12. eszena
AGIRRETARRA. Egia esan, ez lukete Metxa erraz eramango tren xelebre horretan mendian gora, dena frantsesez mukuru betea, hango pardon, très joli, oh là là entzun beharrez, denak argazkiak tira ahala egiten. Behin oinez izan zen hegoaldetik, sasoi hobea orduan, Altzatetik gora, udako goiz euritsu batean, iloba ihes egin berria zelarik Iparlandara, agirretarren oihan eztira. Telefonoz hots egina zion ilobak berak, ea elkar ikusiko zuten Larruneko gailurrean.
Eskailera bat erabiliz Larrun irudikatzen da. Bi bandera txiki, espainiarra eta frantsesa, gainean, ezker eskuin jarrita. METXA alde espainiarretik igotzen da, eta ILOBA alde frantsesetik.
AGIRRETARRA. Ilobak ez zuen gurasoekin egon nahi, ez baitzuten ulertzen zertan sartu behar zuen politikan eta halako zirtzilkerietan, ingeniari ikasketak alde bat utzita. Ez ulertzeaz gain, gaitzetsi ere egina zioten portaera.
ILOBA. Uste dut, kartzelan egonda ere, gurasoak ez litzaizkidakela bisitan joango.
METXA. Gogorra baina hala duk. Ongi ezagutzen diat nire arreba...
ILOBA. (Isilune baten ondoren) Mesede bat eskatu nahi dizut.
METXA. Nahi duana!
ILOBA. Bueno, osaba, konpromiso bat izan liteke...
METXA. Hamaiketakoa egiteko hots egin didaala esaten badidak, ez nauk gehiago etorriko!
ILOBA. (Papertxo bat luzatuz) Aneri emaiozu. Ane, Patxi tabernariaren alaba.
METXA. Eskerrik asko konfiantzagatik. Gerratean enlaze ibili nintzeneko lan berdina eskatzen didazu... Eta eskertzen dizut ere papera ez irakurtzeko ez eskatua. (METXA arin eta pozik jaisten da eskaileratik eta AGIRRETARRAren parera iristean) Hau bezalako ofizialak izan bagenitu Legutioko ofensiba zoro hartan...
AGIRRETARRA. Orain Anerekin etortzen da urtean hiruzpalautan, iloba ikustera. Batean bizar, bestean mustatx, hurrengoan ilegorri... Erne ibili beharra dauka, paperak ere ez ditu oso legezkoak mutilak. Agureak ez dio galdetzen zertan dabilen, sasiko lanak isiltasuna eskatzen baitu.
METXA eta ANE ILOBArekin biltzen dira
ILOBA. Osaba, Ane ta biok Larrunera igoko gara.
METXA. Segi, segi lasai zuek. Izango duzue zertaz hitz egin eta.. Tabernan hartuko dut kafea. Telebistan pilota ematen dute gainera. Segi zuek.
Tabernan METXA bertako BATENgana hurbiltzen da. Telebistari begira jartzen dira biak.
METXA. Ongi ari dira, e?
BERTAKOA. Bai, azkaindarrok badugu pilotan funtsik! Ezagutzen duzu Panpi?
METXA. Ikusi izan dut telebistan...
BERTAKOA. Izigarrizko pilotaria. Betetzen ditu horrek Españako fronton guztiak!
METXA. Españakoak?
BERTAKOA. Bai gizona, Españako fronton guztiek nahi dute Panpi: Iruñeko Labritek, Eibarko Astelehenak, Tolosako Beotibarrek...
METXA. Ba ni Tolosakoa nauzu.
BERTAKOA. Tien, iragan astean izatu nuzu Panpi ikusten...
METXA. Eta han nola egiten duzu, frantsesez?
BERTAKOA. Frantsesez? Ez gizona, ez, han eskuaraz egiten dugu korredoreekin eta tabernariekin. Anitz adiskide ditut nik han.
METXA. Noski, denok enbor bereko adarrak garelako. Tolosan eta Azkainen, denok berdin eskualdunak. Han euskeraz, hemen eskuaraz, han leporaino betea, hemen mukuru betea, zuek amultsuki eta guk maitekiro, zu beha zaude eta ni begira nago... Bakotxak bere hizkera, eta guztiok agirretarrak. Denok haritz zahar bereko adarrak. Mugaren bi aldeetan Ezkur Herria!
BERTAKOA. Beharba arrazoina duzu... Zu bezalakoa niz...
METXA. Noski, haritz bereko adarra!
BERTAKOA. Ba... Uste dut ni ere españula nizala...!
METXA. Hik... Hik... Tira, tira, tira... Hoa Larruneko puntarat torero traje baten erosterat! (Ukabilak estutu eta jiratu egin da. Azkainadarrengandik urrundu eta kamareroari zuzentzen zaio.) Kafe bat!
KAMAREROA. Solo o cogtado?
KANTUA: LABAN DAUKAGUN OPILLE
Utarre, 1937-II
Estuntza txarrik ezautu bada
sekula Euskal Errian
oraintxe gagoz estu benetan
itsaso bien erdian,
kanpotik daukuz arerijuak
baita etxe barrenian
geuri burua austeko gertu
usterik gitxienian,
augatik gagoz sarri ixillik
itz eiñ biar geunkenian
Batzuentzako miñ andia da
gure gauzak ikustia
itxura danez gure gauzona
eurentzako da kaltia
noizik beiñ jaurti arrikada bat
ta eskuak gordetia
erakusten dau dabiliena
guzurre eta nastia,
usterik bako egunen baten
agertuko da gustia.
Soiñ asko dagoz lutoz jantziak,
begi askotan negarra,
baña ez aztu Larrazabalgo
aita Sabinen diadarra.
Seme leialok gertuak gagoz
zaintzeko gure Ama Zarra,
alperrik dagoz Alemania,
Portugal eta Italiarra,
geu il ezian ez da galduko
Euskalerriko indarra
Gora euskotar abertzaliak
gudari ta eusko langille
iñor ez dua geu ez bagara
gutzat gauzonaren bille.
Begiak argi, adiña garbi
mingaiña ixil-ixille,
garaian gagoz erakusteko
zein dan eiztari abille:
zutik guztiok iñork jan barik
laban daukagun opille.
© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti