10. eszena

 

AGIRRETARRA.— Metxak idazletzat zeukan bere burua, bere bizi luzeko pasadizoak kontatuz liburu bat idazten ahal zuela uste zuen Uztapide zaharrak bezain txukun jubilatuaren arratsalde luzeak etxean atseginez emateko, Aitonenean karta jokoan edo Patxiren tabernan porroiaren aurrean tertulia aspergarrian ibili behar gabetanik, baina orain ari da ikasten zer den benetako mintxuria, paper hutsak ematen duen bihotzmina. Egia da irakasleak denei esan diela zer edo zer, lan guztiak aztertu eta kritikatu dituela. Egia da, beste askori ez bezala, zorionak ere eman dizkiola euskara idatzian egin duen aurrerakadagatik. Egia da bere gelakideek ere pozik irakurri zutela eraman zuen idatzia. Egiak dira baina agureak ez daki zer duen.

 

Eszenarioaren ezkerraldean euskaltegibateko gela itxuratzen da. IRAKASLEA, METXA eta IKASLE batzuk daude.

 

MAIXUA.— Nola arraio suma zezakeen zakur batek kanpaipekoa zeu zinela... Asmatuak asmatu, ez ibili gezurra egiatzat saltzen... Hemerotekan jardun dut miatzen mende honetako lehen hogeita hamar urteak eta han ez da kanpai amiltzerik ageri Euskal Herri guztian...

METXA.— Asmatzea libre ez balego trenak baporez ibiliko lirateke oraindik..

MAIXUA.— Gauza gehiegi kontatu nahi izan ditut...

METXA.— Noski, lehendik ederki mututuak egon behar izan dugu!

MAIXUA.— Ez duzu adierazi nola irten zinen kanpaipetik..

METXA.— Ez al dut idatzi ba azazkalak hautsiak eta atzamarrak odoletan irten nintzela? Kanpaiaren ertzaren azpitik zulo bat eginez Morikok bezala, lehen gure plaza lur hutsa baitzen,

MAIXUA.— Hala ere, Nikola, ez da ongi ulertzen, mirariaren kontra jardun ondoren mirariz bezala irteten da protagonista itxituratik. Beste era bateko irteera pentsa zazu.

 

METXAk zigarroa piztu du eta eztulka hasi da.

 

MAIXUA.— Ez zenuke erre behar. Zigarro bakoitzeko astebete kentzen diozula biziari ez al zizun esan medikuak.

METXA.— (Zutituz eta alde eginez) Urterik gabe gelditua naiz orduan! (Publikoari) Egunkarietara jo dik egiaren bila... ez duk ergel makala!»

 

                KANTUA: GERRAKO GURE IBILERAK

                Pepe Bolunburu. 1937

 

                Oraintxe kontatuko dizuet

                gure gerrako historia,

                egin genduan bizimodu bat

                guztiz ikaragarria:

                denbora dana pasatu degu

                hegazkinen ihesian,

                purga beharrik ez degu izan

                gerra denbora guztian

 

                Guregatikan ez dute esango

                balientiak geranik,

                zaratatxo bat entzun orduko

                hasitzen ginan ihesik.

                Gure geran baino azkarragorik

                oraindik ez da ikusi

                Kiputxaneko Periko berriz

                danon artean nagusi

 

                Eibar aldetik irten genduan

                antzintziketan Deustura,

                Deustutik berriz estu ta larri

                joan ginan Cabezon-era,

                Cabezondikan Borines-era,

                Borinestikan Nava-ra

                Navatik berriz Candas-era ta

                sartu ginduzten barrura

 

                Izugarrizko bizimodua

                jarri digute oraintxe:

                ondo neurtuta daukagu ura

                ogirikan ez sobrante

                eskabetxeko sardina latak

                txorizo ta txokolate...

                Berrido ere kalabazia

                aziko jaku bastante.

 

 

© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti

 

 

"Metxa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.com