuna bilatzera? Dokumentu garrantzitsua izan liteke, gure herriko historia ari gara aztertzen eta...
MUSIKA: TANGOA EDO ARABE ANTZEKOA
© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti