13. eszena
Eszenarioaen ezker aldean, gela urdinean, METXA eta BEÑAT. Eskuin aldea, mahai gainean hauteskutxa ipintzen delarik, hautesleku bat itxuratzen da.
BEÑAT. Orduan hauteskundeek ez dute ezertarako balio, denak gezurretan ari badira...
METXA. Denak, denak... Katu oilotuari ez zaio jaramon egin behar... Katuak egunero zer egiten duen hartu behar da kontuan, Beñat...
BEÑAT. Bai, batez ere xagua baldin bazara!
Eskuin alderuntz doaz hautetxera.
BEÑAT. Hementxe zaude, C mahaia da zurea, lehen solairuan.
METXA. Oso ongi. Goazen, Beñat.
BEÑAT. Kanpoan itxoingo dizut. Ikastolako lagun bat ikusi dut hor, eta harekin geldituko naiz hizketan.
METXA. Ez, lagundu niri. Etorri. Sartu hor barrura, Beñat. Sartu eta zeuk aukeratu. Eta zorroa itxita ekarri niri!
BEÑAT gortina atzean desagertzen da.
METXA. Ez, ez da beharrezkoa gaurko hau isilik gordetzeko eskatzea Beñati... Badakit ez duela etxean kontatuko. Eta bere gurasoek ezer esaten baldin badidate badakit zer erantzun, betaurrekoak galdu ditudala eta ezin nuela bozka ongi aukeratu... Ez da gezur itsusia... Zer behatzen ote du txoripito horrek... Bazekiat bai, zeini ematen dioan hik bozka... Ez, ez dut zorroa sakelan sartuko, ongi agerian eraman behar dut, Beñatek ikusteko moduan... Ez dezala pentsa katramilaren bat egiten diodanik ...
Irteten da Beñat gortina ostetik. Zorroa luzatzen dio aitontxipiari. Metxak oso serio hartzen du, eta lerroan jarri Beñatek egindako aukera bozkan emateko.
BEÑAT. Gelakoek ez didate sinetsiko... Bozka eman dut hamabi urterekin... Gehienek ez dakite alderdiak bereizten, etxean entzuten dutena errepikatu besterik ez dute egiten... Sekretu bat izango da aitontxipiaren eta bion artean, ez diet gurasoei ezer esango... Iratiri bai, esango diot... Seguru oraindik atarian dagoela zain... Banoa lasterka... Komunera noala esango diot... Badakit ez duela zorroa irekiko nik zer aukeratu dudan jakiteko...
METXAk boza ematen du.
AGIRRETAR PRESTUA. Orain ere badarabil zer edo zer Metxa arraio honek. Hori da piura. Hauteskundeak ez dira ba igandero izaten. Zer erakutsi nahi ote digu egin duen horrekin... Ume batek guk adina dakiela politikan? Biloba izan behar du mukizu hori. Badute bai biek ere ijito antxa... Mahaiko Presidenteari esango diot. Politika ez da ume jokoa gero...
METXAk eta BEÑATek etxerako bidea hartzen dute.
BEÑAT. Aitontxipi... Gu zer gara?
METXA. Agirretarrak!
BEÑAT. Bai, baina... Idiak, oilarrak, edo katu oilotuak, asto usotuak... zer gara?
METXA. Ba nik uste... Bai, nire iritziko, inurriak gara gu.
BEÑAT. Inurriak?
METXA. Bai... Inurria beti lanean... Nahiz behiaren gorotzak edo ugazabaren botak etxea birrindu, hartu eta berriro lanean inurria. Etxea jasotzen. Lurpean. Azpilanean. Ulertzen?
BEÑAT. A!
METXA. Zer ba? Zergatik galdetu didazu hori?
BEÑAT. Ez, ez da ezer... Uste dut ongi eman dudala bozka...!
© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti