14. eszena

 

Maketa garatzen jarraitzen dute. Herri kaskoa denaren atzetik eta gora mapa baten antzekoa destolesten dute. Herri inguruak eta baserriaren artekoak azalduz. Baserria irudikatzeko monopolyko etxe baten itxurakoa kokatzen dute.

 

AGIRRETARRA.— Zazpi behi eta malkarrean landutako baratzea, etorkizun ederra bost senideko familiarako! Kalera hartu behar izan zuten: batek moilara, arrebek txapel fabrikara, Ameriketan hantxe Josemanuel, Brasilen, eta gure Nikola Donostiako Tranbiako tailerretan pintxe. Beti bezala, anaia zaharrena, Martin, gelditu zen baserrirako, moila utzita.

BESTE AGIRRETAR BAT.— Ez da baserri itsusia Casablanca hau, baina garai bateko maiorazkoa zahartu egin da eta seme-alabek ez diote segidarik eman nahi. Etorkizun latza Metxaren anaia zaharrarentzat, berrogei mila pezetara ailegatzen ez den erretretarekin. Hil artean bizi, zioen besteak. Eta bizi artean lan egin behar, dio baserritarrak.

HIRUGARREN AGIRRETARRA.— Noizean behin azaltzen da Nikola jaiotetxean. Anaiari bisita egiteaz gain, beti dago zeregintxoren bat. Gainera anaia beti izango da anaia, eta ezindua baldin badago anaiago. Traktorearen arrankea ez dabilela ongi, ukuiluak argi gutxi duela, arbia txikitzeko makina matxuratu egin dela... Gainera gaur bakarrik da Metxa Casablancan. Anaia Martin medikuan da eta Metxak ezusteko bisita izan du.

METXA.— Ugarte lehengusua genuen guk eta ez duzue izena aldatuko!

 

Gazte taldea muturik gelditu da maltzur behatzen dien agure egoskor horren aurrean. Neska batek polaroida ireki eta argazki bat egin dio baserriari. ZINEGOTZI bizardunak planotzarra behatzen du. Denak makurtu dira, eta Casablancako gazteena hurbildu egiten zaie, marren gainean harat-honat doan atzamarrari erreparatuz.

 

ZINEGOTZIA.— Hemendik Xagueneko bidea, hemendik Telleri Berrikoa... Hara, honek behar du hemen seinalatua dagoen baserria. Casablanca.

GAZTEA.— Aizu, nausi...

METXA.— Agirre'tar Nikola Metxa, «Lenago il» Batailoiko Komisaria, Kalamuaren defentsagatik kondekoratua.

ZINEGOTZIA.— Bai... bagenekien... Ez dakit ongi ulertu diguzun... gu HETAkoak gara... Herriko kale eta taberna izen guztiak euskaratzen ari gara... Eta, egia esan, zuena da gaztelaniazko izena duen baserri bakarra herrian. Barkatu baina... lotsagarria da.

METXA.— Ba zuek ETAkoak izango zarete, baina ni Metxa naiz. Ni Larrinagako kartzelan egona naiz gerra ondorenean dinamita pasatzen harrapatu nindutelako mugan, eta ez ninduten fusilatu munizioa ahitu zitzaielako, jendea akabatzearen akabatzez... Horretxek libratu ninduen!

ZINEGOTZIA.— Gaizki ulertu duzu... Gu ez gara ETAkoak, HETAkoak gara. Herria Euskalduntzeko Taldea...

METXA.— Eskertzen dizuet interesa... Egia esan gu hemen jaioak gara, baina gurasoak ez, Arbizukoak genituen, hangoa erre eta hau merke zegoela eta hona gurasoak. Ba orduantxe Afrikako Gerra, zuek ikasiko zenuten noski liburuetan. Moruen parajera eraman zuten behintzat amaren anaia bakarra, eta egundaino ez dugu haren aztarrenik izan. Casablanca izeneko herri batean hila ote zen. Eta izen hori jarri zioten... Bizi zela ere jakin genuen gero, hango beltz batekin ezkondua edo. Sagardo pixka bat?

GAZTEA.— Ez... Bueno, gastu handia ez bada...

METXA.— Ba, haren seme bat Resistence-n sartu zen, aliatuen ispia bezala nazien aurka, bigarren mundu iskanbila horretan.

METXA.— Gure lehengusu hori, Ugarte bera, Europatik Amerikarantz ihesi zihoazen judu eta ezkertiarrei bisatuak edo pasaporteak lortzeko arduraduna zen. Bazuen adiskide bat, tabernaria, Rick, noizean behin lagundu egiten ziona sasiko lanetan. Eskatu dizkio behin bi salbokonduktu ihesi datorren bikote batentzat, eta baita gure Ugartek eskuratu ere...Aiba beste trago bat!... Seguru dakiguna da frantsesek detenitu eta naziek erahil egin zutela gure lehengusu hori, Ugarte. Gero filma egin zuten eta dena diruagatik egin zuela ageri da. Baina badakizue filmetan gezurra izaten dela gehiena...

 

Izkin batean BEÑAT dago. Taldea harri ta zur utzita bilobarengana hurbildu da METXA.

 

METXA.— Halaxe esan nien. Hamaika ikasteko jaio ginen, zera. Zer uste zuten hauek? Nikanor Zabaletari harpa jotzen irakatsi nahi?

BEÑAT.— Eta Casablanca izena Afrikagatik da?

METXA.— Ugarte lehengusuagatik.

BEÑAT.— Ziur?

METXA.— Bai, ba... Zergatik esaten duzu?

BEÑAT.— Lehengo egunean aitonarekin nengoelako HETAkoak berriro etorri zirenean.

 

 

© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti

 

 

"Metxa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.com